Beira zuntzez egindako herritarrak
Beasaingo buruhandiak eta erraldoiak Pitxu, Koskolo eta Bagonero dira Beasaingo bizilagun berriak. Hezur-haragizkoa ez, beira zuntzezko egitura dute, eta tamainaz ere, proportzioan, hezur-haragizkoak baino handiagoak dira. Beldurra, zirrara, izerdi hotza, eta ezin-egona eragiten dute txikienen artean, baina behin bihotza ikusita, malkoak irribarre bihurtzen dira, eta beldurrak eragindako izerdi hotza, korrika ibilitako izerdi bustiagatik aldatzen da. Pitxu, Koskolo eta Bagonero Beasaingo buruhandi berriak dira, eta asteburu honetan herritarren artean haien burua aurkeztu dute txistularien laguntzarekin. Pedro Urretabizkaia udaltzaingoa izan zen buruhandi bihurtutako lehen herritarra. Bere lana dela eta, haurrekin egunero du harremana eskola atarietan, eta hezur-haragizkoa ezaguna egin den izen berdinarekin bedeinkatu dute buruhandia ere: Pitxu. Koskola txarangak 25 urte bete ditu aurten, eta omenaldi gisa, Koskolo buruhandia egin zuten Martin Irizar musikariaren irudiarekin. Hirugarren buruhandia Bagonero da, Imanol Galarretaren irudiarekin egindakoa, eta Beasain futbol taldea irudikatzen duena. Hiru buruhandi berriak aurkeztuta, aurrerantzean, urtero, buruhandi berri bat egitea da asmoa, eta horretarako, konpartsa bat sortu nahi dute Beasainen. Roberto Ruiz sukaldaria da ideiari bultz egiten dionetako bat: «Garai eta etapa ezberdinak egon dira buruhandien eta erraldoien artean. Garai batean Agustin Azkona eta Agustin Cacho arduratu ziren haietaz. Ondoren Herriak Elkarlanean erakundeko kideak, baina gaur egun ez dago inor». Konpartsa sortuta, buruhandiak [...]
Pitxu, Koskolo eta Bagonero dira Beasaingo bizilagun berriak. Hezur-haragizkoa ez, beira zuntzezko egitura dute, eta tamainaz ere, proportzioan, hezur-haragizkoak baino handiagoak dira. Beldurra, zirrara, izerdi hotza, eta ezin-egona eragiten dute txikienen artean, baina behin bihotza ikusita, malkoak irribarre bihurtzen dira, eta beldurrak eragindako izerdi hotza, korrika ibilitako izerdi bustiagatik aldatzen da. Pitxu, Koskolo eta Bagonero Beasaingo buruhandi berriak dira, eta asteburu honetan herritarren artean haien burua aurkeztu dute txistularien laguntzarekin.
Pedro Urretabizkaia udaltzaingoa izan zen buruhandi bihurtutako lehen herritarra. Bere lana dela eta, haurrekin egunero du harremana eskola atarietan, eta hezur-haragizkoa ezaguna egin den izen berdinarekin bedeinkatu dute buruhandia ere: Pitxu. Koskola txarangak 25 urte bete ditu aurten, eta omenaldi gisa, Koskolo buruhandia egin zuten Martin Irizar musikariaren irudiarekin. Hirugarren buruhandia Bagonero da, Imanol Galarretaren irudiarekin egindakoa, eta Beasain futbol taldea irudikatzen duena.
Hiru buruhandi berriak aurkeztuta, aurrerantzean, urtero, buruhandi berri bat egitea da asmoa, eta horretarako, konpartsa bat sortu nahi dute Beasainen. Roberto Ruiz sukaldaria da ideiari bultz egiten dionetako bat: «Garai eta etapa ezberdinak egon dira buruhandien eta erraldoien artean. Garai batean Agustin Azkona eta Agustin Cacho arduratu ziren haietaz. Ondoren Herriak Elkarlanean erakundeko kideak, baina gaur egun ez dago inor». Konpartsa sortuta, buruhandiak eta erraldoiak urte guztian zehar kalera ateratzeko ohitura bultzatu nahi dute.
Konpartsa horretan parte hartzeko, Udaleko Kultura Sailera joan behar da, eta bertan izena eman. Ruizen arabera, «politena litzateke herriko jende gaztea animatzea, eta horretarako deialdi ireki bat egitea». Denborarekin, «hemendik 10-15 urtera adibidez, pertsonai pila baten buruhandiak egotea da asmoa» eta, horretarako, beasaindar gazteak aukeratu dituzte orain arte «herritarrak karikaturizatzeko».
