Beasaingo Batzokia kultur elkarteko eta Herriak Elkarlanean erakundeko kideak, San Silbestre Txikiaren aurkezpenean
Urtezahar egunean San Silbestre probak egingo dituzte Beasainen, Ordizian eta Legorretan. Beasainen eta Legorretan eguerdian hasiko dira lasterketak: Beasainen Gernika pasealekuan egongo da irteera eta helmuga puntua, eta Legorretan, plazan. Ordiziako proba, 18:30ean hasiko da, plazan hasi eta amaitu.
Izen eta ohitura handiko probak dira Beasaingoa eta Ordiziakoa, nahiz eta bigarrena herrikoiagoa izan. Beasainen bederatzi kilometroko ibilbidea osatu dute aurten ere, eta Ordizian 6 kilometro pasatxokoa. Legorretako lasterketa, erabat herrikoia izaten da, hiru kilometroko luzeerakoa. Bertan parte hartzeko egunean bertan eman behar da izena, udaletxean.
Beasaingo eta Ordiziako probetan parte hartzeko, berriz, www.kirolprobak.com helbidean eman behar da izena. Beasaingo proban korrikalariek txiparekin parte hartu behar dute, eta horiek proba egunean bertan hartu ahako dira, 10:00etatik 11:30era bitartean. Izen emate epea abenduaren 29an amaituko da, 20:00etan. Ordizian, izena emateko epea abenduaren 30ean amaituko da, 14:00etan. Beasainen 400 parte hartzailera egongo da mugatuta korrikalari kopurua, eta Ordizian 700 korrikalarira.
Umeen lasterketa, solidarioa
Beasainen, Ordizian eta Legorretan, helduentzako probak ez ezik, umeentzako lasterketak ere antolatzen dituzte. Helduen lasterketen aurretik izango dira umeenak. Aurtengo umeen Beasaingo proba, gainera, berezia izango da, solidarioa izango baita. Ume bakoitzak euro bat ordaindu beharko du proban parte hartzeko, eta trukean Herriak Elkarlanean erakundearen eskumuturrekoa jasoko dute. Bildutako dirua erakundea Beninen erakitzen ari den barnetegiko lanak ordaintzeko erabiliko dute.
Herriak Elkarlaneaneko kideak pozik azaldu dira ekimenarekin, «hemengo umeek hangoekin bat egin eta denen artean solidaritatea eta kontzientziazioa bultzatzeko». Aurreko urteetan 130 ume inguruk parte hartu dute proban, eta aurten ere beste horrenbeste izatea espero dute, «denen artean Beningo haurrei laguntzeko».
Zumarragan medira ibilaldia
Urteko azken egunean mendira joateko ohitura dute hainbat herritan, tartean Zumarragan. Hala, aurten 15. aldiz, bost gurutzetara ibilaldia egingo dute, Euskadi plazatik irten eta Agiña, Oleta, Samiño, Izazpi, Beloki, Antio eta Arkaitzeta gainak igaroz.
Ibilbide motza egiteko aukera ere badago, Izazpitik Arkaitzetara arteko zatia eginda. Mendizaleak 08:30ean abiatuko dira herri erdigunetik, eta 13:00etan mokadutxoa jango dute Arkaitzetan.