“Lan zientifiko bat ez da, esamesak ere jasotzen baititut liburuan”
Angel Irigorasek (Zegama, 1954) hezkuntzari buruzko liburua kaleratu zuen abenduan. Herriko gai bat oinarri hartuta egiten duen laugarren lana da. Zeregin horietan nola hasi zen eta nola lan egiten duen izan du hizpide. Liburuen inguruko xehetasunak ere eman ditu. Aurten laugarren liburua atera duzu. Zerk bultzatuta hasi zinen? Herri minak edo herriko hainbat gauza jakiteko desioak bultzatuta hasi nintzen. Askotan taberna edo lagun artean aipatzen ditugu gauza horiek, baina hor geratzen dira. Lehendabiziko liburua idazten hasi aurretik istripua izan nuen, eta hamar hilabetez bajan egon nintzen. Lehendabiziko zegamarrak zein ote ziren galdezka hasi nintzaion nire buruari. Artzainak izango zirela eta, gai horri tiraka hasi eta informazioa bildu nuen. Artzaintza, herri zapalkuntza, Zegamako papelera eta hezkuntza aukeratu dituzu gai moduan. Guztiak Zegaman oinarritutakoak. Baina zergatik gai horiek? Askotan gai batek bestea ekartzen du. Artzainei buruzko liburua idatzi aurretik, informazio bila nenbilela gauza asko aurkitu nuen. Gerra zibilean hainbat herritar gorri-separatista hil zirela jakin nuen, esaterako. Sekula entzun gabeko kontuak ziren, eta interesa sortu zitzaidan. Artzaintzari buruzko gaiak beraz, gerra zibilari buruzkoa idaztea ekarri zuen. Bestalde, papelera Zegamako enpresa garrantzitsu bat izan zen, eta herriko langileei buruz zerbait egin nahi izan nuen. Ezer bildu gabe zegoen horri buruz, eta merezi zuela pentsatu [...]
Angel Irigorasek (Zegama, 1954) hezkuntzari buruzko liburua kaleratu zuen abenduan. Herriko gai bat oinarri hartuta egiten duen laugarren lana da. Zeregin horietan nola hasi zen eta nola lan egiten duen izan du hizpide. Liburuen inguruko xehetasunak ere eman ditu.
Aurten laugarren liburua atera duzu. Zerk bultzatuta hasi zinen?
Herri minak edo herriko hainbat gauza jakiteko desioak bultzatuta hasi nintzen. Askotan taberna edo lagun artean aipatzen ditugu gauza horiek, baina hor geratzen dira. Lehendabiziko liburua idazten hasi aurretik istripua izan nuen, eta hamar hilabetez bajan egon nintzen. Lehendabiziko zegamarrak zein ote ziren galdezka hasi nintzaion nire buruari. Artzainak izango zirela eta, gai horri tiraka hasi eta informazioa bildu nuen.
Artzaintza, herri zapalkuntza, Zegamako papelera eta hezkuntza aukeratu dituzu gai moduan. Guztiak Zegaman oinarritutakoak. Baina zergatik gai horiek?
Askotan gai batek bestea ekartzen du. Artzainei buruzko liburua idatzi aurretik, informazio bila nenbilela gauza asko aurkitu nuen. Gerra zibilean hainbat herritar gorri-separatista hil zirela jakin nuen, esaterako. Sekula entzun gabeko kontuak ziren, eta interesa sortu zitzaidan. Artzaintzari buruzko gaiak beraz, gerra zibilari buruzkoa idaztea ekarri zuen. Bestalde, papelera Zegamako enpresa garrantzitsu bat izan zen, eta herriko langileei buruz zerbait egin nahi izan nuen. Ezer bildu gabe zegoen horri buruz, eta merezi zuela pentsatu nuen. Papelerari buruzko informazioa biltzen ari nintzela hainbat eskolei buruzko materiala aurkitu nuen, eta gai horri ere heltzea pentsatu nuen. Horiek ere gure herriaren historiaren parte dira eta beraz, antzea pentsatu nuen.
Non aurkitzen duzu informazioa?
