Idiazabalgo Udalak inbertsioetarako 154.924 euro izango ditu aurten
Idiazabalgo Udalak inbertsioetarako guztira 154.924 euro izango ditu aurten, iaz baino 94.393 euro gehiago. Sarrera arruntak eta gastuak ere igo egingo dira. Horrela adostu zuten Izal Baiko eta Bilduko hautetsiek 2012ko aurrekontuak onartzeko abenduaren 15ean egindako udal osoko bilkuran. Aurten sarrera arruntak 2.750.000 eurokoak izango direla aurreikusi dute kontuetan. Iaz 2.600.000 euro jaso zituen udalak sarreretan. Beraz, %5,7ko igoera emango da aurten, batez ere, udalak tasak eta zergak igotzeko erabakia hartu duelako. Gastu arruntak ordaintzeko 2012an 2.595.076 euro erabiliko dituela aurreikusten dute. Iaz 2.539.469 euroko kostua izan zuten gastuek, beraz, %2,19ko hazkuntza izango dute aurten. Gastu arruntei dagokionean gehien haziko direnak pertsonal gastuak eta maileguen interesak izango dira. Pertsonal gastuek aurten %7,70eko igoera izango dute. Ioritz Imaz Idiazabalgo alkateak jakitera eman duenez, hazkuntza hori garbitzaileei maila bat igo zaielako eman da. «Garbitzaileek beste herri batzuekin alderatuz maila baxuagoa zutela eta, sindikatuen bidez beraien maila berrikusteko eskatu zuten, eta halaxe egin genuen». Horrela, Udalak Izal Bai eta Bilduko hautetsien adostasunarekin maila bat igotzeko erabakia hartu zuen. Maileguen interesek %71,43ko igoera izango dute aurten. Igoera hori udalak Txomenarenako parkearen epaiaren harira, eskatu zen maileguaren zati bat exekutatu duelako gertatu da. Udalaren asmoa da behar duten ahala mailegu hori ordaintzen joatea. «Epaileak esan [...]
Idiazabalgo Udalak inbertsioetarako guztira 154.924 euro izango ditu aurten, iaz baino 94.393 euro gehiago. Sarrera arruntak eta gastuak ere igo egingo dira. Horrela adostu zuten Izal Baiko eta Bilduko hautetsiek 2012ko aurrekontuak onartzeko abenduaren 15ean egindako udal osoko bilkuran.
Aurten sarrera arruntak 2.750.000 eurokoak izango direla aurreikusi dute kontuetan. Iaz 2.600.000 euro jaso zituen udalak sarreretan. Beraz, %5,7ko igoera emango da aurten, batez ere, udalak tasak eta zergak igotzeko erabakia hartu duelako.
Gastu arruntak ordaintzeko 2012an 2.595.076 euro erabiliko dituela aurreikusten dute. Iaz 2.539.469 euroko kostua izan zuten gastuek, beraz, %2,19ko hazkuntza izango dute aurten.
Gastu arruntei dagokionean gehien haziko direnak pertsonal gastuak eta maileguen interesak izango dira.
Pertsonal gastuek aurten %7,70eko igoera izango dute. Ioritz Imaz Idiazabalgo alkateak jakitera eman duenez, hazkuntza hori garbitzaileei maila bat igo zaielako eman da. «Garbitzaileek beste herri batzuekin alderatuz maila baxuagoa zutela eta, sindikatuen bidez beraien maila berrikusteko eskatu zuten, eta halaxe egin genuen». Horrela, Udalak Izal Bai eta Bilduko hautetsien adostasunarekin maila bat igotzeko erabakia hartu zuen.
Maileguen interesek %71,43ko igoera izango dute aurten. Igoera hori udalak Txomenarenako parkearen epaiaren harira, eskatu zen maileguaren zati bat exekutatu duelako gertatu da. Udalaren asmoa da behar duten ahala mailegu hori ordaintzen joatea. «Epaileak esan zuen 1.300.000 euro ordaindu behar dituela Idiazabalgo Udalak. Guk aurreikusten dugu 1.000.000 euroko maileguarekin moldatuko garela».
