Berdintasun Plana 2009-2012 garatzen ari da Ordiziako Udala
Badira urte batzuk, Ordizian, genero berdintasun arloan lanean ari direla. ‘Ordiziako Udaleko emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana. 2009-2012’ da horren adibidea. Kristina Altuna da Berdintasun teknikaria eta berak azaldu digu berdintasun plana garatze bidean azaro-abendurako antolatu duten ekitaldi sorta. Emakumezkoen eta gizonezkoen artean tratu eta aukera berdintasuna lortzea dira besteak beste Ordiziako Berdintasun Planaren helburuak. “Nahiz eta emakumezkoak eta gizonezkoak ezberdinak izan, aukera berdinak izan behar ditugu, bai aukeretan eta bai lorpenetan”, dio Kristina Altuna teknikariak. Hori dela eta, duela 3 bat urte, “Ordiziako Udalak, apustua egin zuen, Berdintasun arloari indar gehiago emateko. Aurrekontu bat finkatu zen Berdintasun arlorako. I. Udal Berdintasun Plana egin zen 2009an. Diagnostikoa egin zen, prozesu partehartzailearen bitartez eta gero lau urterako plana zehaztu zen. Urtero, plan operatiboak egiten ditugu”, zehaztu du teknikariak. Berdintasun Planaren barruan, lau ildo edo ardatz estrategiko finkatu ziren: genero mainstreaminga, emakumeen ahalduntzearen eta parte-hartze soziopolitikoaren ardatza; bateragarritasun eta baterako erantzunkizuna eta emakumeen aurkako indarkeria. Genero indarkeriaren betaurrekoak jantzi Berdintasunaren kontuan, “konturatu gabe egiten ditugu akatsak. Hezi gaituzten bezala egiten ditugu gauzak. Hausnarketa egin behar dugu eta gauzak beste modu batera egiten hasi. Genero ikuspegiaren betaurrekoak jartzea da garrantzitsua. Betaurreko horiek jarri bezain laster, berehala ikusten dira akatsak, baina jartzen ez badituzu, [...]
Badira urte batzuk, Ordizian, genero berdintasun arloan lanean ari direla. ‘Ordiziako Udaleko emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana. 2009-2012’ da horren adibidea. Kristina Altuna da Berdintasun teknikaria eta berak azaldu digu berdintasun plana garatze bidean azaro-abendurako antolatu duten ekitaldi sorta.
Emakumezkoen eta gizonezkoen artean tratu eta aukera berdintasuna lortzea dira besteak beste Ordiziako Berdintasun Planaren helburuak. “Nahiz eta emakumezkoak eta gizonezkoak ezberdinak izan, aukera berdinak izan behar ditugu, bai aukeretan eta bai lorpenetan”, dio Kristina Altuna teknikariak. Hori dela eta, duela 3 bat urte, “Ordiziako Udalak, apustua egin zuen, Berdintasun arloari indar gehiago emateko. Aurrekontu bat finkatu zen Berdintasun arlorako. I. Udal Berdintasun Plana egin zen 2009an. Diagnostikoa egin zen, prozesu partehartzailearen bitartez eta gero lau urterako plana zehaztu zen. Urtero, plan operatiboak egiten ditugu”, zehaztu du teknikariak.
Berdintasun Planaren barruan, lau ildo edo ardatz estrategiko finkatu ziren: genero mainstreaminga, emakumeen ahalduntzearen eta parte-hartze soziopolitikoaren ardatza; bateragarritasun eta baterako erantzunkizuna eta emakumeen aurkako indarkeria.
Genero indarkeriaren betaurrekoak jantzi
Berdintasunaren kontuan, “konturatu gabe egiten ditugu akatsak. Hezi gaituzten bezala egiten ditugu gauzak. Hausnarketa egin behar dugu eta gauzak beste modu batera egiten hasi. Genero ikuspegiaren betaurrekoak jartzea da garrantzitsua. Betaurreko horiek jarri bezain laster, berehala ikusten dira akatsak, baina jartzen ez badituzu, gizartean normaltzat hartzen dena ondo dago, beti horrela ezagutu dugulako. Asko kostatzen da gure jarrera aldatzea. Gauza berria da, ikasitakoa desikasi behar dugu eta lekua utzi mundua ikusteko beste modu horri. Asko dago egiteko eta honen alde asko egin dezakegu denok”.
