Distantziak berdina izaten jarraitzen du
[ ordiziakoahotsa.net webgunetik hartutako bideoa.]
Goierrin 29 preso politiko daude egun; 23 Espainiar Estatuko espetxeetan dituzte preso; lau Frantziar Estatukoetan, eta bi etxean. Euskal Herriko espetxeetan ez dago bat bera ere ez.
Eskualdeko 27 preso politiko horien senideek 31.330 kilometro egiten dituzte asteburuero bisitetara joaten. 1.000 kilometrotik gorako bidaia da, bataz beste. Iheslarien senideek ez dute aukera hori ere izaten. Datuak Euskal Herri osora pasata, Etxerat elkartearen arabera, 914.854 kilometro dira senideek asteburuero egiten dituztenak, hilean ia lau milioi; urtean 47 milioi. Dirutara pasatuta, familiako 377 euroko batazbesteko gastua kalkulatu dute, asteko. Urtean hamalau milioi euro (14.700.540,66) dira. Goierriko kasuan, milioi erdi eurora iristen da senideen urteko gastua.
Goierriko beste herri askotan egiten ari diren bezala, atzo Legazpin egin zuten herritarrek eta eragileek urtarrilaren 7ko Bilboko manifestaziora joateko deialdia. Esan zutenez, «hamarkadetan luzatu den gatazka politikoari irtenbide justu bat aurkitzeko eginahalaren fruituak ikusten ari gara». Euskal preso politikoak, gatazka horren «ondorioetan» kokatu zituzten, espetxe politika konponbidearen gakoetara «ekarri» behar dela nabarmenduz. Presoak Euskal Herrira ekartzea, 197/06 doktrina bertan behera uztea, zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten presoak aske uztea, Frantziar estatuan «ezartzen den bizi osorako zigorra» bertan behera uztea eta gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea dira aurkezpenean, Bilboko manifestaziorako deiarekin batera, egin zituzten aldarrikapenak. Herri guztietan jarri dituzte Bilbora joateko autobusak.
Ez dira elkarretaratzeak eta topak urtarrilaren 7ko mobilizaziora deitzen antolatutako ekintza bakarrak. Hainbat udaletxetan mozioak ere onartzen ari dira, helburu horrekin. Itsasondoko udala izan da horretan azkena. Aldarrikapena lan mundura ere iritsi da. Beasaingo CAF enpresako LAB sindikatuak, esaterako, bideo bat osatu du langile ugarirekin. «Nirekin kontatu» lelopean, Bilbora joateko deia egin dute.
Urtea hasi zenetik bost izan dira aske utzi dituzten preso goierritarrak. Datuetara begiratuta, senideek eta lagunek osotara egin beharreko kilometroak gutxiago dira, baina distantziak berdina izaten jarraitzen du.
http://www.youtube.com/watch?feature=player_embedded&v=aFhaqAw23ww