Joxemartin Apalategi Begiristainen oroimena, liburuan bildu du Eusko Ikaskuntzak
Joxemartin Apalategi Begiristain antropologoaren lana hizpide hartuta 2007ko otsailean egin zituzten jardunaldietan esandakoak, Joxemartin Apalategi Begiristainen oroimenez liburuan bildu ditu Eusko Ikaskuntzak. Goizean egin dute liburuaren aurkezpena Ataunen, eta bertan izan dira antropologoaren senideak, Teresa del Valle Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako lehendakari ordea eta Apalategiren lankidea, Iñaki Olaizola antrologoa eta ataundarraren ikasle izandakoa eta Juan Antonio Rubio eta Inmaculada Sanchez Eusko Ikaskuntzako kideak.
Liburuan, orain ia bost urte egindako omenaldi saioan egindako hitzaldietan, aurkezpenetan eta mahi-inguruetan esandakoak bildu dituzte, Eusko Ikaskuntzako kideek eta ikasleek esandakoak. Ahozko herri produkzioa, nekazaritza inguruei buruz egindako ikerketak, hizkuntza, irasle gisa erakutsitakoak, etnografia alorrean egindako ikerketak eta ekarpenak… irakurri daitezke, beraz, liburuan. Omenaldi saio haren ondoren, hainbat lagunek eta senideek egindako ekarpenak ere bildu dituzte liburua osatzeko, eta baita Joxemartin Apalategi Begiristainen bibliografia osoa ere.
Ikasleen ahotik, harek irakatsitakoa
Liburuaren aurkezpenaren aurretik, Teresa del Vallek ataundarrak antropologiaren alorrean egindako lana goraipatu du, eta liburuaren bidez, berak orain arte egindako lanari jarraipena emateko aukera izango dela esan du. Iñaki Olaizola antrologoak, berriz, Apalategiren irakasle garaiko hainbat bitxikeria kontatu ditu. Ataundarraren azken ikasleetako bat izan zen Olaizola, eta harek esan duenez, antropologia hitza baino gogokoago zuen Apalategik pertsonologia hitza, “pertsona hitzaren esanahiarekin zuen loturagatik”.
Apalategik “euskara eta Euskal Herria noraino maite zituen” jakin ahal izan zuen Olaizolak, eta berak idatzitako lanen artetik hiru zituela maiteenak: Antropologia Hirian, Euskal Curriculumaren inguruan idatzitakoa eta Mujer vasca, imagen y realidad. Joxemiel Barandiaran oso maitea zuela esan du, eta baita ahozko literaturarekin lotutako guztia.
Aurkezpenen ondoren, eta liburuaren inguruko informazioa eman aurretik, Maite Idirinek Agur Jaunak abestiaren moldaketa abestu du Ataungo antzokian, Joxemartin zena oso gogoan zuela.
Apalategiren liburutegia, Ataunera
Ekitaldiaren amaieran, Apalategiren senideek haren liburutegia Ataunera ekartzeko duten nahia adierazi dute. Orain arte bezala, udalarekin elkarlanean jarraitzeko asmoa agertu dute, antroplogoaren liburutegi aberatsa haren herrira ekartzeko desioa adieraziz. Igor Aierbe Ataungo alkatea ere hitz egiteko prest agertu da, eta Apalategiren liburutegia herrian gordetzeko lan egingo dutela esan du.
Eusko Ikaskuntzak Joxemartin Apalategiren inguruko liburua bere webgunean zintzilikatuko du, eta nahi dutenek bertan izango dute irakurtzeko aukera. Liburuaren ale bakan batzuk besterik ez dituzte argitaratu, eta ez da liburua erosteko aukerarik egongo.