Lan ona eta erregulartasuna
Iñaki Apalategi eta Aitor Sarriegi Faseka faseka sailkatuta, eta bi saio eginda iritsi dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalera Iñaki Apalategi eta Aitor Sarriegi bertsolari beasaindarrak. Edozein momentutan txapelketatik kanpo geratzeko pertzepzioa izan du Apalategik oholtzara igo den bost alditan, eta fasez fase sailkatuta, pausoka-pausoka iritsi da finalera. Igandeko kantaldira begira ere, berdina pentsatzen du: «Badakit egin dezakedala, baina badakit baita posible dela erortzea. Eta orain ere berdin. Orain arte mailara egokitu gara eta ikusiko dugu igandean zer gertatzen den». Sarriegiri gehien kostatu zaiona «tenperatura hartzea» izan da. Final laurdenetako saioetan «engantxatu» da txapelketara, bai kantuan aritzeko eta baita lagunen eta gainerako bertsolarien lanari jarraipena egiteko ere. Txapelketan, orain arte, «irregular» aritu dela esan du, baina ale onak ere utzi dituela, eta igandean horiek errepikatzeko asmoa du. Finala Donostian da etzi, Illunbe zezen plazan, eta Apalategi eta Sarriegirekin batera Unai Agirre, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Jexus Mari Irazu, Jon Martin eta Agin Rezola ariko dira lehian. Bertsolariak 16:00ak aladera hasiko dira kantuan, eta 20:30ak aldera jakingo da zein den aurtengo Gipuzkoako txapelduna. Orain arte egindakoari buruz galdetuta, helburua faseak gainditzea izan da Apalategirentzat. Maiatzaren 15ean Lezon egindako saioa «oso txarra» izan zela gogoan du: «Oso urduri aritu nintzen eta bi errima [...]
Faseka faseka sailkatuta, eta bi saio eginda iritsi dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalera Iñaki Apalategi eta Aitor Sarriegi bertsolari beasaindarrak. Edozein momentutan txapelketatik kanpo geratzeko pertzepzioa izan du Apalategik oholtzara igo den bost alditan, eta fasez fase sailkatuta, pausoka-pausoka iritsi da finalera. Igandeko kantaldira begira ere, berdina pentsatzen du: «Badakit egin dezakedala, baina badakit baita posible dela erortzea. Eta orain ere berdin. Orain arte mailara egokitu gara eta ikusiko dugu igandean zer gertatzen den».
Sarriegiri gehien kostatu zaiona «tenperatura hartzea» izan da. Final laurdenetako saioetan «engantxatu» da txapelketara, bai kantuan aritzeko eta baita lagunen eta gainerako bertsolarien lanari jarraipena egiteko ere. Txapelketan, orain arte, «irregular» aritu dela esan du, baina ale onak ere utzi dituela, eta igandean horiek errepikatzeko asmoa du.
Finala Donostian da etzi, Illunbe zezen plazan, eta Apalategi eta Sarriegirekin batera Unai Agirre, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Jexus Mari Irazu, Jon Martin eta Agin Rezola ariko dira lehian. Bertsolariak 16:00ak aladera hasiko dira kantuan, eta 20:30ak aldera jakingo da zein den aurtengo Gipuzkoako txapelduna.
Orain arte egindakoari buruz galdetuta, helburua faseak gainditzea izan da Apalategirentzat. Maiatzaren 15ean Lezon egindako saioa «oso txarra» izan zela gogoan du: «Oso urduri aritu nintzen eta bi errima dituen koplan poto egitea, saioaren laburpen on bat da». Uda ondoren Lasarte-Oriako final-zortzirenetako saioan laugarren egin zuen, nahiz eta bere «sentsazioak hobeak izan». Final laurdenetako saioan ere ez zen gustura aritu Azpeitian, eta txapelketa «gorabeheratsua» izan da berarentzat.
Saiorik saio, «aldatu ez den bakarra» txapelektan jarraitzeko izan duen «gogoa» izan da. «Norbera bere burua ajustatzen» joaten dela esan du, txapelketak aurrera egiten duen heinean zenbat eman behar den ikusten joaten den nuerrian. Apalategiren lehen helburua «maiatzetik irailera pasatzea» izan da, eta txapelketa orokorrean hartuta «Euska Herriko txapelketarako sailkatzea». Behin hori lortuta, aurrera egitea da bere ustez kontua: «Gora begiratu behar da, gauzak ziurtatuta dituzunean konformatzea ez delako logikoa».