Gerra Zibilari buruzko liburua egin nuenean Beasaingo udal artxibora joan nintzen, eta han niretzako interesgarria zen materiala aurkitu nuen. Normalean, ordea, herriko jendearekin egonda lortzen ditut datuak. Gure herriari buruz idazten dutena ere jaso egiten dut. Hezkuntzari buruzko liburuan konkretuki zorte handia izan nuen. Zegamako Dorleta Alzelai irakasleak hezkuntzari buruzko lan bat zeukan eginda, eta hura utzi zidan begirada bat emateko. Hainbat datu interesgarri jaso nuen bertatik.
Informazioaz gain, hainbat argazki ere publikatu ohi duzu zure lanetan.
Bai, hala da. Baserri edo etxe askotan kartoizko edo txapazko kaxetan gordeta edukitzen dituzte argazkiak. Normalean argazki zaharrak izan ohi dira. Historiaren parte dira eta duela 10-12 urte lehendabizko lana egiten hasi nintzenean jendeari informazioaz gain, argazkiak eskatzea pentsatu nuen. Argazkiek ere informazio asko ematen dute. Gainera, jende askok ez du irakurtzeko ohiturarik, baina Santuak ikustea gustatzen zaio. Beraz, nire lanetan argazkiak ere sartzen ditut. Horregatik esan daiteke bi liburu direla, bata irakurtzeko eta bestea ikusteko. Azken liburu honetan, esaterako 400 bat argazki daude.
Zuk fabrikan lan egiten duzu. Informazioa biltzen eta idazten zenbat denbora igarotzen duzu?
Ezin dezaket esan zehatz zenbat denbora igarotzen dudan. Gauza baten bila nabilenean edo elkarrizketa bat egiterakoan agian bi edo hiru bidaia egin behar izaten ditut leku berera. Gero ordenagailuan ere ni aritzen naiz. Muntatze lan guztia nik egiten dut. Egia esan ez ditut gehiegi kontrolatzen teknologia berriak, eta orri bat egiten denbora asko igarotzen dut, baina ez dut kontuan hartzen, gustuko lana da eta.
Zein harrera izan dute zure lanek?
Herritarrak harritu egiten dira horrelako gauzak biltzen ditudalako, baina harrera ona izaten dute liburuek. Jendeari gustatu egiten zaio bere herriari buruzko hainbat kontu irakurtzea.
Oraingo lanean herriko eskolak aztertu dituzu.
Bai, herrian zein ikastetxe izan ziren, noiz egin zituzten eta beraiek sortzen nork parte hartu zuen aipatu dut liburuan. Oraingo gazteek ez dute jakingo esaterako Otzaurten eskola egon zenik, eta interesgarria iruditu zait datu horiek biltzea. Eskola horiek nola funtzionatzen zuten ere aipatu dut. Herrigunetik kanpoko auzo gehienetan esaterako, ez zen maisu ofizialik izaten. Askotan idazten eta kontuak egiten zekien edonork ematen zituen eskolak. Auzokoek beraiek aurkitzen zuten maisua, edo beraiek jartzen zuten dirua. Horrelako kontuak ere aipatu ditut.
Eskolei buruzko informazioaz gain elkarrizketak ere sartu dituzu.
Bai, 97 urte dituen señorita Carmenekin egoteko aukera izan nuen. Duela sei urte beste irakasle bat ere elkarrizketatu nuen, eta gorde egin nuen elkarrizketa. Zoritxarrez 2011ko maiatzean hil zen. Ikastola sortu zuten lehendabiziko irakasleekin ere egon nintzen. Egia esan, elkarrizketa gehiago sartu nahi nituen, baina ezinezkoa izan da. Moztu egin behar izan dut, bestela liburuak ez zuen bukaerarik izango.
Zuk zein ikastetxetan ikasi zenuen?
Nik sei urterekin mojetan ikasi nuen. Dena den, garai hartako kontuekin ez naiz ondo gogoratzen. Gero eskola nazionalean ibili nintzen On Tomas Arrietarekin lehendabizi, eta On Tomas Cabezonekin gero. 10 urterekin berriz, Beasaingo fraideetara joan nintzen eta handik berriz, Goierrira. 16 urterekin bukatu nituen ikasketak Goierrin, eta lanean hasi nintzen.
