Osasunean zahartzen ikas daiteke
Adinean aurrera egin ahala, osasunean atzera egiteko berezko joera du gizakiak. Azken urteetan ordea, bizi esperantzak gora egin du, eta gero eta gehiago dira osasun egoera onean erretiroa hartzen dutenak. Hainbat pauta jarraituz gero, posible da osasun onean zahartzea. Horretaz hitz egin zuten astelehenean Ordiziako adinekoen zentroan. Hil honetarako antolatu duten ekintzetako bat izan da. Osasunean zahartzeko, hiru alor nagusi hartu behar dira kontuan, Nazaret zentroko Jose Luis Martin hizlariaren arabera: ongizate fisikoa, mentala eta soziala. «Gure eguneroko beharrak beteta baditugu, osasunez ondo bagaude, bikotea eta lagunak baditugu, bizimodua erraza da. Baina horiek guztiak izan gabe ere, zoriontsu izaten saiatu behar dugu». Izan ere, arazoiei aurre egitea, norbere burua zaintzea eta bizitza umorez hartzea dira bizitzan ongizate hori lortzeko sekretu nagusiak. Ongizate fisikoari dagokionean, «oso garrantzitsua da medikuen aholkuak jarraitzea eta aldian aldiko osasun azterketak egitea». Horrez gain, agindutako botikak bakarrik hartu behar direla eta higienea ere ondo zaindu behar dela azaldu zuen Martinek. Loak ere garrantzia handia du, eta adinarekin, zailtasunak izaten dituzte askok. «Adinarekin lo egiteko gaitasuna galdu egiten da. Bizimoduak ere zerikusi handia du horretan. Bizi osoan goizeko seietan jeiki bagara, gorputza horretara ohitzen da». Horregatik, ohitura batzuk mantendu behar direla azaldu zuen. «Bestela badaude erremedioak; medikuarengana [...]
Adinean aurrera egin ahala, osasunean atzera egiteko berezko joera du gizakiak. Azken urteetan ordea, bizi esperantzak gora egin du, eta gero eta gehiago dira osasun egoera onean erretiroa hartzen dutenak. Hainbat pauta jarraituz gero, posible da osasun onean zahartzea. Horretaz hitz egin zuten astelehenean Ordiziako adinekoen zentroan. Hil honetarako antolatu duten ekintzetako bat izan da.
Osasunean zahartzeko, hiru alor nagusi hartu behar dira kontuan, Nazaret zentroko Jose Luis Martin hizlariaren arabera: ongizate fisikoa, mentala eta soziala. «Gure eguneroko beharrak beteta baditugu, osasunez ondo bagaude, bikotea eta lagunak baditugu, bizimodua erraza da. Baina horiek guztiak izan gabe ere, zoriontsu izaten saiatu behar dugu». Izan ere, arazoiei aurre egitea, norbere burua zaintzea eta bizitza umorez hartzea dira bizitzan ongizate hori lortzeko sekretu nagusiak.
Ongizate fisikoari dagokionean, «oso garrantzitsua da medikuen aholkuak jarraitzea eta aldian aldiko osasun azterketak egitea». Horrez gain, agindutako botikak bakarrik hartu behar direla eta higienea ere ondo zaindu behar dela azaldu zuen Martinek.
Loak ere garrantzia handia du, eta adinarekin, zailtasunak izaten dituzte askok. «Adinarekin lo egiteko gaitasuna galdu egiten da. Bizimoduak ere zerikusi handia du horretan. Bizi osoan goizeko seietan jeiki bagara, gorputza horretara ohitzen da». Horregatik, ohitura batzuk mantendu behar direla azaldu zuen. «Bestela badaude erremedioak; medikuarengana joan daiteke eta botika mota asko dago». Horrez gain, egunean 10-15 minutuko lo kuluxka egin behar dela dio; «hiru orduko siesta egiten badugu, normala da gero gauean lo hartu ezinda ibiltzea». Bainu batek, infusio batek edota goiz eta arin afaltzeak ere lagundu dezakete.
Osasun fisikoa mantentzeko, «gorputza mugitu» egin behar dela dio Martinek. «Hezurrek ere urteak betetzen dituzte, eta horiek ere zaindu egin behar dira». Gizenegi egoteak ere ez du askorik laguntzen; «gizentasunak gaixotasun asko sortaraz ditzake, eta lehendik ditugunak okertu egiten ditu». Hori guztia konpontzeko, ariketaren garrantzia azpimarratu zuen Martinek. «Gehien gustatzen zaiguna egin dezakegu, oinez ibili, mendira joan, igeri egin, dantza… egunean 40-45 minuturekin nahikoa da, gutxienez astean hiru egunetan».
Elikadurak ere badu zer esana. «Barazkiak nahi adina jan daitezke, mugarik gabe». Haragia eta arraina ere jan behar dira, baina ahal dela grasa gutxi dutenak eta garbi prestatuta. Frijitutako jakiak, grasak eta opilak ekidin behar dira. Egunean bost otordu egin behar dira, tartean hamaiketakoa eta merienda.
Osasun mentala eta soziala
Ongizate fisikoak adinako garrantzia du osasun mentala zaintzeak. Martinen ustez, «burua ere landu egin behar da», irakurriz, hitz eginez, denborapasen bitartez… «Bizitzan zehar izakera eta nortasuna osatzen joaten gara, eta oreka bilatu behar dugu pentsatzen dugunaren eta egiten dugunaren artean». Ingurukoen artean bapateko umore aldaketak, antsietatea edo jokabide arraroak antzemanez gero, medikuarengana joatea komeni da.
Gizarteak eta adinekoaren inguruneak ere zeresan handia du haren ongizatean. Familiako harremanak eta lagunen babesak segurtasuna ematen dute. Baita bikotea izateak ere, «urtetan konplizitate harreman bat lantzen delako». Sexua ere ez da ahaztu behar, «adinekoak izateak ez du esan nahi landareak garenik». Sexua «umorearekin, beldurrik eta lotsarik gabe eta lasai» egin daitekeela azaldu zuen.
Erretiroa hartzeko garaia, «momentu kritikoa» izaten dela esan zuen Martinek. «Batzuk zain egoten dira, baina besteei kosta egiten zaie asumitzea; ez dute egun osoan zer egin jakiten». Egoera horren aurrean, «eguna bete eta ohiturak aldatu behar dira». Boluntariotza izan daiteke horretarako aukera on bat. «Ahal duenak lagundu dezala, satisfazio handia izan daiteke eta». Izan ere, adineko pertsonek gehien behar duten gauzetako bat, zerbaitetarako balio dutela sentitzea da.