Ataun futbol taldea, Argentinan txapeldun
Buenos Aires hiriburuaren hegoaldeko eskualdeetan jokatzen dute Liga Vascogermana, Lomas de Zamora eta Almirante Brown barrutietan. Euskaldunen eta alemaniarren komunitateetan du sorburua zaletuen arteko txapelketak, 1999an hasia. Ataun taldea izan zen sortzaileetakoa, beste zortzi lagun-talderekin batera. Gaur egun izugarrizko dimentsioa du ligak. Lau mailatan bereizten dute —A, B, C eta D—, eta bakoitza, aldi berean, 2, 4, 7 eta 10 azpimailatan banatuta dago; bakoitzean 14na talde aritzen dira. Denera 322 futbol taldek parte hartzen dute Liga Vascogermanan. Eta, guztietan onena, Ataun. Bigarren aldiz irabazi du goierritar izeneko lagun-taldeak lehiaketa. Lehenago, 2001eko irekiera torneoan nagusitu zen. Orduko zazpi jokalari ditu oraindik gaur egungo taldeak. Urtean bi torneo izaten dituzte, Hego Amerikako eran: irekierakoa, martxotik uztailera; eta itxierakoa, abuztutik abendura. Hain zuzen, azken itxiera torneoaren finalean Strombergi «penaletan» irabazi zion Llavallol hiriko Ataunek, Gabon aurretxoan. Balioko gol bat ere ezeztatu zion epaileak aurrez. Finalaurrekoa, berriz, 1868 Kusel taldeari irabazi zion, 2 eta 1, «Club Alemaneko zelaian jokatutako partida onentsuenean». Lehiaketaren web ofizialean (www.vascogermana.com.ar) dioenez, lehia geroz eta estuagoa da liga horretan. «Ataun taldeak, hamarkada baten ondoren, atzera garaikurra jaso du, lehiaketa geroz eta zailagoa den arren. Beraien garaia pasatu zela uste zutenentzat, ahalmena frogatzen duen adibidea da». Euskal Herrian baino euskal izen [...]
Buenos Aires hiriburuaren hegoaldeko eskualdeetan jokatzen dute Liga Vascogermana, Lomas de Zamora eta Almirante Brown barrutietan. Euskaldunen eta alemaniarren komunitateetan du sorburua zaletuen arteko txapelketak, 1999an hasia. Ataun taldea izan zen sortzaileetakoa, beste zortzi lagun-talderekin batera.
Gaur egun izugarrizko dimentsioa du ligak. Lau mailatan bereizten dute —A, B, C eta D—, eta bakoitza, aldi berean, 2, 4, 7 eta 10 azpimailatan banatuta dago; bakoitzean 14na talde aritzen dira. Denera 322 futbol taldek parte hartzen dute Liga Vascogermanan. Eta, guztietan onena, Ataun.
Bigarren aldiz irabazi du goierritar izeneko lagun-taldeak lehiaketa. Lehenago, 2001eko irekiera torneoan nagusitu zen. Orduko zazpi jokalari ditu oraindik gaur egungo taldeak. Urtean bi torneo izaten dituzte, Hego Amerikako eran: irekierakoa, martxotik uztailera; eta itxierakoa, abuztutik abendura.
Hain zuzen, azken itxiera torneoaren finalean Strombergi «penaletan» irabazi zion Llavallol hiriko Ataunek, Gabon aurretxoan. Balioko gol bat ere ezeztatu zion epaileak aurrez. Finalaurrekoa, berriz, 1868 Kusel taldeari irabazi zion, 2 eta 1, «Club Alemaneko zelaian jokatutako partida onentsuenean».
Lehiaketaren web ofizialean (www.vascogermana.com.ar) dioenez, lehia geroz eta estuagoa da liga horretan. «Ataun taldeak, hamarkada baten ondoren, atzera garaikurra jaso du, lehiaketa geroz eta zailagoa den arren. Beraien garaia pasatu zela uste zutenentzat, ahalmena frogatzen duen adibidea da».
Euskal Herrian baino
euskal izen gehiago
Liga Vascogermanaren A1 goren mailan jokatu duten 14 taldeen artean daude, Ataunez gain, Astigarraga, Elgoibar (lau aldiz txapeldun izana) eta Elizondo ere. Alemaniar izendapenekoak dira beste hamarrak.
Ataun taldeko jokalari Luciano Brunettik aitortu du zoriz aukeratu zutela Goierriko herriaren izena berentzat, duela 13 urte. «Euskal Herriko herriren batena behar genuen. Izendegia hartu, Ataun izena gustatu, eta halaxe jarri genion», dio Brunettik.
Berak ez dauka euskaldun jatorririk. Llavallolgo Euskal Etxean ibili zen ikasten, futboleko kide ia guztiak bezala, eta handixe lotu zitzaizkion euskotar-alemaniar ligan sartzeko zilborresteari.
Ligako beste mailetan, ezin konta ahala euskal izen daude, gehienak lekuizenenak —Altzaga, Pamplona, Artabia, SD Amorebieta, Motriku, Baigorri, Ezka, Lecaroz, Zurriola, Ituren, FC Euskadi, Iparralde…—; baita kirol klubenak ere —Deportivo Bidasoa, Alaves, Biarritz Olympique, Osasuna—; edo izen arruntak eta kontzeptuak —Borborka, Indarra, Bietan Jarrai, Gaskon, Lizarazu, Sai Arre, Kortatu, Kristau, Euskirchen, Kirol Arrampa, Biltokia Medikua, Euskero…—.
Honako kideek osatzen dute gaur egun Ataun talde txapelduna: Alvaro Migniaqui, German Bischoff, Alejandro eta Luciano Brunetti anaiak, Arnoldo Carmona, Gaston Caruso, Lucas Clerico, Matias D’Angio, Ariel eta Fernan Diaz Videla, Hernan Grimaldi, Maximiliano MOral, Gustavo Napoli, Santiago Perez, Hernan Quatromano, Martin Soubeste, Pablo Stillitano, Gustavo Stingo eta Javier Tombetta. Zuzendari teknikoa Silvio Fernandez dute.
Ataun herrian izan gabe dagoela aitortu zuen Brunettik duela urte batzuk egunkari honekin egindako elkarrizketan. Futboleko elastikoan, bizkar aldean hizki handiz, harro erakusten dute, ordea, Ataun. Larruazalean izen hori tatuatu duenik ere bada.













