Kirol hitzarmenaren gaiari irtenbidea emateko eskatu du Zumarragako Bilduren udal taldeak
Zumarragako eta Legazpiko udalek kirol instalakuntzen erabilerarako zuten hitzarmenaren inguruan sortutako ika-mikak indarrean jarraitzen du oraindik. Zumarragako Bildu koalizioaren udal taldeak, prentsa ohar bidez, 1998. urtetik indarrean zegoen akordioaren hausturaren inguruko balorazioa egin du. Kepa Urtzelai Legazpiko alkateari eta Mikel Serrano Zumarragako alkateari elkartzeko deialdia egin die, gaiari irtenbidea emateko.
Lehenengo eta behin, hitzarmenaren haustura «atzerapausoa» dela dio Zumarragako Bilduk, izan ere, «zumarragarrek duten kirol eskaintza murriztu da». Hala ere, koalizioak «etete honek itunaren inguruan arazoak zeudela adierazten du, eta horrek akordioa berraztertzera behartzen gaituela uste dugu».
Zumarragako Bildu Goierri Garaiko herrien artean hitzarmen bat adostearen alde agertu da. «Urretxu gehitzeko une egokia izan daiteke, badakigu Zumarragak horretarako eskaintzak izan dituela. Orain artean indarrean egon den akordioa apurtu izanak ez du esan nahi denontzat onuragarria den beste bat lortu ezin daitekeenik».
Arazoaren irtenbide gisa, Gipuzkoako kirol txartelaren garapena ikusi du Zumarragako Bilduren udal taldeak. «Zumarragako Udalari aukera hori azaldu zaiola badakigu. Egitasmo horren aurrean, jarrera komun bat aurkeztea interesgarria litzatekeela gaude, batez ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren inplikazioa lortze aldera».
Mikel Serrano Zumarragako alkateak aurreko astean egindako adierazpenen inguruan zenbait zehaztapen egin ditu Bilduren udal taldeak. Legazpiko Kirol Patronatuak 2011ko urtarrilean hartu zuen kirol instalakuntzen erabileraren gainean Zumarragako Udalarekin zuen hitzarmena hausteko erabakia. Zumarragako Udaleko kirol batzordean honen berri eman zuten aurreko urteko azaroaren 15ean. Serrano alkateak bi hilabeteko epea eskatu zion Legazpiko alkate Urtzelairi abenduaren 27an. «Zergatik ez zuen irtenbide bat lehenago bilatu? Beharbada arazoa zegoela ukatzen zuelako?».
Zumarragako Bilduk itunaren haustura arazo «sakonagoa» zegoelako gertatu dela uste du. Legazpira doazen erabiltzaileen kopurua ez diotela eman esan zuen Serranok bere agerraldian. «Orduan, nolatan jar dezake zalantzan masifikazioa? Nola daki Zumarragako Ispilla kiroldegiak dituen 2.500 erabiltzaileetatik 50 bakarrik direla Legazpira doazenak?».
Arazoaren erroetara joanda, Zumarragako Bilduko kideei sortutako galdera ondokoa da: «Zergatik joaten ote dira Zumarragako erabiltzaileak Legazpira eta ez alderantziz? Zumarragako kiroldegiko instalakuntzen egoera tamalgarriagatik izan daiteke». Kiroldegiko instalazioen berrikuntza eskatu du Bilduk. «Baina, Zumarragan dirua interpretazio zentroak egiten xahutzen dugu. Serranok erabiltzen duen aitzakia, Aldundiak dirurik ematen ez diola, ez digu balio».













