Herriko preso eta iheslariak gogoratu dituzte Lazkaoko Elkartasun Egunean
Kalez kale euskal preso politikoak etxeratzeko aldarria zabaldu dute gaur Lazkaon, Elkartasun Egunean. Eguerdian hasita, giza-katea egin dute herrian barrena, puntu jakinetan geldituz eta ekitaldi laburrak eginez. Besteak beste, Belen Gonzalez, Xabier ...
Kalez kale euskal preso politikoak etxeratzeko aldarria zabaldu dute gaur Lazkaon, Elkartasun Egunean. Eguerdian hasita, giza-katea egin dute herrian barrena, puntu jakinetan geldituz eta ekitaldi laburrak eginez. Besteak beste, Belen Gonzalez, Xabier Arruti, Anitz Eskisabel eta Garikoitz Mujika izan dituzte gogoan, eta presoen eskubideak bete daitezela eskatu dute.
Aurreneko geldialdia Areria zinemaren parean egin dute, Belen Gonzalezen etxearen inguruan. Bertan, gaixorik dauden presoen inguruan hitz egin dute. Gonzalez bezala, gaixotasun larriren bat duten presoak aipatu dituzte, tartean, duela aste batzuk etxera etorri den Mila Ioldi ataundarra, edota egunotan etxera ekar dezaketen Ibon Iparragirre presoa; hirurek ere, etxean bete beharko dute gelditzen zaien zigorra, kontrol telematikoarekin.
Segidan, beste puntu batean, iheslariak eta errefuxiatuak izan dituzte gogoan, tartean, duela 31 urte herria utzi eta geroztik atzerrian bizi den Xabier Arruti lazkaotarra. Atzerrian bizi diren iheslariez gain ordea, Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan bizi direnak ere oroitu dituzte. Hitzaldiez gain, tarteka kantuan ere egin dute han bildutakoek. Azkenik, Anitz Eskisabel eta Garikoitz Mujika lazkaotarren kasuak ere hizpide izan dituzte.
Giza-katearen ondoren, plazako frontoian elkartu eta herri bazkari jendetsua egin dute, trikitilariek eta bertsolariek lagunduta.