Beasaingo sentimenduekin
Hurrengo buruhandiak zein herritarren irudiarekin egin erabakitzeko «herritarren bizitza pribatua eta publikoa» uztartu behar dira, «beti ere Beasainekiko izango duten sentimendu kultural, artistiko, musikal edo kirol arlokoak azpimarratuz». Bagonero jarri du adibidetzat Ruizek: «Galarreta Beasain taldeko jokalaria izan da, gaur egun entrenatzaile lanetan aritzen da txikien taldean, eta bere ezaugarri berezia litzateke lanbidez arotza dela, hau da, lanbide publikoa duela, etxez-etxe, beasaindar askorengana iritsi dela bere lanbideari esker».
Konpartsari erabateko osotasuna oraindik ez badiote eman ere, hainbat oinarri finkatzen hasi direla aurreratu du Ruizek. Oinarri horietako bat da hurrengo buruhandia Urretabizkaiak, Irizarrek eta Galarretak aukeratu beharko luketela: «Adostasun batera iristeko modu bat da, eta bide batez parte hartzea bultzatzen ere hasiko ginateke».
Asko aurreratu gabe, hurrengo buruhandia emakume baten irudiarekin egitea aztetzen ari direla esan du Ruizek, eta Beasainen, perfila betetzen duen jende asko dagoela. Gainera, eta orain arte inolako arazorik egon ez bada ere, beti eskatu diete pertsonaiei haien irudiarekin buruhandia egiteko baimena.
Dohaintzan emandakoak
Pitxu, Koskolo eta Bagonero buruhandiak Beasaingo taberna eta elkarte ezberdinek emandako diruarekin egin dira, eta herriari dohaintzan eman zaizkiola jakinarazi du Ruizek. «Pitxu buruhandia Tolosako Fronton jatetxeak emandakoa da, Koskolo Plazapek eman zuen dohaintzan, eta Bagonero Beasain Kirol Elkarteak», esan du.
Hurrengo urteko buruhandia ordaintzeko herriko gainerako elkarteak animatu ditu Ruizek, «tabernak, dendak, elkarteak, merkatari eta tabernari taldeak, kirol taldeak… ». Izan ere, konpartsa sortu eta urtero buruhandi berri bat egiteko ideia eta asmoa udalarekin loturarik eduki gabe egin nahi dute: «Buruhandi horiek herrian presentzia izatea nahi badugu, honek guztiak alde publikoa izan behar du, baina elkarte horiek buruhandia urte guztian zaintzeko eta itxura egokian mantentzeko konpromisoa hartu beharko dute».
Konpartsaren bigarren helburua erraldoiak berritzea izango litzateke. Egun dauden pertsonaiak berreskuratu eta berriak egitea da asmoa, «baina horretarako diru asko beharko litzateke». Iritzi aldetik ere denak ez datoz bat gaiaren inguruan, konpartsa osatzeko asmotan dauden batzuen ustez erraldoi batzuk dagoeneko errotuta daudelako: «Basajaun eta Mari oinarrizko erraldoiak dira herrian, eta ez ditugu baztertu nahi. Baina dantzatzeko oso zailak eta astunak dira eta hori aldatu nahi dugu. Beste formatu bat bilatu beharko genuke, eta koreografia aldatuta, kalera irtendakoan dantza egin beharko luketela uste dugu».
«Arte lanak dira denak»
Pitxuren, Koskoloren eta Bagoneroren egilea Iñaki Moyua tolosarra da. Eskuz egiten ditu, eta Ruizen ustez «arte lanak dira denak». Eskultura bat egiten da lehenik eta, ondoren, eskultura horrekin, beira zuntzezko egitura egiten da. «Lana fintzen joan behar da gero, formak ondo lantzen, eta bukatzeko margotu egin behar da».
Prozesu guztia eskuz egiten du Moyuak eta, «horregatik, buruhandiek ikuspuntu artistiko eta kulturala ere izaten dute». Lan guztiaren emaitzari esker, «buruhandi bakoitza data zehatz batean jaioko da, eta bakoitzak garai horri dagozkion ezaugarriak izango ditu, eta emaitzak ere estilo eta ezaugarri horiek denak islatuko ditu».