Zumarragako Bilduk Serranori erantzun dio, Beasain-Durango errepidearen lanen balizko gelditzearen harian
Zumarragako Bilduk, prentsa ohar bidez, Mikel Serrano alkateak Beasain-Durango errepideaz, Urretxu-Bergara zatiaren lanak gelditzeko aukerarekin lotuta egindako adierazpenei erantzun die. Bi dira Bildukoen oharraren ardatzak: “Gipuzkoako Foru Aldundiak bideetako azpiegituren inbertsio berriei aurre egiteko, gaur egun duen gaitasun ekonomikoa aztertzea erabaki du. Azterketa egin eta gero, inbertsioak egiteko aukera badago, Urretxu-Bergara autobideak lehentasuna izatea eskatzen dugu”, azpimarratu dute Bilduko kideek. Oharraren beste ardatza, ondokoa litzateke: “garai estuetan gaudela uste dugu, eta behar beharrezko premia sozialei erantzuteko ditugun baliabide ekonomiko urriak lehenetsi behar ditugu”.
Serranok, aurreko astean, prentsa ohar bidez adierazitakoaren gainean, Bildukoek diote, “alkateak egindako deskalifikazio publikoak erabat arbuiatzen ditugu. Gure ustez, jarraitu dute, itxuragabekeria ikaragarria da alkate batek aipatutako deskalifikazioak egitea Gipuzkoako Ahaldun Nagusiarekin eskatutako bilera egin aurretik. Bilduko gobernuari eraso egiteko prentsa marketina dirudi”.
Zumarragako Bildu ados dago Serranorekin, “EAJk Gipuzkoako inbertsioetan azkenak jarri gaituela dioenean”. Hala eta guztiz ere, Bildukoek ondokoa gehitu dute: “hori ez da bakarrik azkeneko legealdian gertatu, Beasain-Durango autobideko lanen atzerapenak etengabekoak izan dira azken 15 urteetan. Eta, hau, Gipuzkoako PSE-EEren laguntzarekin gertatu da luzaroan; izan ere, beste azpiegitura batzuk lehenetsi dituzte: Eibar-Gasteiz autopista eta Donostiako bigarren ingurabidea, kasu”.
Bide batez, Zumarragako alkateari, AHTk eskualdeari ekarriko dizkion onurak zehaztea eskatu diote, “gerta daitekeelako, milioi askoko inbertsio honen ondorioz, Eusko Jaurlaritzak hainbat lanpostu mantendu ezin izatea, hala nola, gure ospitaleko funtzionarioenak, eskola publikokoenak, edo administrazioko langileenak, besteak beste”.
Amaitzeko, Zumarragako Bilduk dio, “PSE-EEk hobe luke Gipuzkoako Foru Aldundia eredu bezala hartzea, gaur egungo egoera ekonomiko korapilatsuari modu egokian erantzuteko”.