Udalari «irizpide eta helburu falta» egotzi dio Lazkaoko EAJk zergen igoeran
Lazkaoko EAJk «irizpide eta helburu falta» leporatu dio udal gobernuko taldeari, Bilduk osatua, tasa eta zerga kopuruen datorren urteko egokitzapenagatik. Urriaren azkeneko udalbatzarrean onartu zuten ordenantza fiskalaren arabera, 2012ko udal tasa e...
Lazkaoko EAJk «irizpide eta helburu falta» leporatu dio udal gobernuko taldeari, Bilduk osatua, tasa eta zerga kopuruen datorren urteko egokitzapenagatik. Urriaren azkeneko udalbatzarrean onartu zuten ordenantza fiskalaren arabera, 2012ko udal tasa eta zergak, orokorrean, %2,8 igoko dira. Uraren eta zaborraren gaineko zergak ez dira haziko.
EAJren arabera, Ogasun Batzordean aldaketen zergatia eta helburuak «behin eta berriz» galdetu ditu, «eta ez dugu erantzunik izan. «Gainera, agintealdi bakoitzaren hasieran alderdiak elkartu izan gara fiskalitate irizpideak ezarri, programak kontrastatu eta eta zertan gauden ados eta zertan ez zehazteko. Bilduri eskatu genion bilera bat antolatzeko, eta zain gaude oraindik», dio urriko oharrak.
Erabakiak hartzen hasi aurretik trukea beharrezkoa dela iritzi du, «udal kudeaketa errazteko».
Bi hilabete eta bost bilera
Lazkaoko Udalaren Ogasun eta Finantza batzordeburu Kepa Goenagak (Bildu) irakurketarekin ez du bat egin. «Bi hilabete generaman fiskalitatea lantzen, bost bilera egin ditugu alderdi guztiekin. Lehen unetik aurrez joan gara, eta batzorde guztietan eskatutako guztia eman dugu. Tasak igo ala ez igo, diferentziak azaldu ditugu», azaldu du Goenagak.
Beste alderdiek proposamenak egin ditzaketela gehitu du; «EAJrekin ez dugu jaso batere».