Ampo Ordiziak 10 eta 15 irabazi du Getxoren kontrako derbia
Partida berezia zuten gaur Ampo Ordiziako mutilek; Bizkaia aldera joan dira, Getxo Artearen kontrako derbia jokatzeko. Eta lau punturekin itzuli dira, 10 eta 15 irabazi eta gero. Partida alde jarri zaie ordiziarrei (0-7), Dany Krollen puntuei esker. Au...
Partida berezia zuten gaur Ampo Ordiziako mutilek; Bizkaia aldera joan dira, Getxo Artearen kontrako derbia jokatzeko. Eta lau punturekin itzuli dira, 10 eta 15 irabazi eta gero. Partida alde jarri zaie ordiziarrei (0-7), Dany Krollen puntuei esker. Aurreneko zatia bukatzerako, bizkaitarrek alde hori murriztea lortu dute (3-7). Bigarrenean ordea, Ampo Ordiziak jokoan erakutsitako nagusitasuna markagailura eramaten asmatu du (3-15). Dena eginda zegoela zirudienean ordea, etxekoen erreakzioa etorri da, eta zazpi puntu egin dituzte. Bukaeran, behar baino gehiago sufrituta, baina 10 eta 15 irabazi dute.
Partidaren amaieran gustora agertu da Axio Araña entrenatzailea. “Etxetik kanpo irabaztea asko kostatzen da, eta derbia izanda gainera, bagenekien Getxokoak %100ean egongo zirela, horregatik garrantzia handia du garaipenak”. Partidaren azken minutuetan ordea, “sufritu” egin dutela aitortu du. “Posesioa gurea izan da, behin eta berriz erasoan aritu gara, baina ez dugu bukatzen jakin. Dominio asko baina fruiturik ez, eta azkenean, behar baino gehiago sufritu dugu”. Hala ere, garaipenak eta lortutako puntuek, bide onean jarri dute taldea. “Hemendik aurrera erakutsi behar du taldeak non egon nahi duen, eta hori zelaian erakusten da, partidak irabazita”.