Euskara bultzatzeko hitzarmena sinatuko dute Idiazabalgo Udalak eta hamabi kirol taldek, larunbatean
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, larunbatean Idiazabalgo Udalak hizkuntza hitzarmena sinatuko du herriko hamabi kirol talderekin. Dani Oiarbide Kultura eta Euskara zinegotziak eta Xabi Bosch Idiazabalgo Udaleko euskara teknikariak jakitera eman dutenez, “euskararen erabilera eta normalizazioaren bidean urrats bat gehiago izango da”. Hitzarmena sinatzeaz gain, larunbatari festa kutsua ere eman nahi izan diote, eta besteak beste, kantu bazkaria egingo dute. Idiazabalgo Udaleko Kultura eta Euskara Batzordeak herriko kirol tadeen hizkuntz ohitura zein den aztertzea pentsatu zuen uda partean. Hau da, harremanetarako eta barne funtzionamendurako zein hizkuntza erabiltzen duten aztertzea, hain zuzen. Horretarako euskara teknikariaren laguntzarekin galdetegi batzuk prestatu zituzten. Hamabi kirol talde Udako oporretatik bueltan, bilera bat egin zuten herriko hamabi kirol talderekin eta bertan banatu zizkieten inkestak. Boschek aipatu duenez, taldeak egiteko garaian kirola hartu zuten kontutan, batzuk ez baitira ofizialki kirol taldeak. Hauek dira kirol horiek: herri krosa, herri kirolak, boloak, xakea, mendia, futbola, areto futbola, mendi lasterketak, txirrindulari taldea, Otsoa elkartea (uso tiroa, plater tiroa eta ehiza txapelketak), Atxurbide Pilotazale Elkartea (esku pilota eta pala) eta eskola kirola. Urria eta azaroa bitartean jaso dituzte inkesta guztiak. Inkestak aztertu ondoren, atera duten lehendabiziko ondorioa da taldeetan gehienbat euskaraz hitz egiten dela, eta talde askotan, gainera, ez dutela planteatu [...]
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, larunbatean Idiazabalgo Udalak hizkuntza hitzarmena sinatuko du herriko hamabi kirol talderekin. Dani Oiarbide Kultura eta Euskara zinegotziak eta Xabi Bosch Idiazabalgo Udaleko euskara teknikariak jakitera eman dutenez, “euskararen erabilera eta normalizazioaren bidean urrats bat gehiago izango da”. Hitzarmena sinatzeaz gain, larunbatari festa kutsua ere eman nahi izan diote, eta besteak beste, kantu bazkaria egingo dute.
Idiazabalgo Udaleko Kultura eta Euskara Batzordeak herriko kirol tadeen hizkuntz ohitura zein den aztertzea pentsatu zuen uda partean. Hau da, harremanetarako eta barne funtzionamendurako zein hizkuntza erabiltzen duten aztertzea, hain zuzen. Horretarako euskara teknikariaren laguntzarekin galdetegi batzuk prestatu zituzten.
Hamabi kirol talde
Udako oporretatik bueltan, bilera bat egin zuten herriko hamabi kirol talderekin eta bertan banatu zizkieten inkestak. Boschek aipatu duenez, taldeak egiteko garaian kirola hartu zuten kontutan, batzuk ez baitira ofizialki kirol taldeak. Hauek dira kirol horiek: herri krosa, herri kirolak, boloak, xakea, mendia, futbola, areto futbola, mendi lasterketak, txirrindulari taldea, Otsoa elkartea (uso tiroa, plater tiroa eta ehiza txapelketak), Atxurbide Pilotazale Elkartea (esku pilota eta pala) eta eskola kirola.
Urria eta azaroa bitartean jaso dituzte inkesta guztiak. Inkestak aztertu ondoren, atera duten lehendabiziko ondorioa da taldeetan gehienbat euskaraz hitz egiten dela, eta talde askotan, gainera, ez dutela planteatu ere egiten. Alegia, modu naturalean funtzionatzen dutela euskaraz. Bestalde, Boschek azaldu duenez, behar batzuk ere atzeman dituzte. Beharrak hiru mailakoak dira, gehienbat. Talde batzuek aipatu dute interesgarria izan daitekeela hizkuntz irizpide batzuk planteatzea, talde horietan euskararen erabilera arautzeko. Sentsibilizazioaren beharraz ere hitz egin dute hainbat taldek. “Taldeetako kide gehienak (batzuetan denak) euskaldunak dira, baina badago gaztelaniarako joera, eta euskaldunok euskara gehiago erabiltzeko sentsibilizazio lan hori egiteko beharra ikusi dute”. Zenbait taldek itzulpen zerbitzuaren beharra ere nabaritzen dute, Boschen hitzetan “batez ere dokumentu luzeetan”. Udalak egun eskaintzen die itzulpen zerbitzua dendei, tabernei eta enpresei. “Printzipioz kanpora begirako, hau da, bezeroei begirako dokumentuak itzultzen dira eta muga bat dugu jarrita. Muga horretatik ateraz gero, zati bat enpresak, dendak edo tabernak ordaindu behar du”, gehitu du Boschek.
Beteko dituzten irizpideak
Oiarbidek jakitera eman duenez, behin emaitzak aztertuta eta diagnostikoa eginda, talde horiekin hizkuntza hitzarmena sinatzea iruditu zaien egokien.
Hitzarmenaren arabera, 2011-2012 denboralditik hasita, aurrerantzean honako irizpide hauek beteko dituzte talde horiek: batetik, elkarteak antolatzen dituen kanpo jardueretan euskara erabiliko dute, gehienbat. Hala nola, aurkezpenetan, deialdietan, parte-hartze oinarrietan, prentsa-oharretan, karteletan, publizitatean eta elastikoetako idatzietan. Bestetik, elkartearen barne funtzionamendurako ahozko nahiz idatzizko elementuetan euskara erabiliko dute, gehienbat. Esaterako, hizkuntza paisaiarekin lotutako ageriko elementuetan, bazkideei eta kirolariei helarazten zaizkien gutunetan, barne zirkularretan eta antzekoetan. Eta azkenik, elkartearen beste ohiko harremanetan euskara erabiltzeko aukera dagoenean, besteak beste, honako neurriak hartu beharko ditu: euskal administrazioekin elkarteak dituen ahozko eta idatzizko harremanak euskara hutsez izatea, elkarteak gainontzeko elkarteekin dituen harremanak euskara hutsez izatea eta entrenatzaile eta prestatzaileek entrenamendu-saioetan, saio teorikoetan eta gainerakoetan euskara erabiltzea.
Oiarbideren arabera emaitzen eta beharrizanen arabera hitzarmena berritzeko aukera izango da. “Erronka polita litzateke, datozen urteetan beste alor batzuekin lanketa bera egitea”.