Berdintasunean hezi
Berdintasun lan horretatik, onurak etorriko direla uste du Kristina Altunak. “Onurak zeintzuk dira? Gauzak hobetuko litzateke. Adibidez, genero indarkeriaren kasuan. Zenbat emakumezko hil dituzte aurten? 50? Errealitatea hori da. Berdintasunean hezten bagara eta lortzen badugu benetan lan egitea boterearen oreka hori lortzeko, tratu txarrak eta horrelako kasuistikak, desagertu egingo lirateke”.
Berdintasuna lortze bidean, urratsez urrats ari da lanean Ordiziako Udala. Azaro-abendurako, hainbat ekintza antolatu du.
Elkarteentzako formazio tailerra
Herriko elkarte eta eragile ezberdinetan ari dira elkarlanean. “Arloka ari gara: kirola, kultura, hezkuntza, ongizate saila… Nola landu daitekeen berdintasun arloa euren programetan. Iaz adibidez, kirol arloan ikerketa bat egin genuen, emakumeen partaidetza kirolean zein zen ikusteko… Herriko elkarteetako zuzendaritzetan emakumezkoen partaidetza zein den ere aztertu dugu”. Ildo horretatik, “formazioa eskainiko diegu, abenduan ziurrenik. Generoa nola kontutan izan elkarteko eginkizunetan”.
Autodefentsa ikastaroa
Emakumezkoen esku ere badago berdintasunaren alde arloan lan egitea, norberaren etxetik hasita. “Batetik, garrantzitsua da, lana eta familia uztartzea, eta bestetik, ardurak ere banatzea. Gizonezkoak ere arduratzea proiektu horretan. Familia sortzeko proiektua baldin badaukagu, bien ardura eta lana izan dadila. Orain arte emakumearen esku gelditzen zen etxeko lana eta lan produktiboa deitzen zena, gizonezkoaren eskutan. Horrek dependentzia ekonomiko egoera bat sortzen du eta horrekin lortzen da, pertsona bakoitza laranja osoa izan beharrean, erdia eta erdia garela eta elkar osatzeko beste erdia behar dugula. Bakoitza laranja osoa bihurtu behar gara, goazen gure ahalmen guztiak garatzera eta laranja bihurtu gaiteze. Gero erlazionatuko gara, nahi dugulako, eta proiektu bat aurrera eramateko. Gauzak aldatzen ari dira baina oraindik asko falta da. Oraindik etxeko ardura, gehienetan, emakumezkoaren esku dago. Kanpoan lana egiten badugu, doble eta triple jornada izaten dugu. Denbora ez zaigu gelditzen gizartean parte hartzeko. Denbora gutxiago eta ordutegiak zailagoa. Dena dago lotuta”.
Kristina Altunak dionez, lehenik eta behin, “emakumeak berak sinistu behar du bere indarrean eta produktibo mailan ere lan egin dezala”.
Ildo horretatik, jabekuntza kontzeptua erabili du Berdintasun teknikariak. “Oso termino garrantzitsua da. Emakumeak daukan ahalmen guztiak garatu behar ditu. Sinistu egin behar dugu gure indarrean eta aurre egitea gure bizitzarekin. Autonomia lortu. Emakumezkoak bere eskutan lan asko dauka egiteko. Genero indarkeriaren kontuan adibidez, defendatzeko gai garela ikusi behar du”.
Defendatzen ikasteko, emakumezkoentzat autodefentsa ikastaroa antolatu dute. Asteburuan, azaroaren 19an eta 20an izango da. “Sexu erasoak, bortxaketak… izaten dira; errealitate bat da. Alde batetik, alabei ematen diegun mezua, ‘kontuz, adi…’ izaten da. Agian, konturatu gabe, beldurra transmititzen ari gara. Bide horretatik bakarrik ez gara joan behar. Emakumezkoek ere sentitu behar dugu ahalmena badugula defenditzeko, ez daudela indefentsa. ‘Guk ere zerbait egin dezakegu’ lema eduki behar dugu barnean. Txipa aldatu behar dugu eta ikusi, horrelako egoera batean topatzen bagara, agian badaukagula zer egin. Hortik lotuta antolatu dugu autodefentsa ikastaroa. Gure indarrean sinistu behar dugu”, zehaztu du Kristina Altunak.
Hiri segurua: hirigintza eta generoa
Azkenik, hirugarren tailer bat ere antolatu dute Ordizian, Hiri segurua proiektuaren barruan. ‘Hirigintza eta generoa’. Herriko toki guztietatik trankil mugitzen al gara edozein ordutan? galderari erantzuten saiatuko dira.
