Eguberrietan, zakua bete ekitaldi
Eguberrietan ez da aspertzeko betarik izango Ordizian, udalak eta herriko kultur eta kirol elkarteek, egitarau betea antolatu baitute datozen asteetarako. Gipuzkoako finalisten bertso saioa, Eguberrietako feria berezia, San Silbestre proba eta nazioarteko igeriketa sari nagusia izango dira horietako batzuk. Kultur ekitaldiekin hasita, herriko musika taldeek eta ikasleek, hainbat jaialdi egingo dituzte Eguberrien aitzakian. Gaur bertan, esaterako, Umore Ona eta Oroith Txiki abesbatzen saioak izango dira, bat jubilatuenean, eta bestea elizan, 20:15ean. Musika eskolakoak berriz, kalera aterako dira iluntzean. Eta Beti Argi musika bandak, igande eguerdian egingo du Eguberrietako kontzertua. Umeen saioak egunero Eguberrietan umeen artean ilusiorik handiena pizten duen ekitaldietako bat, Olentzeroren etorrera izaten da. Aurten, Hitzaro elkarteak eta Urdaneta eta Jakintza ikastetxeek gonbidatuta etorriko da ikazkina. 18:00etan egingo diote harrera Arana kalean, eta handik hasita, segizioa egingo dute herrian barrena; plaza nagusira, 18:45ean iritsiko da. Dantzariak, txistulariak eta herriko abesbatzak izango ditu zain. Olentzeroren bisitaz gain, umeek izango dute bestelako denborapasarik ere. Hilaren 26an, Azatxoaren bila jokoa egingo dute D’Elikatuzen, 6 eta 9 urte artekoentzat. Gainera, hilaren 30era arte, egunero etorriko da ipuin kontalariren bat udal liburutegira. Maite Franko, Pello Añorga kontalariez gain, Toni La Sal txotxongilo taldea ere gonbidatu dute. Abenduaren 29an, Ordiziako Jubilatu Elkarteak antolatuta, aitona-amonen eta [...]
Eguberrietan ez da aspertzeko betarik izango Ordizian, udalak eta herriko kultur eta kirol elkarteek, egitarau betea antolatu baitute datozen asteetarako. Gipuzkoako finalisten bertso saioa, Eguberrietako feria berezia, San Silbestre proba eta nazioarteko igeriketa sari nagusia izango dira horietako batzuk.
Kultur ekitaldiekin hasita, herriko musika taldeek eta ikasleek, hainbat jaialdi egingo dituzte Eguberrien aitzakian. Gaur bertan, esaterako, Umore Ona eta Oroith Txiki abesbatzen saioak izango dira, bat jubilatuenean, eta bestea elizan, 20:15ean. Musika eskolakoak berriz, kalera aterako dira iluntzean. Eta Beti Argi musika bandak, igande eguerdian egingo du Eguberrietako kontzertua.
Umeen saioak egunero
Eguberrietan umeen artean ilusiorik handiena pizten duen ekitaldietako bat, Olentzeroren etorrera izaten da. Aurten, Hitzaro elkarteak eta Urdaneta eta Jakintza ikastetxeek gonbidatuta etorriko da ikazkina. 18:00etan egingo diote harrera Arana kalean, eta handik hasita, segizioa egingo dute herrian barrena; plaza nagusira, 18:45ean iritsiko da. Dantzariak, txistulariak eta herriko abesbatzak izango ditu zain.
Olentzeroren bisitaz gain, umeek izango dute bestelako denborapasarik ere. Hilaren 26an, Azatxoaren bila jokoa egingo dute D’Elikatuzen, 6 eta 9 urte artekoentzat. Gainera, hilaren 30era arte, egunero etorriko da ipuin kontalariren bat udal liburutegira. Maite Franko, Pello Añorga kontalariez gain, Toni La Sal txotxongilo taldea ere gonbidatu dute.
Abenduaren 29an, Ordiziako Jubilatu Elkarteak antolatuta, aitona-amonen eta biloben eguna egingo dute. Monda Lironda pailazo taldea etorriko da, Hau oparia! ikuskizunarekin. Bestalde, urtarrilaren 1etik 5era bitartean, umeentzako parkea jarriko dute Beti Alai pilotalekuan. Eta urtarrilaren 8an, Zazpikoloroa ikuskizuna eskainiko dute Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoek.
Finalisten bertso saioa
Kultur arloan datozen asteetarako Ordizian antolatu duten ekitaldi nagusia, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalisten saioa izango da. Argi Berri elkarteak antolatu du, Goierriko Bertso Eskolaren eta Ordiziako Udalaren laguntzarekin. Urte berri egunean egingo dute, 18:00etan, Beti Alai pilotalekuan. Jexux Mari Irazu, Agin Rezola, Alaia Martin, Iñaki Apalategi, Jon Martin, Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendi ariko dira, Iban Urdangarinekin batera. Ataundarrak beteko du egun horietan kanpoan den Aitor Sarriegiren tokia. Gai jartzaile lanetan, Inazio Usarralde eta Irati Arrieta ariko dira. Saioko sarrerak, Ordiziako Herriko tabernan, Beasaingo Basakanan, Zaldibiako Illatin, Ataungo Troskaetan eta Lazkaoko Gerriko liburu dendan daude salgai, 10 euroan. Egunean bertan, 12 euroan jarriko dituzte.
Kirol probak, aukeran
Eguberrietan, kirolak ere ez du etenik izango, eta afizionatu mailako hainbat proba izango dira; baita goi mailako bat ere. Izan ere, abenduaren 29an, Eguberrietako Nazioarteko 29. Sari Nagusia jokatuko dute Majori kiroldegian, goizeko 10:00etan hasita.
Proba herrikoiei dagokionean, San Silbestre krosa egingo dute urte zahar egunean. Horren aurretik, Gabonetako saskibaloi lehiaketa, 3×3 saskibaloi torneoa, eta alebin mailako futbol torneoa ere jokatuko dituzte. Futbolarekin lotuta, Real Sociedad, Eibar eta Ordizia Kirol Elkarteko taldeen arteko hiruko torneoa egingo dute bihar; 17:30ean izango da, Altamiran.