Hiru dimentsioko argazkiekin espeleologiaz erakusketa Lazkaon
Antsoategi kultur elkarteak Astotxo egunaren inguruan ohitura duen bezala, erakusketa monografikoa ikusteko aukera dago Lazkaon. Kultur etxeko aretoan jarri dute, astelehenean ireki zuten, eta igandera arte egongo da zabalik, astean zehar egunero 18:00...
Antsoategi kultur elkarteak Astotxo egunaren inguruan ohitura duen bezala, erakusketa monografikoa ikusteko aukera dago Lazkaon. Kultur etxeko aretoan jarri dute, astelehenean ireki zuten, eta igandera arte egongo da zabalik, astean zehar egunero 18:00etatik 20:00etara, larunbatean 12:00etatik 14:00etara, eta igandean, Astotxo egunez, goiz osoan.
Hiru dimentsioko argazkiak izateak ematen dio berezitasuna bildumari. Alfredo Divasson espeleologo eta argazkilari eibartarrak osatua da, eta leize nahiz kobazuloetan hartuak dira irudiak.
«Nabarmentzekoa da paisaia hauekin lortzen den sakontasun sentsazioa», azaldu du Antsoategi elkarteak, lehen egunetik «jende asko» joan izanarekin gustura. «Jendea erabat harrituta geratzen da».
Anaglifo deritzaion teknikarekin sortuak dira argazkiak. Elkarren gainean bi argazki ezartzea da teknika horren oinarria, objektu berari angelu desberdinetatik atera zaizkionak.
Ikusleak, behaketarako, betaurreko berezi batzuk jantzi beharra dauka, sakontasun edo hiru dimentsioen sentsazioa jaso dezan. «Betaurrekoen efektuari esker garuna engainatzen dugu, eta erliebean ikus daitezke irudiak».
Antsoategi elkarteak aurtengoarekin hamazazpi erakusketa atondu ditu, gai askori buruz.













