Urretxuko Aikur erle museoak ate irekien egunak ospatuko ditu larunbatean eta igandean. Bertan eztia nola lortzen den erakutsiko diote jendeari. Sarrera doakoa izango da.
Udazkenarekin batera, iritsi da eztia ateratzeko garaia. Aikur erle museoak antolatu dituen jardunaldi hauetan prozesu osoa ikusi ahalko dute bisitariek, desoperkulaziotik hasi eta zentrifugazio bidezko erauzketaraino.
Artea zuhaitzetik egindako eztiarekin arituko dira lanean egun hauetan. Ezti berezia dela jakinarazi dute, duen kolore ilunagatik eta zaporeagatik. Eztia erauzi eta filtratu ondoren, bisitari guztiek dastatzeko aukera ere izango dute.
MILA KOLORE-MILA ZAPORE
Euskal Herriko eztiak “kolore askotakoak eta zaporez anitzak” dira, erle museoko kideen hitzetan. Hori erakusteko Goierri iguruan ekoizten diren hainbat eztirekin dastaketa bat prestatu dute, kolore eta zapore ezberdin horiek guztiek ezagutu ditzaten. Akazi eztia, erromero eztia, txilar eztia eta artearen eztia dira dastatzeko aukeratu dituztenak.
Jardunaldi hauetan, era berean, museoa bisitatzeko eta erleak ikusteko aukera ere izango dute bisitariek
Urriaren 15ean eta 16an egingo dituzte ate iekien egunak; zapatuan eta igandean. 11:00etatik 14:00etara egongo dira zabalik ateak. Lehen ezti ateraldia 11:00etan egingo dute eta bigarrena 12:30ean. Sarrera doakoa izango da.