Goiturreko Ion Ubide eta Niko Osinalde.
Eusko Jaurlaritzako Turismo saila produktu turistikoak sendotzeko egiten ari den ahaleginaren barruan, Goierrik «leku garrantzitsua» izango duen gastronomia plan bat garatu du Gasteizko gobernuak. EAEko hiru hiriburuekin, Arabar Errioxarekin, Donostialdearekin eta Urola Kostarekin batera, Goierri-Tolosaldea «destino gastronomiko» moduan jasotzen du txostenak. Plan orokor hori eskualdera ekarrita, Goiturrek Goierri Gastronomika izeneko egitasmoa garatu du, Goierriko turismo gastronomikoa bateratzeko egitasmoa.
Jaurlaritzaren plan orokor horrek Goierriri buruzko «erreferentzia asko» biltzen ditu, Goiturreko Ion Ubidek eta Niko Osinaldek azaldu dutenez: «EAEko gaztagile kopuru handiena Goierrin dago, Goierrin museo gastronomikoak ditugu, Ordiziako azoka eta herrietakoak… Horrez gain, Goiturrek lan berezia egin du eskualdeko gastronomia sare sozialen bidez zabaltzeko».
Idiazabal Gazta ikur
Gastronomia plan horrek jakiak, museo gastronomikoak, azokak, jatetxeak eta interes bereziko leku eta zerbitzu gastronomikoak jasotzen ditu. «Idiazabal Gazta dugu ikur, Beasaingo odolkiaren eta Zaldibiako mondejuarekin batera», nabarmendu du Osinaldek. Edarien artean, Olaberriko txakolina eta eskualdeko sagardotegiak daude, eta gozogintza alorrean aukera ere badago.
Horiez gain, Goierrin bi museo gastronomiko daude –Ordiziako D’elikatuz eta Idiazabalgo gaztarena–, 2012an 500 urte beteko dituen Ordiziako feria, Zaldibiako Goizane agroaldea eta Zeraingo elikagaien denda. Dastatzeak eta elikagai uztartzeak antolatzen dituzten enpresak ere badaude Goierrin, eta baita kalitatearen aldeko apustua egin duten 30 jatetxe ere. Egitasmo hau aurrera eramateko, gastronomiaren alorrean zeresana dute eragile guztiei egiten diete parte hartzeko deia. Otsailean bilera zabal bat egin nahi du Goiturrek egitasmoa sektoreari aurkezteko.
Elkar elikatzeko beharra
«Gazta, txakolina eta odolkia bezalako produktu gastronomikoek turismoa erakartzen laguntzen dute, eta turismoak produktu gastronomikoa saltzen laguntzen du». Osinalderen esanetan, ideia hori buruan dutela lan egin beharko lukete eragile guztiek aurrerantzean. Diagnosia egina dute, eta datozen bi urteetarako hainbat ekintza iragarri dituzte.