Lazkaon atentatua egiteagatik 9 urteko zigorra etakide bati
Espainiako Auzitegi Nazionalak bederatzi urteko kartzela zigorra jarri dio Manex Castrori, 2009ko otsailaren 23an PSE-EEren Lazkaoko egoitzan lehergailuz atentatua egitea egotzita. «Terrorismo eta leherkari gordetze» delitu bana egotzi dizkio, aurreko asteazkenean ateratako epaian. Auzian inputatutako bigarren pertsona bat, Mikel Garmendia, kargurik gabe absolbitu egin du epaimahaiak. Atentaturako bere furgoneta erabili zuten, epaiaren arabera, baina Castro ETAko kide zenik eta lagunak ibilgailua zertarako hartu zion Garmendiak ez zekiela dio sententziak. Azaroaren 10ean izan zen epaiketa, Madrilen. Fiskalak Castrorentzat 25 urteko zigorra eskatu zuen, eta Garmendiarentzat zortzi urtekoa. Epaimahaiko Fernando Garcia, Angel Hurtado eta Jose Ricardo Prada epaileek sententzia Castrok bere burua inkulpatu izanean oinarritu dute batik bat, «lekuko froga batzuekin» batera. Sententziaren arabera, 2009ko otsailaren 23ko goizaldean ETAko Ezuste komandoaren zati zen Azti taldekoek —Castrok eta beste ustezko bi kidek osatua— eraman zuten lehergailua Lazkaora. PSE-EEren egoitzako horma bazterrean utzi zuten, motxila batean. Eztanda egingo zuela esanez DYAra deitu baino hamar minutu lehenago, 01:05ean, ingurutik pasatu zen Ertzaintzaren patruila batek bizkar-zorroa ikusi zuen kalean, eta «susmoa piztu» zien. Kalteak egoitzan eta etxeetan Leherketa 03:00etan izan zen. PSE-EEren Herriko Etxean «kalte nabarmenak» eragin zituen, epaiak jaso duenez, eta inguruko 30en bat etxetan leihoak hautsi eta pitzadurak atera zituen. Etxeetako kalteak 762.458 euroan [...]
Espainiako Auzitegi Nazionalak bederatzi urteko kartzela zigorra jarri dio Manex Castrori, 2009ko otsailaren 23an PSE-EEren Lazkaoko egoitzan lehergailuz atentatua egitea egotzita. «Terrorismo eta leherkari gordetze» delitu bana egotzi dizkio, aurreko asteazkenean ateratako epaian.
Auzian inputatutako bigarren pertsona bat, Mikel Garmendia, kargurik gabe absolbitu egin du epaimahaiak. Atentaturako bere furgoneta erabili zuten, epaiaren arabera, baina Castro ETAko kide zenik eta lagunak ibilgailua zertarako hartu zion Garmendiak ez zekiela dio sententziak. Azaroaren 10ean izan zen epaiketa, Madrilen. Fiskalak Castrorentzat 25 urteko zigorra eskatu zuen, eta Garmendiarentzat zortzi urtekoa.
Epaimahaiko Fernando Garcia, Angel Hurtado eta Jose Ricardo Prada epaileek sententzia Castrok bere burua inkulpatu izanean oinarritu dute batik bat, «lekuko froga batzuekin» batera.
Sententziaren arabera, 2009ko otsailaren 23ko goizaldean ETAko Ezuste komandoaren zati zen Azti taldekoek —Castrok eta beste ustezko bi kidek osatua— eraman zuten lehergailua Lazkaora. PSE-EEren egoitzako horma bazterrean utzi zuten, motxila batean. Eztanda egingo zuela esanez DYAra deitu baino hamar minutu lehenago, 01:05ean, ingurutik pasatu zen Ertzaintzaren patruila batek bizkar-zorroa ikusi zuen kalean, eta «susmoa piztu» zien.
Kalteak egoitzan eta etxeetan
Leherketa 03:00etan izan zen. PSE-EEren Herriko Etxean «kalte nabarmenak» eragin zituen, epaiak jaso duenez, eta inguruko 30en bat etxetan leihoak hautsi eta pitzadurak atera zituen. Etxeetako kalteak 762.458 euroan zenbatu ditu auzitegiak, eta ibilgailuenak beste 5.251 euroan.
Castro 2009ko martxoan atxilotu zuten, Villabonan (Gipuzkoa). Inaxio Uria enpresari azpeitiarraren hilketagatik auzipetuta dago, eta Hernaniko Santa Barbara mendian «bi bonba-tranpa» jarri izana egotzita 382 urteko kartzela zigorra jaso zuen.
Lazkaoko atentatuaren biharamunean, etxea kaltetu zitzaion lazkaotar batek Antsoategi tabernaren atea puskatu zuen. Hari 12.000 euroko kalte ordaina ematera behartu du epaiak Castro.













