Igartubeiti baserri museoan 1.670 pertsona izan dira Sagardo Astearen barruan
Igartubeiti baserri museoan 1.670 pertsona izan dira Sagardo Astearen barruan, urriaren 3tik 14ra bitartean. Astean zehar 946 pertsona hurbildu ziren bertara, eta asteburuan eta Pilarika egunean, 714 pertsona. Astelehenetik ostiralera bitartean, ikastetxeetako ikasleen eta irakasleen, euskaltegietakoen eta jubilatuen bisita izan zuten museokoek. Asteburuan eta jai egunean berriz, familiena, lagun taldeena eta norbanakoena. Bestalde, larunbatean antolatutako sagar bilketa tailerrean hamar umek parte hartu zuten. Bisitarien adinari dagokionean, gehienak hamar urtetik hogei urte bitarteko gazteak izan ziren: 413, hain zuzen; 20 urtetik 50 urte bitarteko 301 lagun kontatu zituzten antolatzaileek, eta urte batetik hamar urte bitarteko, 324 pertsona. Bisitarien artean gipuzkoarrak izan ziren nagusi: 1.245, eta bizkaitarrak ondoren: 223. Arabatik berriz, 57 bisitari hurbildu ziren Ezkio-Itsasoko baserri museora. Igartubeitiko arduradunek balorazio oso ona egin dute. Kizkitza Ugarteburu museoko difusio arduradunaren hitzetan «aurten egun gehiago izan dira, eta beraz, astean zehar talde gehiagok etorri ahal izan dute». Dena den, baten batzuk gelditu dira joan ezinik. Pilarika egunaren ondorengo egunetan hainbat dei jaso zituzten asteburuan prentsaketarik egingo ote zuten galdetzeko, eta ezezkoa erantzun behar izan zieten, ostiralean bukatu baitzen Sagardo Astea. «Berandu jakingo zuten, edota ezingo ziren lehenago etorri. Ea datorren urtean animatzen diren». Bestalde, Donostiako San Telmo Museoan antolatutako sagar motei buruzko jardunaldian [...]
Igartubeiti baserri museoan 1.670 pertsona izan dira Sagardo Astearen barruan, urriaren 3tik 14ra bitartean. Astean zehar 946 pertsona hurbildu ziren bertara, eta asteburuan eta Pilarika egunean, 714 pertsona. Astelehenetik ostiralera bitartean, ikastetxeetako ikasleen eta irakasleen, euskaltegietakoen eta jubilatuen bisita izan zuten museokoek. Asteburuan eta jai egunean berriz, familiena, lagun taldeena eta norbanakoena. Bestalde, larunbatean antolatutako sagar bilketa tailerrean hamar umek parte hartu zuten.
Bisitarien adinari dagokionean, gehienak hamar urtetik hogei urte bitarteko gazteak izan ziren: 413, hain zuzen; 20 urtetik 50 urte bitarteko 301 lagun kontatu zituzten antolatzaileek, eta urte batetik hamar urte bitarteko, 324 pertsona.
Bisitarien artean gipuzkoarrak izan ziren nagusi: 1.245, eta bizkaitarrak ondoren: 223. Arabatik berriz, 57 bisitari hurbildu ziren Ezkio-Itsasoko baserri museora.
Igartubeitiko arduradunek balorazio oso ona egin dute. Kizkitza Ugarteburu museoko difusio arduradunaren hitzetan «aurten egun gehiago izan dira, eta beraz, astean zehar talde gehiagok etorri ahal izan dute». Dena den, baten batzuk gelditu dira joan ezinik. Pilarika egunaren ondorengo egunetan hainbat dei jaso zituzten asteburuan prentsaketarik egingo ote zuten galdetzeko, eta ezezkoa erantzun behar izan zieten, ostiralean bukatu baitzen Sagardo Astea. «Berandu jakingo zuten, edota ezingo ziren lehenago etorri. Ea datorren urtean animatzen diren». Bestalde, Donostiako San Telmo Museoan antolatutako sagar motei buruzko jardunaldian parte hartutako hainbat lagun ere gerturatu ziren asteburuan Igartubeitira. «Horrek asko poztu gintuen, helburua hori delako, Donostiatik jendea erakartzea».
Prentsaketa protagonista
Ugarteburuk jakitera eman duenez, orokorrean bisitariei gehien gustatu zaiena prentsaketa zuzenean ikustea izan da, kirikoketa barne. «Zuhaitz Akizuren azalpenekin eta bitxikeriekin ere gozatu dute bisitariek, bere jardunean ez baita falta izaten umorerik». Umeei baserri atarian jarritako untxiak ere asko gustatu zaizkiela esan du Ugarteburuk. «Askok prentsaketa ikustea baino nahiago zuten untxien ondoan egotea».
Urteroko moduan, Yartu kultur elkarteko kideen antzezpenek ere piztu zuten jendearen arreta. «Kortaberria familiako kideei galderak egiten zizkieten: ogia nola egiten zuten, zertarako erabiltzen zuten menta eta abar». Bestalde, Ugartebururen arabera, jendea harrituta geratzen zen sagardoa egiteko prozesuan, dolareak ateratzen zuen zaratarekin. «Donostiako baserritar batek arrazoia zuen, dolarea martxan jarritakoan baserriak negar egiten zuela esaterakoan».
Antolaketari dagokionean, Ugarteburuk esan du «primerakoa» izan dela, eta eskerrak eman dizkie Yartuko kideei, Ezkio-Itsasoko Udalari eta Jo ala Jo elkartekoei. «Asteazkenean denok Igartubeitiko ezkaratzean bazkaldu genuen, giro ezin hobean».
Bitxikeriei dagokionean, igandean bospasei gazte ingeles joan ziren taxian Donostiatik. Prentsaketa ikusi, argazkiak atera, pintxoak jan eta dendan sagardoa erosita itzuli ziren, Donostiara. Ugartebururen hitzetan «ikasleak ziruditen, agian Erasmus-ekoak». Asteazkenean berriz, hiruzpalau gazte alemanen bisita izan zuten. Denak neskak ziren, eta haiek ere taxian joan ziren Igartubeitira. «Lanpetuta geunden, eta inork ez zien galdetu nola jakin zuten Sagardo Astearen berri, zertara zetozen argi baitzeukaten. Agian, Donostiako Turismo Bulegoan jaso zuten informazioa. Egia esan, jakinminarekin gelditu gara».
Lehiaketak
Igandean bukatu zen sagarrekin edo sagardoarekin egindako errezeten lehiaketa. Guztira, hamabi errezeta jaso dituzte.
Argazki lehiaketan, berriz, hogei pertsonek eman dute izena, hamabi helduk eta zortzi gaztek. Azaroaren 11an bukatuko da argazkiak entregatzeko epea. Epaimahaia, azaroaren 14ko aste horretan bilduko da saridunak zeintzuk izan diren erabakitzeko. Azaroak 26an, larunbatean, sari banaketa eta erakusketaren inaugurazioa egingo dituzte.