Xanet Imazek irabazi du Bost Herrien Arteko Pilota Txapelketako finala, nagusietan
IX. Bost Herrien Arteko Pilota Txapelketako txapela Xanet Imaz segurarrak jantzi du helduetan, Unai Atxa zagamarrari 22 eta 21ko emaitzarekin irabazi eta gero. Pilota txapelketako finalak Zerainen jokatu zituzten igandean, urtarrilaren 8an, goizeko h...
IX. Bost Herrien Arteko Pilota Txapelketako txapela Xanet Imaz segurarrak jantzi du helduetan, Unai Atxa zagamarrari 22 eta 21ko emaitzarekin irabazi eta gero. Pilota txapelketako finalak Zerainen jokatu zituzten igandean, urtarrilaren 8an, goizeko hamarretan hasita. Frontoian jende asko bildu zen, eta antolatzaileen hitzetan giro «oso ona» sortu zen.
Helduen mailan, Xanet Imaz eta Unai Atxa oso parekatuta aritu ziren. Partida gogorra izan zen, abiadura handikoa. Bukaera aldera, Atxa Imaz baino gehixeago nekatu zen, eta azkeneko tantoa segurarrak egin zuen.
Nagusien mailako norgehiagokaz gain, benjamin, alebin eta kadete mailetako partidak ere jokatu zituzten.
Benjamin mailan, Ane Mintegik eta Julen Balerdik Iñigo San Pedro eta Jokin Gelbenzu izan zituzten aurkari. Lehendabizikoek irabazi zuten lehia, 16 eta 7ko emaitzarekin. Patxi Etxeberria antolatzailearen hitzetan Ane Mintegik «izugarrizko erakustaldia» eman zuen.
Alebinetan Joseba Urkizarrek eta Ibai Urteagak Xabier Agirreren eta Aimar Ormazabalen aurka jokatu zuten. Kasu horretan ere lehendabizkoek irabazi zuten 16 eta 11ko emaitzarekin.
Kadeteen mailan, Iñigo Intxaustik Iban Matxinandiarena izan zuen aurkari. Bigarrenak irabazi zuen 22 eta 17ko emaitzarekin. Partidaren erdi aldera arte parekatuta aritu ziren. Erditik aurrera, Matxinandiarenak hobeto jokatu zuen, eta horrek garaipena lortzeko balio izan zion.













