Barriola eta Retegi Bi ariko dira aurrez aurre Beasaingo kanporaketan
Aritz Lasak atzo galdu egin zuen Julen Retegiren kontra, eta honenbestez, urretxuarra lau t’erdiko txapelketatik kanpo gelditu da. Partida horretako irabazleak, Barriolaren kontra jokatu beharko du ostiralean, Beasainen egingo den pilota jaialdian; honenbestez, bi nafar, Retegi eta Barriola ariko dira aurrez aurre. Gaur, Abel Barriola Beasaingo Antzizar kiroldegian izan da, entrenatzen (irudian).
Aritz Lasak etxean, Ederreran jokatu zuen atzo, baina zaleen babesa ez zen nahikoa izan. Partida gogorra eta lehiatua izan zen, eta Lasa gogor saiatu bazen ere, ez zen Urrutikoetxearen kontrako kanporaketan bezain fin aritu. Nafarrak berriz, ondo asmatu zuen hasieratik, eta 12-4 aurrea hartu zuen. Lasak ez zuen etsi, eta atzera partidan sartzen asmatu zuen (16-12). Lasak gora egingo zuela zirudien momentuan ordea, Retegik ez zuen barkatu, eta urretxuarraren tanto bakoitzeko, beste bi egiten zituen nafarrak. Tarte handirik ez zion atera etxeko mutilari, eta 16-19 ere joan ziren, baina handik aurrera, Retegirena izan zen partida.
Beasainen, azken bi txapelketetan kanpoan utzi duen Abel Barriola izango du zain. Jaialdia ostiralean izango da, Antzizar kiroldegian.