Gastu arrunten barruan, transferentzietan edota elkarte zein talde desberdinek jasotzen dituzten diru-laguntzetan jaitsiera emango da. Bi arrazoiengatik gertatuko da hori. 2011an gaztaren interpretazio zentroaren aretoa Artzai Gaztari utzi zion udalak, eta berau kudeatzeko diru-laguntza eman zion. Aurten kudeaketa sistema aldatu egingo da. Lehiaketa publikora aterako du udalak zein enpresak kudeatuko duen erabakitzeko. Ondorioz, berau kudeatzeko diru-laguntzan jaitsiera emango da. Bestetik, egoera ekonomikoa dela eta, herritarrak ez diren taldeei, erakundeei eta elkarteei orokorrean diru-laguntzak jaitsi egingo dizkie. Alkatearen hitzetan salbuespenak Goierri Telebista eta Goierriko Hitza egunkaria izango dira, horiei orain arteko kopuru bera emango baitie Idiazabalgo Udalak.
Bi inbertsio nagusi
Udalak aurten inbertsioetarako aurreikusten duen diru kopuruarekin bi lan egingo ditu. Batetik, Guraso Elkartearen aretoari sarreran aldapatxoa eraikiko diote, irisgarritasuna bermatzeko helburuarekin, egun eskailerak soilik baititu.
Obra horiek 35.000 euroko aurrekontua dute eta Eusko Jaurlaritzatik 10.000 euroko diru-laguntza jasotzea espero dute.
Bestetik, Zepai kaleko argiteria berrituko dute. Aita Iparragirre herri eskolaren inguruko farolek argi- kutsadura eragiten dute, eta zaharrak direnez, kontsumo altua dute. Bi arazo horiek konpondu asmoz kontsumo baxuagoko farolak ipiniko dituzte.
Lan horiek 50.000 euroko aurrekontua dute, eta Energiaren Euskal Erakundeak udalari gutxienez, 10.000 euro emango dizkiola aurreikusten dute.
Zergak eta tasak igo egingo ditu aurten udalak
Bi urtetan ez da igoerarik eman Idiazabalgo Udalak kobratzen dituen tasetan eta zergetan. Aurten egoera ekonomikoa «samurra ez denez», igo egingo dira tasak eta zergak. Hiri Lurra eta Landa Lurraren Gaineko Zergek esaterako, %2ko igoera izango dute. Igoera horrez gain, planteamendua berritzeko asmoa du Idiazabalgo Udalak. Ioritz Imaz bertako alkatearen hitzetan «garai ekonomiko kezkagarrien aurrean gaude, eta udalak bere zerbitzuak ahalik eta gehien bermatzearren zergak eta tasak zentzuz eta arduraz kobratu behar dituela pentsatzen dugu». Zentzu horretan, lehendabiziko planteamendu aldaketa Enpresen Jarduera Gaineko Zergan egin dute. Orain arte hiru indize aplikagarrietatik (jarduera berarena, fakturazioarena eta kokalekuarena) bakarra kobratzen zuen udalak, jarduerarena, hain zuzen. Hemendik aurrera bigarren bat ere ordaindu beharko dute enpresek, fakturazioaren araberakoa, zehazki esateko. «Zerga sistemari dagokionean, Idiazabalek adina enpresa duten beste herriekiko oso atzeratuta geundela ohartu gara, eta horregatik erabaki dugu beste indize bat kobratzen hastea».
Bigarren aldaketa nagusia ibilgailuen Gaineko Zergan egingo du udalak. Batetik, ibilgailu guztiei %3ko igoera aplikatuko die. Bestetik, berrikuntza planteatu du zerga horren kasuan ere. Motor handia duten ibilgailuek igoera handiagoa izango dute motor txikia dutenek baino. Hala, motor handia duten ibilgailuek %5eko igoera izango dute, eta motor txikia dutenek berriz, %1,5ekoa.
Hirugarren aldaketa Zaborraren Zergan egingo du udalak. Sasietak udalei %8ko igoera egingo diela aurreikusten dutenez, udal tasa horretan gutxi gora-behera %8ko igoera aplikatuko die udalak herritarrei.