Itxaro Perez: «Garrantzitsua da jendea ikerketetan parte hartzeko prest agertzea»
Itxaro Perez Heste lodiko minbiziaren inguruan tesia idatzi du Itxaro Perez biokimikariak (Besain, 1981). Gaixotasuna nola sortzen eta garatzen den aztertzeko aukera ematen du heste lodiko minbiziak, eta oraindik «oinarrizko ikerketa» bada ere, heste lodiko minbiziaren diagnostiko goiztiarrean pauso garrantzitsua eman du. Zergatik tesi hau heste lodiaren inguruan? Heste lodiak minbiziaren bilakaeraren tarteko fasea aztertzeko aukera ematen duelako. Beste minbizia askotan, organo osasuntsu batek, aldaketa batzuk izan ondoren garatzen du minbizia. Baina heste lodiaren kasuan, prozesu horretan tarteko fase bat dago, adenoma deitzen zaiona. Adenoma minbizi ona da, eta hori ikertzeko oso aukera ona da. Gehienbat horregatik egin nuen tesia heste lodiko minbiziaren inguruan, adenoma hori aztertzeko. Zer lortu nahi zenuen ikerketarekin? Giltzurruneko minbiziaren inguruan egin genuen ikerketa bateko emaitza onak heste lodian errepikatzen ziren ikusi nahi nuen, eta bide batez gaiaren inguruko informazioa zabaldu, ez baitago asko. Helburua heste lodiko peptidasak edo entzimak aztertzea izan da, gaixotasuneko hiru fase horietan: pertsona berberaren ehun osasuntsuan, tarteko fasean eta minbizian. Gainera, minbizia gradu edo estadio ezberdinetan ikertu nahi nuen, eta azken helburu nagusia izan da gaixoen plasma ikertu eta osasuntsuen plasmarekin alderatzea, aldaketak aztertzeko. Prozesu horretan, nola lan egiten duzue? Heste lodiko minbizia duten pertsonei egindako biopsietan, hiru motatako ehunak hartzen [...]
Heste lodiko minbiziaren inguruan tesia idatzi du Itxaro Perez biokimikariak (Besain, 1981). Gaixotasuna nola sortzen eta garatzen den aztertzeko aukera ematen du heste lodiko minbiziak, eta oraindik «oinarrizko ikerketa» bada ere, heste lodiko minbiziaren diagnostiko goiztiarrean pauso garrantzitsua eman du.
Zergatik tesi hau heste lodiaren inguruan?
Heste lodiak minbiziaren bilakaeraren tarteko fasea aztertzeko aukera ematen duelako. Beste minbizia askotan, organo osasuntsu batek, aldaketa batzuk izan ondoren garatzen du minbizia. Baina heste lodiaren kasuan, prozesu horretan tarteko fase bat dago, adenoma deitzen zaiona. Adenoma minbizi ona da, eta hori ikertzeko oso aukera ona da. Gehienbat horregatik egin nuen tesia heste lodiko minbiziaren inguruan, adenoma hori aztertzeko.
Zer lortu nahi zenuen ikerketarekin?
Giltzurruneko minbiziaren inguruan egin genuen ikerketa bateko emaitza onak heste lodian errepikatzen ziren ikusi nahi nuen, eta bide batez gaiaren inguruko informazioa zabaldu, ez baitago asko. Helburua heste lodiko peptidasak edo entzimak aztertzea izan da, gaixotasuneko hiru fase horietan: pertsona berberaren ehun osasuntsuan, tarteko fasean eta minbizian. Gainera, minbizia gradu edo estadio ezberdinetan ikertu nahi nuen, eta azken helburu nagusia izan da gaixoen plasma ikertu eta osasuntsuen plasmarekin alderatzea, aldaketak aztertzeko.
Prozesu horretan, nola lan egiten duzue?
Heste lodiko minbizia duten pertsonei egindako biopsietan, hiru motatako ehunak hartzen dira: tumorea duen ehuna, polipoa edo adenoma duen beste ehun bat, eta osasuntsu dagoen beste bat. Horrez gain, odola ere ateratzen zaio gaixoari eta, ondoren, adin eta sexu berdineko beste pertsona baten plasmarekin alderatzen dira. Lagin horietan guztietan, peptidasen aktibitatea ikertzen dugu.
