Munduko lagun artea, futbolak elkartuta
Euskal Herrian ez da ohitura handirik amateur esparruan kirol txapelketa askorik antolatzekorik. Lehiaketa ofizialetatik aparte, lagun taldeen arteko kirol partidak urriak izan ohi dira, are urriago hilabete batzuetako iraupena hartzen duten txapelketan. Lurralde hauetara bizimodu hobearen bila etorri diren pertsonek ekarpen hori ere egin diote Goierriri: futbol txapelketa igandean bukatu zen, etorkinen artean harremanak egin eta denborapasa emankorra antolatzeko helburuarekin laugarren aldiz. Gipuzkoa osoko hamalau taldek eta 224 lagunek parte hartu dute Etorkinen Arteko IV. Futbol-8 Txapelketan. Ekuadortarren Mushu Pakari elkarteak ekin zion lehiaketari, urtean bi alditan jokatzeko. Bost talderekin hasi zen esperientziak dimentsio eta partaidetza bikainak lortu ditu. Irailean ekin zioten laugarren txapelketari. Partida guztiak Lazkaoko Arizti Handi futbol zelaian jokatu dituzte, baita finala ere, igande eguerdietan. «Lagunekin igandero nora joana izateko aitzakia polita da», aitortu du Mushu Pakariko kide eta txapelketaren antolatzaile Angel Sanchezek. Giro lagunkoia Amateur mailan aritu arren, kirola tarteko izanda lehia bizia izan ohi da taldeen artean. Hamaseina lagunek osatzen dute talde bakoitza; Goierrikoak dira gehienak, baina baita Beterrikoak edo Donostialdekoak ere. «Joko aldetik oso garbi joan da. Geure artean ondo konpontzen gara, ez da aparteko liskarrik izaten». Izan ere, naziotasun askotako jendea elkartzen da Arizti Haundin. Talde batzuk herrialde jakin batekoek soilik osatzen dituzte, [...]
Euskal Herrian ez da ohitura handirik amateur esparruan kirol txapelketa askorik antolatzekorik. Lehiaketa ofizialetatik aparte, lagun taldeen arteko kirol partidak urriak izan ohi dira, are urriago hilabete batzuetako iraupena hartzen duten txapelketan. Lurralde hauetara bizimodu hobearen bila etorri diren pertsonek ekarpen hori ere egin diote Goierriri: futbol txapelketa igandean bukatu zen, etorkinen artean harremanak egin eta denborapasa emankorra antolatzeko helburuarekin laugarren aldiz.
Gipuzkoa osoko hamalau taldek eta 224 lagunek parte hartu dute Etorkinen Arteko IV. Futbol-8 Txapelketan. Ekuadortarren Mushu Pakari elkarteak ekin zion lehiaketari, urtean bi alditan jokatzeko. Bost talderekin hasi zen esperientziak dimentsio eta partaidetza bikainak lortu ditu.
Irailean ekin zioten laugarren txapelketari. Partida guztiak Lazkaoko Arizti Handi futbol zelaian jokatu dituzte, baita finala ere, igande eguerdietan. «Lagunekin igandero nora joana izateko aitzakia polita da», aitortu du Mushu Pakariko kide eta txapelketaren antolatzaile Angel Sanchezek.
Giro lagunkoia
Amateur mailan aritu arren, kirola tarteko izanda lehia bizia izan ohi da taldeen artean. Hamaseina lagunek osatzen dute talde bakoitza; Goierrikoak dira gehienak, baina baita Beterrikoak edo Donostialdekoak ere. «Joko aldetik oso garbi joan da. Geure artean ondo konpontzen gara, ez da aparteko liskarrik izaten».
Izan ere, naziotasun askotako jendea elkartzen da Arizti Haundin. Talde batzuk herrialde jakin batekoek soilik osatzen dituzte, baina nahasian aritzen direnak ere badira. «Kopuruz gehienak ekuadortarrak gara. Futbolean ez gara onenak, baina bai ugarienak», dio Sanchezek. Marokoarrak, errumaniarrak, peruarrak, kolonbiarrak… herri askotako partaideak bildu dituzte.
Laguntzarik ez dute jasotzen erakundeetatik, nahiz eta ehunka lagunentzat antolatutako ekimena izan. Futbol zelaia ordaindu egiten dute. «CAFi eskatu diogu ea Trevijano errugbi zelaia zena uzterik baduen, erabili gabe eta utzita eduki beharrean. Txukunduko genuke, igandero futbolean aritzeko».
Udazkeneko lehiaketa bukatu berritan, dagoeneko udaberrikoarekin pentsatzen jarrita daude Mushu Pakarikoak. «Martxoan hasiko da hurrengoa, berriz. Ia-ia obligazioa ere bada dagoeneko guretzat. Jendea erabat murgildu da, eta hurrengoa noiz izango den galdezka bukatu dute denek».
Errumaniarrak nagusi
Gizarte arloko ekarpen garrantzitsuaren azpian kirola dagoenez, ezin ahaztu sailkapenak. Igandeko finalean Errumaniako jatorriko futbolarien bi multzok jokatu zuten. Villabonako Brado Viseo taldeak irabazi du txapelketa, Adri taldea menderatuta.
Hirugarren marokoarrek osatutako talde bat geratu da, eta laugarren ekuadortarrek eta boliviarrek osatutakoa, iaz txapeldunorde eta txapeldun izan zirenak, hurrenez hurren. Dagozkien garaikurrak eta diru sariak jaso zituzten guztiek.