Hamahiru mendi irteera egingo ditu aurten Goierrik, Euskal Herrian hamar
Urretxuko Goierri elkarteko mendi sailak 2012ko ibilaldien egutegia kaleratu du. Hamahiru irteera programatu dituzte osotara eta gehienak Euskal Herriko mendietan egingo dituzte.
Irimoko igoera alde batera utzita, urtarrilaren 29an hasiko dute irteeren denboraldia. Gipuzkoako Pagoetako Parke Naturalera joango dira egun horretan. Zestoan hasiko dute ibilbidea, Aian bukatzeko. Maiatzean ere Gipuzkoako maldetara itzuliko dira: 20an Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxa egingo dute Urretxun eta Zumarragan, Ostadar mendi elkartearekin batera, eta 27an, Jaizkibelera joango dira, Hondarribiaren eta Pasaiaren arteko bidean.
Bizkaira, Nafarroara eta Nafarroa Behereara irteera bana egingo dute aurten. Bizkaira otsailaren 26an joango dira, eta Kolitza eta Garbea tontorrak igoko dituzte. Nafarroara, berriz, apirilaren 29an egingo dute txangoa. Irteera honetan Mendaurko mendigunean ibiliko dira, lau gailur igotzeko: Mendibilla, Loitzate, Ekaitza, eta Mendieder. Nafarroa Beherean, azkenik, Iparla mendigunera joango dira, azaroaren 11n. Beste lau gailur zapalduko dituzte hemen.
Arabara ere joango dira, hiru alditan: martxoaren 25ean, urriaren 21ean eta abenduaren 16an. Lehen irteeran Valderejoko Parke Naturalera joango dira, eta bertan Vallegrull, Recuenco eta Arrayuelas mendietara igoko dira. Urrian Entzia mendizerra zapalduko dute, 1.100 metrotik gorako bi gailur egiteko. Abenduan, denboraldia ixteko, Gasteizko mendietara irteera egingo dute, Lendiz, Kurutzmendi eta Olarizu mendietara, hain zuzen. Irteera honen atzetik mendizaleen bazkaria egingo dute, urteroko ohiturari eutsiz.
Azkenik, Urretxuko mendi elkarteak Pirinioetara hiru irteera ere programatu ditu 2012rako, bi egunetakoak. Uda garaian egingo dituzte hauek: ekainean, uztailan eta irailean. Ekainaren 16an eta 17an Larrau eta Linza inguruetan ibiliko dira, Otsogorrigaina, Ukerdi eta Budogia mendietara igoko dira hil honetan. Uztailaren 21ean eta 22an Agüerri eta Bisaurin mendiak igoko dituzte, eta bigarren hau izango da 2012 urtean igoko duten mendi garaiena, 2.670 metrorekin. Azkenik, irailaren 15ean eta 16an Pirinioetako Oroel, Vertice eta Anayet mendietara irteera egingo dute.
Urtarrilaren 27an, bestalde, 2011 urteko mendi irteeretan ateratako argazkien proiekzioa egingo du Goierri elkarteak. 20:00etan hasiko dute emanaldia, Urretxuko Labeaga aretoan.