Jendea prest agertzen al da proba horiek egiteko?
Ez dakit zergatik den, baina guri laborategira lagin asko iristen zaizkigu, beraz, suposatzen dut baietz. Nik, adibidez, 45 lagin erabili ditut. Hala ere, jende askori eragiten dio heste lodiko minbiziak, eta garrantzitsua da jendea halako ikerketetan parte hartzeko prest agertzea.
Zeini eragiten dio gehien gaixotasunak, gizonei edo emakumeei? Adinak badu zer ikusirik?
Gizonezkoei gehiago eragiten die, ia bikoitzari, emakumeekin alderatuz, eta, gutxi gora-behera, 50 urtetik gorako pertsonetan hasten da antzematen. Eusko Jaurlaritzak egin duen ikerketa batean ikusi da 50 eta 70 urte arteko gizonezkoetan eta emakumezkoetan, minbizia guztiak kontuan hartuta, heste lodikoa hirugarrena dela. Euskal Autonomia Erkidegoan, adin tarte horretako %8ri eragiten die. 70 urtetik gorako gizonezkoetan, portzentajea %11ra igotzen da. Emakumeei dagokionez, bigarrena da heste lodiko minbizia, bularrekoaren atzetik. Faktore genetikoa ere badu, eta hori kontuan hartu behar da.
Genetikoki trasmititzen den gaixotasuna al da heste lodiko minbizia?
Badago, bai, herentziaz jasotzeko aukera. Horregatik, komeni izaten da, senideren batek gaixotasuna badu, ingurukoek ere probak egitea, eta polipoak dituzten edo ez ikustea. Horretarako, Eusko Jaurlaritza eta Osakidetza prebentzio goiztiarraren inguruko kanpaina bat egiten ari dira, 50 eta 70 urte artekoei eskutitzak bidaliz. Nahi dutenei, kit moduko bat banatzen diete, gorotzetako odol ezkutuaren proba egiteko. Probak positibo ematen badu, kolonoskopia egiteko aukera ematen zaie, polipoak kendu eta arriskuak murrizteko.
Zergatik du gaixotasunak eragin gehiago gizonezkoetan?
Ez dago arrazoi zehatzik. Esaten dute minbiziak lotura duela tabakoarekin, dietarekin, sedentarismoarekin… eta hala da, baina ez dakigu zergatik ematen den desberdintasun hori emakumeen eta gizonen artean.
Tarteko fase hori aztertzeko aukerak bidea zabaldu dio heste lodiko minbiziaren diagnostiko goiztiarra egiteari?
Guk egin dugun ikerketa oso oinarrizkoa da. Aktibitate entzimatikoa bakarrik aztertu dugu eta emaitza politak azaldu badira ere, asko dago egiteko oraindik. Entzima hauetan aldaketak ikusi ditugu, baina ikerketa sakondu egin beharko litzateke, beste teknika batzuk erabili eta orain arte egindakoa ziurtatu. Argi pixka bat eman dugu, baina oraindik ikerketa asko egin beharko lirateke: jarduera aldaketa horiek zergatik gertatzen diren, proteina gehiago edo gutxiago dagoelako, proteina horrek aktibitate gehiago duelako edo ehun horietan gehiago adierazten delako…
Ikerketan, zein pauso emango dituzu orain?
Hurrengo urtean bost urte beteko dira laginen ikerketa egin genuenetik eta, orain, pronostikoa ikusi nahi dugu, ikusiz ikertu ditugun pertsona guzti horien artetik bizirik zenbat dauden eta zenbat ez. Horrekin jakin dezakegu bost urtean minbizi honek zein bilakaera izan duen. Hori da hurrengo pausoa.
Minbizia zergatik sortzen den jakiterik egongo al da inoiz?
Momentuz, ezin dugu minbiziaren zergatirik jakin. Heste lodiko minbiziaren kasuan adenoma-kartzinoma sekuentzia deskribatuta dago, minbiziaren bilakaera nola sor litekeen azaltzen duena, baina hura sortzeko arrazoi asko egon daitezke.