Zazpi enpresetako ordezkariak, bilera batean.
Datorren larunbata, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da, eta horren harira, asko eta asko dira Goierri mailan antolatuko diren ekimenak. Aurtengoan, ordea, izango da berritasun nabarmen bat, Goierriko zazpi lantokik ekimen bateratua egingo baitute ostiralean. Aste osoan girotze kanpaina egiten ari dira lantokietan, eta egun horretan ikusi da lehen aldiz elkarlan horren emaitza. Baina ekimen bateratu hori ez da berritasun bakarra, izan ere, horra iristeko, lantoki horietako euskara batzordeek bat egin dute, eta Ingudea izeneko Goierriko lantegien euskara batzordea sortu dute.
Aurkezpen modura kaleratu duten oharrak dioenez, Goierrin ere euskararen erabilera ez da ezagutzaren proportzionaltasun berean hazi, eta lan munduan, historikoki, euskarak izan duen presentzia «urria» izan da. Egoera horrekin kezkatuta hasi ziren lantokiak euskara planak martxan jartzen, Goierrikoak tartean. «Kezka eta lan egiteko gogo horretatik abiatuta», Ampo, CAF, Ederfil-Becker, Eredu, Hertell, Irizar eta Orkli lantegiek «aurrepausuak emateko» konpromisoa hartu dute, eta horren ondorioz sortu dute Ingudea.
Errealitate ezberdineko enpresak izanda, bakoitza bere neurrian eta abiaduran ari da pausuak ematen, baina guztiek jarri nahi izan dute beren aletxoa. «Batzen gaituen helburua, berriz, bakarra da: euskara lanabes hartuta, lan munduan euskararen erabilera normalizatzeko bidean pausoak ematea». Era berean, indar metaketa horrek «hazten» jarraitu nahi duela dio oharrak, eta bertaratu nahi duten lantegiei gogorarazi diete «ateak zabal-zabalik» dituztela.
Helburua, elkarlanean aritzea
Ingudea batzordeak sortze helburu nabaria du: elkarlana. «Elkarlanaren bidez eta indar metaketa aprobetxatuz, lan-ildoak zehaztu eta elkarrekin ekintza bateratuak egin daitezke». Horren adibide da etzi egingo duten lehen ekimen «xume» eta bateratua. «Ekimen horren helburua langileek euskarari babesa ematea eta inguruan ere helburu bera duten enpresak lanean ari direla ikusaraztea da». Ingudea batzordearen lana ez da ekimen horrekin bukatuko, eta espero dute inguruko beste lantokietan «lanerako gogoa» piztuko duela ekimenak.
Andoni Zubeldia: «Esanguratsua da Goierriko lantoki handienak euskararen alde elkartzea»
Ordiziako Orkli kooperatibako langilea da Andoni Zubeldia beasaindarra joan direneko 11 urteetan, eta orain bost urtetik hona euskararen alorreko ardurak ditu lantoki barruan. Kontseilu Errektoreko kide ere bada, eta sortu berri den Ingudea batzordearen sustatzaileetako bat ere bai. Zazpi lantoki horien elkartzea «aberasgarria» da haren ustez.
Nolatan bururatu zitzaizuen eskualdeko lantokien arteko euskara batzordea osatzea?
Lantoki barruko euskara planeko helburuen artean dago ingurunean eragitea, eta testuinguru horretan euskararen gaia atera zen parte hartzen dugu zenbait forotan. CAFeko ordezkariekin ere hitz egin izan genuen honi buruz, eta ikusi genuen ezinegon berak genituela. Atera genuen beste ondorio bat izan zen elkarrengandik horren gertu egon arren, ez genuela bakoitzak bere enpresan egiten zituen ekimenen berririk. Bilera baterako deia egin genuen, eta parte hartu dugun zazpi enpresek ikusi dugu aberasgarria dela elkarlanean aritzea.
Behar orokorra zen, beraz.
Hasierako bileretan garbi geratu da denok sumatzen genuela halako elkargune baten falta, eta lanerako gogoz eta ilusioz gaude.
Zer onura ekar ditzake, zure ustez, elkar hartuta aritzeak?
Bi alderdi nabarmenduko nituzke. Batetik, aberasgarria dela eskualde mailako batzordea osatzen dugunontzat, batez ere informazioa trukatzeko eta inguruan eragiteko. Bestetik, esanguratsua ere badela esango nuke, Goierriko lantoki handienak elkartu baikara euskararen defentsan. Hala ere, batzordea zabala da, eta nahi duten lantokiek ere parte har dezakete.
Orkliren kasuan, euskara batzordearen funtzioak Kontseilu Errektorearen esku daude orain. Zeren ondorio da aldaketa hori?
Euskara planari buruzko hausnarketa egin genuen iaz, eta horrez gain, aurrera begirako lan ildoak ere zehaztu genituen. Harrezkero, Kontseilu Errektoreak hartu zituen funtzioak, euskara plana kooperatibaren egituretan txertatu nahian.
Eta zer moduzkoa da euskararen egoera zuen lantokian?
Oro har ona da. Hala ere, ezagutzaren datuak ez dira nahi adina gerturatzen erabilera datuetara.