Goiekik antolatzen duen ekimen berrien sariketaren artxiboko irudia.
Joan den urteko maiatzeko udal eta foru hauteskunde emaitzek Goierriko mapa politikoa irauli zuten –Bildu izan zen lehen indarra–, ondoren udalen osaketak etorri ziren ekainean, eta udalez kanpoko erakundeetako ordezkarien izendapenak geroxeago. Izendapen horien artean Goiekiko ordezkarien aukeratzeak sortu du ika-mika gehien, Beasainen batez ere, baina baita Ordizian ere. Behin udaletan Goieki garapen agentziaren administrazio kontseilua osatzeko 11 ordezkariak izendatu eta gero, Goiekiren batzar orokorra egitea falta zen kontseilua bera osatua gera zedin. Batzar hori joan den ostiralean egin zen, eta ofizialki kontseilua osatua geratu da.
Batzar horretara Goierri beheko 18 udalerrietako alkateak zeuden deituta, baina ez ziren denak azaldu, 11 baizik. Patxi Plazaola aurreko agintaldian Beasaingo alkate (EAJ) eta artean Goiekiko jarduneko lehendakari zenak egin zituen batzarreko gidari lanak. Plazaolak herrietan izendatutako ordezkarien izenak irakurri zituen, eta galdetu zuen ea inork arazorik bazuen izendapen horiekin. «Inork ez zuen kontrako ezer azaldu, eta beraz, bozketarik ere ez zen egin; aho batez onartu zen kontseilu berria», adierazi du Igor Eguren Ordiziako alkate eta Goiekiko hurrengo lehendakari izango denak.
Batzar «oso arina» izan zen, eta «laburra», Egurenen arabera. «Plazaolak oso modu zintzoan hitz egin zuen, eta etorkizunera begirako hitzak izan zituen. Goiekiren garrantziaz jabetzeko eskatu zigun, gai estrategikoak daudelako esku artean, eta konfiantza izateko bertako langileengan».
Lehen administrazio kontseilua datorren astean egingo dute, hilaren 12an. Hor izendatuko dituzte lehendakari berria, lehendakariordea eta idazkaria. Eguren izendatuko dute lehendakari berri, txandaz Ordiziari baitagokio Goiekiren lehendakaritza.
Partaidetza zabalaren bila
Ordiziako alkateak argi izan du hasieratik «Goiekin parte hartzea eta erabakitzeko ahalmena zabaldu» egin nahi dutela, eta hori gauzatu ahal izateko formula egokien bila dabiltzala. «Formula juridikoak aztertzen ari gara kontseilua zabalagoa izateko, baina aldi berean eraginkorra izatea ere nahi dugu». Ordezkaririk ez duten alderdien eta gizarte eragileen presentzia bermatu nahi du Egurenek Goiekin.
Kontseiluko 11 ordezkariak
Bildu. Igor Eguren eta Belen Maiza (Ordizia), Azeari Andonegi (Lazkao), Igor Aierbe (Ataun), Bakartxo Mendez (Legorreta) eta Rosa Mari Urkia (Ormaiztegi).
Independenteak. Ioritz Imaz (Izal bai, Idiazabal) eta Iñaki Ugalde (Mutiloako Herri Kandidatura, Mutiloa).
PSE-EE. Ana Mari Crespo (Beasain).
PP. Julio Herreros (Beasain).
H1!. Joxi Insausti (Beasain).
Kontseilu berriak «erantzukizunez» jokatzea espero du Beasaingo EAJk
Beasaingo EAJren Buru Batzarrak joan den astean osatu zen Goiekiren administrazio kontseilu berriak «erantzukizunez jokatuko» duela espero du. Azken hilabeteetan Goiekiko ordezkarien izendapenen harira Ordiziako eta Beasaingo udaletan izan diren ika-miken nondik norakoak azaldu nahi izan ditu Beasaingo EAJk prentsa ohar baten bidez. EAJ ordezkaririk gabe geratu da Goiekiko kontseiluan, baina hala eta guztiz ere, jelkideek «Goiekirekiko duten ikuspegian eta laguntzan aldaketarik ez» dela izango nabarmendu dute.
Izendapen horietan EAJk izan duen jarrera azaltzeko, testuingurua ematea beharrezkoa dela iritzi dio Beasaingo EAJk. Goieki garapen agentziak Goierri beheko garapen sozioekonomikorako egitasmoak aurrera eramatea du helburu, eta «gertuko lotura» mantentzen du bai ekintzaile sozialekin eta baita enpresekin ere, oharrak dioenez. «Berrikuntza arloan eta ekintzailetzan erreferente nagusienetakoa da Euskadin». Goieki eskualdeko 18 herriek sortu zuten, eta udalak dira «agentziaren bazkide bakarrak». Kontseilu hori udaletako alkate eta zinegotzien artean aukeratutako 11 partaidek osatzen dute. «Goieki sortu zenetik, udal hauteskundeetako emaitzen proportzioak hartu izan dira kontuan administrazio kontseilua osatzeko, eta baita udaletan ordezkaritza duten talde politiko guztiek lekua izatea ere».
«Kontseilu anitza» helburu
D’Hont legeak ematen zuen ordezkari banaketa «malgutasun handiarekin» erabiltzen zen, «ordezkari gehien zituzten talde politikoek ordezkaritzarik lortzen ez zutenei haien ordezkaritzak eta botoak utziz». EAJren esanetan, «kontseilu anitza lortzeari eman zaio lehentasuna, gehiengo-gutxiengo joko politikoaren ordez».
EAJren iritziz, hori horrela izan da Bilduk gehiengoa lortu arte, eta horren adierazgarri, azken hiru agintaldien adibideak eman dituzte. «2003an, EAJ-EA koalizioa 8 ordezkariekin gelditu ordez, bostekin geratu zen, independenteei, EBri eta Aralarri bana eman ondoren; 2007an, EAJk 3 ordezkari lortu, eta bat PPri utzi zion, eta independenteek ere bat utzi zioten EB-Aralar koalizioari; 2011n, Bildukoek beren sei ordezkariei eutsi nahi izan diete, aniztasunaren eta akordioaren bideak jorratu ordez».
Beasaingo udal gobernuari «eskualdean duten gehiengoaz baliatuta, iniziatiba hartu eta akordioak aurrez landu eta lortzea» eskatu diete EAJk eta beste taldeetako zinegotziek, baina ikusita «aniztasunaren aldeko joera haustera zihoala», gobernu taldeak proposatutako izendapenak (Bildu eta EAJ) atzera bota, eta EAJk proposatutako H1! eta PPko ordezkari bana aukeratu zituzten, bi alderdi horiek Beasainen soilik lortu zutelako ordezkaritza. «Hori izan da Beasaingo EAJren jarrera eta jokabidea, nahiz eta bere ordezkariari uko egin». Horrez gain, gogoratu dute Ordizian EAJko ordezkariaren izendapena atzera bota, eta Bilduko bi izendatu zituztela.