Sarriegik ere urduri eman zion hasiera txapelketari. Berak nahi zuen maila eman gabe hasi zen, baina buelta eman eta bost ariketetatik hiru ondo eginda, «positibotzat» jotzen du urriaren 29an Hondarribian egin zuen lehen saio hura. Bere buruari eskatutako gutxiengoa final erdietara sartzea zen, ez Euskal Herrikoan aritzeko txartela lortu nahi zuelako –azken txapelketan finalean arituta baduelako hurrengoan aritzeko aukera–, «txartela lortuko zutenen parean egoteko» baizik. Hala ere, aitortu du «helburu erreala finalean sartzea» zela. Behin helburua beteta, ariketa guztietan erregulartasuna mantendu nahi du igandean.
Maiatzetik abendura, luze
Sarriegik normalean txapelketako saio guztiak entzuten dituela kontatu du, baina aurtengoa «oso luzea» izan dela iruditzen zaio, eta kantatzea tokatu aurretik nekatuko zela. Horregatik ez du txapelketa jarraitu final laurdenetara arte. Apalategiri, berriz, azken faseetan gai motak aldatzen joan direnean kosta zaio gehien ohitzea: «Bi-hiru astetan bakarkako gaietan, adibidez, gaiak itxiak izatetik zabalak izatera igarotzen ziren, eta alderantziz. Niri berez doinua aldatzeko joera ere sortzen zait, eta kostatu egin zaizkit aldaketak».
Hala ere, txapelketako fase guztiak igaro ondoren, «besteek nola kantatzen duten ikusteko eta horren arabera norberak zein maila eman behar duen jakiteko aukera» izan du Apalategik, eta hori eskertzen du: «Horretan bai egiten duela mesede txapelketa luzea izateak».
Hala ere, igandean zortzi bertsolariak «zerotik» hasiko direla esan dute biek, eta ezin dela jakin finalean zer gertatuko den. Faboritorik ez dute, eta Sarriegiren ustez buruz-burukora sailkatu aurreko lanetan «maila ona» eman dezakete finalista guztiek. «Guk lan ona egiten badugu, besteek ere egin beharko dute aurretik jartzeko», gaineratu du.
Igandeko saioan ia 10.000 ikusleren aurrean abestu beharko dute Illunben. Horrek «inpresio ona» egiten dio Apalategiri. Izan ere, «normalean, geroz eta jende gehiagoren aurrean kantatu, orduan eta hobeto» sentitzen da, eta oraingoan ere hala izango dela pentsatzen du.
Lehen aldiz abestuko du Apalategik horrenbeste jenderen aurran, baina ez Sarriegik. Lehen aldiz final batean abestu zuen arte «horrenbeste jenderen aurrean bertsotan egiterik ba ote zegoen» galdetzen zion bere buruari, baina ia agurra abestuta, «oholtzan amaitzen da bertsolarien eremua», haren esanetan. Hala, publikoari begiratzea «hiru dimentsioko irudi bat begiratzea bezala» dela kontatu du: «Bertsoan pentsatzen ari zara eta aurrera begiratzen duzu, baina zer ikusten ari zaren esateko gai ez zara».
Erregularra eta «koño»-koa
Apalategirentzat «oso bertsolari erregularra» da Sarriegi, «baina aurten ez du hori erakutsi txapelketan». Hala ere, aspaldiko lagunak dira biak, eta ondo ezagutzen du herrikidea. Sarriegiren doai bat azpimarratzekotan, «oholtza gainean beste bertsolariei entzuteko duen gaitasuna» azpimarratu du Apalategik: «Besteak esaten duenaren arabera abesten du, eta agian oraindik ez da hori baloratzen, baina oso garrantzitsua da, eta denok saiatu beharko genuke hori egiten».
Sarriegik berriz, Apalategi «koñoko bertsolaria» dela esan du: «Andoni Egañak beti esaten du, klaroko eta koñoko bertsolariak dudela. Denek esperotako erantzuna ematen dutenak dira klarokoak, eta erantzun harrigarriak ematen dituztenak, koñokoak. Ba Iñaki [Apalategi] koñoko bertsolaria da. Erantzunekin harritzeko ahalmena du, eta batzuetan bere buruarekin eta pentsakerekin fidel izaten itsutzen bada ere, harritzeko gaitasun hori ez da bertso eskolan ikasten».