Ataunen, Araman eta Gaintzan San Martin jaiak ospatuko dituzte asteburuan
Astebukaera bete-betea izango da Goierriko hainbat herritan etzitik igandera artekoa, San Martin jaien inguruan egitarauak hiru egunetara bildu baitituzte. Arama eta Ataungo San Martin urteko festa nagusiak ospatzeko prest dira. Gaintzan, zaindariaren festaburua Sanmigeletan egiten badute ere, azaroko data seinalatua ere gogoko dute, San Martin baseliza jatorrizkoaren garaitik datorrena. Araman gaur bertan berotuko dute giroa. Gaztaina jana egingo dute, trikitilariek alaituta, ilunabarrean. Aurreko ostiralean dastatu zituzten, lagunartean, udazkeneko fruituak lehendabiziko aldiz. Danbolinean erre, eta aramarren artean banatuko dituzte gaur ere. Bihar, zaindariaren eguna, mezarekin abiatuko da jai-egitaraua. Arratsalde partean berrekingo diote, igande iluntzera arte etenik gabe jarraitzeko. Karta lehiaketak, kirol probak —tartean Arama-Itsasondo futbol derbia, iraileko neurketaren itzulikoa—, eta, nola ez, jan-edanari lotutako ekitaldiak antolatu ditu Aramako Udalak. Pilotari dagokionez, palako herri mailako finalak igande eguerdian jokatuko dituzte, eta arratsaldean esku pilotakoak. Irribarria herrikidea, Erostarbe lagun duela, ariko da bikote batean, Altuna-Tolosari aurre egiteko. Mozorro festa ere izango da, larunbat gauean, gazte afariaren ondoren. Toki-Alai tabernakoek antolatu dute mozorrotuen jaia. Ataun San Martinen hiru egun Ataungo hiru auzo nagusietan azkena San Martin izango da, egutegiari begira, festak ospatzen. Zaindariaren eguna, bihar, kuadrillena izendatu dute. Larunbatean haurren eguna da, eta horrez gain mozorrotuena ere bai. Zapatutik iganderako goizaldean banatuko dituzte sariak; [...]
Astebukaera bete-betea izango da Goierriko hainbat herritan etzitik igandera artekoa, San Martin jaien inguruan egitarauak hiru egunetara bildu baitituzte. Arama eta Ataungo San Martin urteko festa nagusiak ospatzeko prest dira. Gaintzan, zaindariaren festaburua Sanmigeletan egiten badute ere, azaroko data seinalatua ere gogoko dute, San Martin baseliza jatorrizkoaren garaitik datorrena.
Araman gaur bertan berotuko dute giroa. Gaztaina jana egingo dute, trikitilariek alaituta, ilunabarrean. Aurreko ostiralean dastatu zituzten, lagunartean, udazkeneko fruituak lehendabiziko aldiz. Danbolinean erre, eta aramarren artean banatuko dituzte gaur ere.
Bihar, zaindariaren eguna, mezarekin abiatuko da jai-egitaraua. Arratsalde partean berrekingo diote, igande iluntzera arte etenik gabe jarraitzeko.
Karta lehiaketak, kirol probak —tartean Arama-Itsasondo futbol derbia, iraileko neurketaren itzulikoa—, eta, nola ez, jan-edanari lotutako ekitaldiak antolatu ditu Aramako Udalak. Pilotari dagokionez, palako herri mailako finalak igande eguerdian jokatuko dituzte, eta arratsaldean esku pilotakoak. Irribarria herrikidea, Erostarbe lagun duela, ariko da bikote batean, Altuna-Tolosari aurre egiteko.
Mozorro festa ere izango da, larunbat gauean, gazte afariaren ondoren. Toki-Alai tabernakoek antolatu dute mozorrotuen jaia.
Ataun San Martinen hiru egun
Ataungo hiru auzo nagusietan azkena San Martin izango da, egutegiari begira, festak ospatzen. Zaindariaren eguna, bihar, kuadrillena izendatu dute. Larunbatean haurren eguna da, eta horrez gain mozorrotuena ere bai. Zapatutik iganderako goizaldean banatuko dituzte sariak; haurrek eguerdian dute aurpegiak margotzeko aukera, plazan, baita zurezko gailuekin jolasean aritzeko, marrazkiak egiteko edota Ataungo mapa osatzeko ere.