Izan ere, Berdintasun teknikariak azpimarratu duenez, hirigintzak ere generoa dauka. “Formazio bat egin zen ikusteko hirigintzak zein zerikusi daukan generoarekin. Kaleak ez dira neutroak eta hirigintzak ere generoa dauka barruan. Hiriak sortu zirenean, gizarte bakoitzean zeuden baloreak zeuden indarrean. Zer zen gehiena baloratzen zena? Gehienetan, produktibitatea. Kaleak normalean egiten ziren, ekonomiko ikuspegitik eta ez eguneroko bizitza aurrera eramateko ikuspegitik. Normalean orain arte hori ez da kontuan izan. Orain hasi da kontuan izaten. Barrera arkitektonikorik gabeko herririk ez da izan nahi orain arte. Erosketa gurditxoarekin baldin bazoaz, edo haur txikiarekin bazoaz, oztopoak baldin badituzu… orain horiek denak kontuan hartzen dira. Kontuan hartu behar da erlazionatuta daudela gizarteak dituen baloreak eta hirigintza”.
Segurtasuna ere lotuta doa. “Zerk lagundu dezake kalean segurtasun sentsazioa ematen? Alde batetik, norberak landu beharko du baina bestetik, adibidez, bide estu batetik bazoaz eta alde batean landaredia dago, sasia.. eta etxera joateko hortik pasatu behar zara. Hor adibidez, hirigintzatik zerbait egin daiteke. Badaude estrategiak. Gasteizen kongresu bat egingo dute horri buruz. Adibidez, garbitasunak eta argitasunak ere segurtasuna ematen dute. Tunel bat ikusten duzu, iluna. Baina txuriz margotu, argiak jarri, ispiluak jarri… herramienta horiekin beste sensazio bat izango duzu. Horrelako gauza txikiak kontutan hartzen hasi behar gara. Emakumeekin kontatu behar da. Herrian ibilbide bat egingo dugu, Hirigintzara proposamenak egiteko, segurtasunaren alde. Denontzako izango da”.
Azaroak 25: ‘Emakumeen aurkako indarkeriari ez!
Emakumeenganako indarkeriaren Nazioarteko Eguna izaten da azaroaren 25a eta Ordiziako Kimetzek, bi ekintza antolatu ditu. Batetik, bideo foruma eta bestetik, bilkura. “Nagore Laffageten hilketari buruzko Elena Tabernaren dokumentala ikusiko da eta ondoren, solalsadia izango da. Ondoren, konzentrazioa egingo da plazan. Irati Goikoetxeak olerkiak errezitatuko ditu”.
Gazteak
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako borrokan, gazteengana ere iritsi nahi dute Berdintasun Sailetik. Genero indarkeriaren aurkako kanpaina egingo dute Ikastetxeetan ere. ‘Beldur barik. Indarkeria sexistaren aurkako gida’ banatuko dute eta tailerra ere egingo dute.
Hizkuntza eta irudia
Ordiziako Udalari begira, gida berezia argitaratu dute, lan tresna gisa: ‘Nola erabiltzen dugu hizkuntza eta irudia?’. “Irudiak askotan, neutrotzat hartzen ditugunak, ez dira neutroak eta gehienean indarra ematen diegu betiko irudiei. Adibidez, kirol arloan, gehienetan, gizonen irudiak aterako dira kirola egiten. Berez, neutrotzat hartzen diren irudiak dira, baina gizonezkoak dira. ‘Modelado’ egiten dugu. Emakumeak ez baditugu egunkarietan edo kirol munduanikusten, zailagoa izango da bide hori jarraitzea. Saiatu behar gara irudiak orekatuak izaten, gizonezkoak zein emakumezkoak azaltzen ekintza ezberdinetan”.
Hizkerari dagokionean ere antzeko zerbait gertatzen dela dio Kristina Altunak. “Erdaraz, jenerikoa bezala maskulinoa erabiltzen da. Los niños, los hombres… Aipatzen ez dena ez da ikusten eta ikusten ez dena ez da existitzen. Oso garrantzitsua da hizkuntza ere zaintzea eta emakumearen presentzia azaltzea. Datuak biltzen ditugunean, zenbat neska eta zenbat mutil bereiztea garrantzitsua da. Adibidez, ekintza honetan 100 haurrek parte hartzen dute esaten dugunean, ondo legoke, neskak zenbat diren eta mutilak zenbat diren bereiztea. Adibidez, ekintza horretan parte hartzen dute 20 mutikok eta 80 neskak. Datu horrek beste errealitate bat islatzen du. Oso garrantzitsua da genero ikuspegia txertatzea eguneroko bizitzan eta eginkizunetan. Konturatzen hasi behar gara. Lana era neutroagoan egin beharko genuke”.