Kontzertuen ondoren, Eleganteen Eguna
Ormaiztegiko San Andres jaien lehen asteburuaren barruan, Eleganteen Eguna ospatzen ari dira gaur. Eguerdian kosta zaie eleganteei herriko kaleak girotzea, 13:00ak aldera arte ez baitzen sumatzen jende gehiegirik kaleetan. Bart gaueko parrandaren ondorio izango zen seguru asko, Nekez, EH Sukarra eta Fiachras taldeen kontzertua izan baitzen atzo txosnetan. Gaur eguerdiko poteoaren ondoren, Zubipe kiroldegian bazkaldu 140 ormaiztegiar elegantek. Antolatzaileen esanetan, iazko baino jende gehiagoa elkartu da, eta erosoa izan da aurtengo bazkaria, aurreko urteetan karpan egin baitute, eta leku eskas samarra gelditzen zelako. Bazkalondorenean, joko eleganteak egitekoak ziren. Gauean dantzaldia izango da Zesuma taldearekin, 23:00etatik aurrera.
Jubilatuak jokoan, haurrak jolasean
Ostegunean punttu txapelketa egin zuten Jubilatuen elkartean, eta atzo, toka, bote eta igel txapelketa. Lehiaketa horiei segida emateko, mus txapelketa izan dute gaur. Bost bikotek soilik ematen dute izena, eta 17:00ak aldera oraindik irabazleak erabakitzeko zeuden.
Zumalakarregi Museoak antolatuta, berriz, Haurren eskubideen alde jolasean! jolasak egiten ari dira, Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko helburuarekin. Sei eta hamabi urte bitarteko 30 bat haur elkartu dira, eta bi taldetan banatuta, kalean aritu dira jolasean. Jolas horien barruan, bost eskubideri egingo diete aipamen berezia: etxebizitza izateko eskubidea, elikadura egokia jasotzekoa, eskolara joatekoa, medikura joatekoa eta familia izateko eskubidea.
Bihar artisauen azoka
Datorren asteburuko festa egun nagusien zain, bihar ere izango da ekitaldirik Ormaiztegin. 11:00etatik aurrera artisau erakusketa izango da plazan, eta 13:30ean, Aintziñe gozotegiak eta Elosegi ardotegiak eskainitako jaki eta edariak dastatuko dituzte. 18:00etan, berriz, Kiki eta Kolo pailazoen emanaldia izango da, eta 19:00etan, Gabiriako Goruntz taldearen dantza saioa.