Biharko eta etziko gauetan musika erromeriak izango dira, Laket eta Trikihots taldeekin, hurrenez hurren. Rock kontzerturako, bihar, Indarra taldea ekarriko dute. San Martingo plaza izango da festen bilgunea. Ekitaldi gehienak —egitarauan besterik zehazten ez den guztiak— enparantza nagusian burutuko dituzte. Karpa kokatuko dute, herri otorduak eta bestelako jarduerak aterpean egin daitezen.
Gaintzan herri afaria, etzi
San Martin egunerako meza eta hamaiketakoa antolatu dituzte, Gaintzan. Eizmendiko gainean dagoen baselizan izango da meza, bihar 11:00etan. Emeterio Sorazu Gaintzan apaiz izanak Gaintza. Kondaira, ohiturak, erligiotasuna liburuan dioenez, oraindik San Migel parrokiarik ez zen garaian eliza-atea zen San Martin. XIV. mendean du jatorria.
Larunbatean, bestetik, gaztainaren bueltan elkartuko dira gaintzarrak ere. Afari-merienda eta kantaldia egingo dituzte.
EGITARAUAK
Ataun San Martin
BIHAR
- 11:30. Txupinazoa, plazan.
- 12:00. Meza. Ondoren, txorizo pintxoak, trikitia, bertsolariak. Gero, salda Atseden Tokin.
- 14:30. Jubilatuen bazkaria.
- 14:30. Kuadrillen bazkaria.
- 17:30. Karaokea.
- 18:00. Profesionalen pilota partidak, Auzoeta kiroldegian.
- 19:00. Erromeria, Laketekin.
- 23:00. Kontzertua: Indarra. Gero, Laket eta Bull DJa.
LARUNBATA
- 11:00. Buruhandiekin kalejira.
- 11:30. Haur jolasak, eskulanak.
- 12:00. Toka, Aizkoaten.
- 13:00. Moto txiki lasteketa, haurrentzat.
- 14:00. Haurren eta gurasoen bazkaria. Gero, jolasak.
- 16:00. Musa, Aizkoaten.
- 17:30. Haurren batukada.
- 19:30. Sagardo dastaketa.
- 21:00. Oilasko jana.
- 00:00. Erromeria: Trikihots.
- 03:00. Mozorro sari banatzea.
IGANDEA
- 11:00-14:00. Puzgarriak.
- 12:00. Meza.
- 12:45. Artzain txakur lehiaketa, Bikoitz ondoko zelaian.
- 17:30. Bertso saioa.
- 18:30. Otsoak, dantza saioa.
- Ondoren. Talo eta mondeju dastaketa.
ARAMA
GAUR
- 20:30. Gaztaina jana. Izer eta Narbaiza trikitilariak.
BIHAR
- 12:00. Hamaiketako, Arrikutz elkartean. Gero, toka.
- 16:30. Mus eta seiko urre txapelketak, Toki-Alain.
- 19:00. Arama-Itsasondo futbol partida.
- 21:00. Gazte afaria.
- Gauean. Tximeleta taldea, eta mozorro festa.
LARUNBATA
- 11:30. Gorritiren abereak.
- 14:00. Haurren bazkaria.
- 15:00. Puzgarriak.
- 16:30. 3×3 saskibaloi partidak.
- 20:30. Herri afaria, elkartean. Ondoren, Sebastian Lizaso eta Julio Soto bertsolariak; Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak.
IGANDEA
- 12:00. Palako finala.
- 17:30. Pilota partida: Altuna-Tolosa / Irribarria-Erostarbe.
- Ondoren. Herri kirolak. Josu eta Aiora trikitilariak.
GAINTZA
BIHAR
- 11:00. Meza, baselizan. Gero, hamaiketakoa Kale-Txikin.
LARUNBATA
- 17:30. Madiber magoa.
- 21:00. Afari-merienda, gaztainak, kantua. Matxain eta Urdangarin trikitilariak. On-bide elkartean.













