Joxe Mujika legorretarrak irabazi du Tolosako Babarrunaren lehiaketa
Joxe Mujika Garmendia legorretarrak laugarren urtez irabazi du –hirugarren urtez segidan– Tolosako Babarrunaren Ekoizleen XXIV. Lehiaketa. Gaur eguerdian Tolosan jokatu den lehiaketaren ondoren, babarrun irabazlearen lakariaren (3 kilo) enkantean atera dituzte, eta Tolosako Lurlan Bistrot denda berriak eraman ditu etxera, 700 euro ordainduta. Diru hori Malin (Afrika) lan egiten duen gobernuz kanpoko erakunde bati emango diote. Sei blogari gastronomikok osatu dute aurtengo epaimahaia.
“Babarrunak maitasunarekin eta mimoarekin zaintzea” da, Mujikaren ustez, horren babarrun onak ateratzeko sekretu bakarra. Hala ere, irabazleak adierazi du haren lur sailak nekazaritzarako “ezaugarri bereziak” dituela, eta horrek eragina izango duela lortutako lau garaipenetan. 1999an irabazi zuen aurreneko aldiz, eta gainontzeko hirurak segidan irabazi ditu. Aurten bildu dituen 300 kiloak salduak ditu dagoeneko. Bigarren postua Anoetako Juan Felix Zarautzek eskuratu du, eta hirugarrena, Albizturko Juan Ugartemendiak.
Sei blogari epaile
Inoiz baino hedapen gehiago izan du aurten Tolosako Udalak Babarruna elkartearen, Gure-Kaiola elkartearen eta Babarrunaren Kofradiaren laguntzarekin antolatu duen lehiaketak. Izan ere, sei blogari ezagunek egin dituzte aurten epaile lanak. Hauexek dira: Astrid Gabilondo, Txaber Allue, Cristina Martinez, Andoni Munduate, Rafa Prades eta Iñigo Galatas. Ehunka lagun elkartu dira gaur Tolosako Triangelu plazara ekoizleek salmentarako jarri dituzten postuak bisitatzera.
Hogei ekoizlek parte hartu dute aurtengo lehiaketan, eta horien guztien babarrunak Fronton, Astelehena eta Iriarte jatetxeetako sukaldariek prestatu dituzte. Zaporea, salda eta azalaren leuntasuna baloratu dituzte, batik bat.















