
Datorren asteartean, hilak 22, Santa Zezilia eguna da, musikarien zaindaria. Horren harira, herrietako musika eskoletako kideak eta musika bandak kalera ateratzen ari dira egunotan, haien zaindariari gorazarre egin eta kaleak musika doinuz alaitzeko. Gaur Urretxuren eta Zumarragaren txanda izan da, bi herrietako musika bandak kalez kale ibili baitira giroa jartzen.
Kalera ateratzen lehenak Urretxuko Iparragirre-Balerdi musika bandako kideak izan dira. Lizeoko lokaletik abiatu dira 11:00etan, eta Labeaga kalean gora eta behera ibili dira. Zumarragako musika bandakoek, berriz, 12:00etan zuten hitzordua Euskadi plazan. Azoka eguna izanik, plaza inguruan jende asko zebilen, eta bildutakoentzat lehen pieza jo eta gero, kalejiran abiatu dira Zumarragako kaleetan barrena.
Arratsaldean elkarrekin

Goizean banda bakoitza bere aldetik ibili bada ere, arratsaldean, 18:30ak aldera, elkarrekin egingo dute kalejira Urretxu eta Zumarragako musika bandak, eta 19:30ean, Areizaga-Kalebarren plazan musika talde guztiek emanaldia egingo dute. Legazpin, berriz, 20:00etan egingo dute gaur Santa Zezilia egunari begirako kontzertua.