Albisuk Ataunen jokatuko du gaur, lau t’erdiko finalera sailkatzea helburu hartuta
Finalaurreko hirugarren eta azkeneko jardunaldira iritsi, eta lau pilotariek dute aukera oraindik finalera sailkatzeko. Promozio Txapelketako (2. Maila) lau t’erdiko lehiaketarako asteburu erabakigarria izango da. Ataunen gaur eta Bilbon etzi dira partidak. Irekia dago oso, beraz, finalerako bi txartelen izendapena. Jon Ander Albisu ataundarrak baino aldekoago daukate balantza Mendizabal III.ak eta Lemunok; Antzuolakoak jokatutako bi partidak irabazi ditu, Lemunoren aurka 22-21, eta Ongairekin 22-11. Gaur, Ataungo Auzoeta kiroldegian, bertako semea du arerio. Albisuk lehen partidan Lemunoren parean emandako itxura zalantzatia Ongairekin konpondu zuen. Tanto diferentzia, ordea, negatiboan dauka. 22 eta 12 galdu zuen kolonbiarrarekin, 22 eta 19 irabazi zion Ongairi. Jaialdi erakargarria Ataunen Ataundar pilotaria aurrez aurre jokatzen ikusteari lehiaketaren pizgarria gehituko zaio gaur Ataungo pilota jaialdian. 18:00etan hasiko da, Auzoetan. Sarrera 10 euroan jarri dute. Asegarcek —Albisuren enpresak— binakako partida batekin osatuko du ikuskizuna. Lehenbizi Rica IV.a-Otxandorenak eta Tainta-Mendizabal II.ak jokatuko dute. Jarraian da lehiaketakoa, buruz buru, eta kaiolaren barruan: Albisu-Mendizabal III.a. Pilotak herenegun eguerdian aukeratu zituzten ataundarrak eta antzuolarrak. Albisuk bizien alde egin zuen aukera, atzelaria eta beso-kolpe gogorrekoa izaki, jokoa ahalik gehien luzatzeko. Bere bi pilotak 105,1 eta 104,7 gramo dira pisuan. Mendizabal pilota motelagoekin aterako da, «azpitik gehiago ibiltzeko». 105,8 eta 105,1 gramo dira. Albisuk, irabazi [...]
Finalaurreko hirugarren eta azkeneko jardunaldira iritsi, eta lau pilotariek dute aukera oraindik finalera sailkatzeko. Promozio Txapelketako (2. Maila) lau t’erdiko lehiaketarako asteburu erabakigarria izango da. Ataunen gaur eta Bilbon etzi dira partidak.
Irekia dago oso, beraz, finalerako bi txartelen izendapena. Jon Ander Albisu ataundarrak baino aldekoago daukate balantza Mendizabal III.ak eta Lemunok; Antzuolakoak jokatutako bi partidak irabazi ditu, Lemunoren aurka 22-21, eta Ongairekin 22-11. Gaur, Ataungo Auzoeta kiroldegian, bertako semea du arerio.
Albisuk lehen partidan Lemunoren parean emandako itxura zalantzatia Ongairekin konpondu zuen. Tanto diferentzia, ordea, negatiboan dauka. 22 eta 12 galdu zuen kolonbiarrarekin, 22 eta 19 irabazi zion Ongairi.
Jaialdi erakargarria Ataunen
Ataundar pilotaria aurrez aurre jokatzen ikusteari lehiaketaren pizgarria gehituko zaio gaur Ataungo pilota jaialdian. 18:00etan hasiko da, Auzoetan. Sarrera 10 euroan jarri dute.
Asegarcek —Albisuren enpresak— binakako partida batekin osatuko du ikuskizuna. Lehenbizi Rica IV.a-Otxandorenak eta Tainta-Mendizabal II.ak jokatuko dute. Jarraian da lehiaketakoa, buruz buru, eta kaiolaren barruan: Albisu-Mendizabal III.a.
Pilotak herenegun eguerdian aukeratu zituzten ataundarrak eta antzuolarrak. Albisuk bizien alde egin zuen aukera, atzelaria eta beso-kolpe gogorrekoa izaki, jokoa ahalik gehien luzatzeko. Bere bi pilotak 105,1 eta 104,7 gramo dira pisuan.
Mendizabal pilota motelagoekin aterako da, «azpitik gehiago ibiltzeko». 105,8 eta 105,1 gramo dira. Albisuk, irabazi beharraz gain, Mendizabalek 17 tanto egin ez ditzan eta igandean Lemunok zer egiten duen ikusi beharko du.