Zein oroitzapen duzu zuk zure ikasle bizitzaz?
Orduan konbentzimendurik ez zen. Gauzak nondik datozen erakutsi beharrean, edota pentsatzen irakatsi ordez, memorizatzen erakutsi ziguten Zegamako eskola nazionalean. Eta egurraren poderioz, gainera. Beasaingo fraideetan ere egurtu egiten gintuzten ikasi genezan. Baina oroitzapen onak ere baditut, esaterako nire ikaskideekin bizitakoak. Zertxobait ere ikasi genuen. Dena ez zen txarra, beraz.
Lan hori egin aurretik Zegamako hezkuntzari buruz zenuen ikuspuntua eta orain duzuna bat datoz?
Ez. Gauza asko ez nekizkien, eta harritu egin naute. Gure auzoan, behe aldean, eskola bat egin nahian ibili zirela dokumentatuta dago, eta nik ez nekien ezer. Ziur asko beste askok ere ez. Gauza denak biltzeak zalantzarik gabe irudi orokor bat egiten laguntzen dizu, eta lehen zenuen ikuspegia aldatzen.
Gustura geratu zara emaitzarekin?
Orokorrean gustura geratu naiz, baina egia esan gehiago luzatu nezakeen lana. Gauza asko geratu dira kanpoan. Liburua, ordea, ez da profesional batek egindakoa, eta nik uste dut hasteko balio duela. Beste batzuk zirikatzeko edota zerbait kuriosoa egin daitekeela jendea konturatzeko balio dezake, eta alde horretatik pozik nago. Bestalde, aipatu ez dela lan zientifiko bat, hainbat datuez gain, esamesak ere jasotzen baititut. Jendeak gustuku izaten ditu horrelako kontuak ere.
Diru-laguntzarik izaten duzu lan horiek egiteko?
Lehendabiziko liburua herriko elkarte baten izenean egin nuen. Elkarte bezala lan egingo genuela esanez, udalera jo genuen, eta aldundiak diru laguntza eman zezan zuzemenak egiteko eskatu genien. Momentu hartan ez zegoela dirurik erantzun ziguten. Hala, elkartetik gutun batzuk bidali genituen enpresa batzuetara, eta Ampotik laguntza jaso genuen. Hori ikusita, ez zegoen atzera egiterik, eta herriko dendetara zein tabernetara ere joan nintzen. Publizitatearen truke laguntza txiki bat eman zidaten. Jendeak ondo hartu zuen, eta beraz, diru pixka bat lortu genuen. Mila ale atera genituen, eta etxe denetan banatu genituen, doan.
Eta beste hiruen kasuan?
Gerra zibilari buruzko liburuaren kasuan, Beasainen ere izan nintzen, eta bertako informazioa ere azaltzen zenez, guztira 300 bat ale saltzea lortu nuen. Papelerari buruz egindako liburuaren kasuan, Eusko Jaurlaritzak 200 ale erosi zituen, eta EAEko kultur etxeetan banatu zituen. Oraingoan ia bi hilabeteko soldata inbertitu dut, eta nik uste dut berreskuratuko dudala. Dena den, aipatu niretzat hobby bat dela, eta diru kantitate jakin bat hor gastatzea ez zaidala inporta. Pentsatzen dut, gainera, zorrik ez dudala egingo, orain arte bezala, ziur asko herritarrek laguntza emango didatelako, liburua erosiz.
Bestelako laguntzarik izaten duzu?
Bai, jendearekin harremanetan egoten naiz, kalaka ematen diet, eta beraien materiala ekartzen didate. Bestalde, idazten ez nago ohituta, eta zuzentzeko garaian laguntza izan ohi dut. Musutruk egiten dute, gainera, lan hori. Eskerrak eman izan dizkiet, sekula ez, ordea, nahikoa.
Beste proiekturik edo ba al duzu buruan?
Buruan gai asko ditut, esaterako, San Adrian, baina denboralditxo bat hartu nahi dut atseden hartzeko, eta gertukoei lasaitasun pixka bat emateko.