Aro digitalerako liburutegia
Teknologia berrien zabalkundeak aldaketa ugari eragin ditu irakaskuntza arloan. Garai bateko koadernoen ordez, egun ikasle bakoitzak bere ordenagailu eramangarria erabiltzen du. Eta ohiko liburuen ordez gero eta gehiago erabiltzen dira eduki eta euskarri digitalak. Eduki horiek behar bezala jaso eta kontsultatu ahal izateko, eduki digitalen zentroa zabaldu dute Goierri Berrikuntza Gunean. Ikasle, irakasle nahiz ikerlarientzat dagoeneko zabalik dago zerbitzua, eta laster, enpresetara eta eskualdeko beste eragile batzuengana zabaltzeko asmoa dute. Goierri Berrikuntza Gunearen eraikina 2009an estreinatu zuten. Eraikin horretan, 425 metro koadroko gune bat gorde zuten, liburutegia eta ikasketa gelak hartzeko. Harrezkero, liburutegi hori edukiz eta baliabidez hornitzen aritu dira. Jose Manuel Hernandez, Ikasteko eta Ikertzeko Baliabideen Zentroko (IIBZ) arduradunak azaldu duenez, «hau guztia martxan jarri aurretik, inkesta batzuk egin genituen ikasleen eta irakasleen artean, eta hor jaso genuen bazegoela behar bat». Berrikuntza gunea sortu zenean, ikasle eta irakasleen beharrak ere aldatu egin ziren, eta «bibliografia teknikoa eta zientifikoa» behar zutela ikusi zuten. Hala, 2011. urtean zehar, liburutegia «baliabide bibliografikoz eta ez bibliografikoz» hornitu dute. Behin azpiegiturak bermatuta, helburua «katalogoa osatzea» da, Hernandezen ustez. «Egun oraindik material gutxi dugu. Eguberri aurre horretan zabaldu dugu zerbitzu hau, eta orain bibliografia hori osatu nahian ari gara. Orain materiala bildu eta erosteko fasean gaude». Bibliografia hori ere, aldatzen ari [...]
Teknologia berrien zabalkundeak aldaketa ugari eragin ditu irakaskuntza arloan. Garai bateko koadernoen ordez, egun ikasle bakoitzak bere ordenagailu eramangarria erabiltzen du. Eta ohiko liburuen ordez gero eta gehiago erabiltzen dira eduki eta euskarri digitalak. Eduki horiek behar bezala jaso eta kontsultatu ahal izateko, eduki digitalen zentroa zabaldu dute Goierri Berrikuntza Gunean. Ikasle, irakasle nahiz ikerlarientzat dagoeneko zabalik dago zerbitzua, eta laster, enpresetara eta eskualdeko beste eragile batzuengana zabaltzeko asmoa dute.
Goierri Berrikuntza Gunearen eraikina 2009an estreinatu zuten. Eraikin horretan, 425 metro koadroko gune bat gorde zuten, liburutegia eta ikasketa gelak hartzeko. Harrezkero, liburutegi hori edukiz eta baliabidez hornitzen aritu dira. Jose Manuel Hernandez, Ikasteko eta Ikertzeko Baliabideen Zentroko (IIBZ) arduradunak azaldu duenez, «hau guztia martxan jarri aurretik, inkesta batzuk egin genituen ikasleen eta irakasleen artean, eta hor jaso genuen bazegoela behar bat». Berrikuntza gunea sortu zenean, ikasle eta irakasleen beharrak ere aldatu egin ziren, eta «bibliografia teknikoa eta zientifikoa» behar zutela ikusi zuten. Hala, 2011. urtean zehar, liburutegia «baliabide bibliografikoz eta ez bibliografikoz» hornitu dute.
Behin azpiegiturak bermatuta, helburua «katalogoa osatzea» da, Hernandezen ustez. «Egun oraindik material gutxi dugu. Eguberri aurre horretan zabaldu dugu zerbitzu hau, eta orain bibliografia hori osatu nahian ari gara. Orain materiala bildu eta erosteko fasean gaude». Bibliografia hori ere, aldatzen ari da; «lehen dena bibliografia fisikoa zen, baina hemendik aurrera hartuko dugun guztia, elektronikoa izango da». Bigarren helburu nagusia, katalogo hori guztia jendearen eskura jartzea da. «teknologia berrien bidez, bai hemen edo bai etxetik norberak bere kontsulta egin ahal izango du». Horretarako, Odilo izeneko softwarea erabiliko dute, ohiko webgune baten bidez, jendeak artxibora sarbidea izan dezan. Behin izena emandakoan, erabiltzaileak katalogo osoa ikusi ahal izango du, eta interesatzen zaiona maileguan hartu, ohiko liburutegietan egiten den moduan.
Ikasteko modua aldatzen
Aldaketa hauek guztiek, ohiko zenbait kontzeptu aldarazi dituzte. Hernandezen hitzetan, «liburutegi kontzeptua bera aldatu da. Jendea etorri eta liburuak kontsultatzen zituen leku bat izatetik, liburutegiaren kontzeptu modernoago batera pasa gara, IIBZ deitzen diren zentroetara». Hala, bibliografia fisikoa pilatu eta dena jendearen eskura jarri ordez, «erabiltzaile bakoitzaren beharretara» egokitzen saiatzen dira. «Hemen ikasleak eta irakasleak ditugu, baina baita ikertzaileak, Lortek, eta berrikuntza guneari lotutako beste enpresa batzuetako langileak ere, eta bakoitzak bere beharrak ditu». Liburutegiaren kontzeptua ez ezik, irakaskuntza bera ere aldatzen ari da. «Jada ez da horrenbeste klase magistraletara jotzen, eta gehiago bilatzen da ikasleek elkarren artean lan egin, ikertu eta proiektuak sortzea». Zentzu horretan, talde lanera bideratutako hainbat gela ere prestatu dituzte, denak ere, teknologia berrietarako sarbidearekin. Liburutegiarekin batera, hainbat ikasketa gela eta mediateka bat ere badituzte, ikasleei baliabide informatikoetarako sarbidea errazteko. «Mediatekan, ikasleek ordenagailuetan aritzeko aukera dute. Unibertsitateko ikasleak, gehienak beraien ordenagailu eramangarriarekin etortzen dira, baina hemen aukera hori ematen diegu».
Liburutegiak asteotan izan duen erabilpenaren inguruan, balorazioak egiteko goizegi dela uste du Hernandezek, baina bai ikasleen eta bai irakasleen aldetik nabaritu dutena, material ez bibliografikoaren erabilera izan da. Izan ere, liburutegiarekin batera, teknologia berrietarako sarbidea errazteko hainbat baliabide ere eskuratu dituzte, hala nola e-book-ak, i-pad-ak, tablet-ak, net book-ak eta bideo nahiz argazki kamerak. «Hori ere jauzi garrantzitsua izan da guretzat» dio Hernendezek; «material hori guztia eskuratzea eta erabiltzaileen zerbitzua jartzea. Eta funtzionatzen ari da, jendea material hori erabiltzen ari da eta».
Enpresentzako zerbitzua
Ikasteko eta Ikertzeko Baliabideen Zentroa, aurreneko fasean, Goierri Berrikuntza Guneko ikasle, irakasle eta langileen eskura jarri dute. Bigarren fasean ordea, zerbitzu hori eskualdeko eragileengana zabaldu nahi dute. «2012an ikusi nahi dugun gauzetako bat da, ea zer aukera dagoen zaintza teknologikorako zerbitzu bat eskaintzeko». Hernandezen ustez, enpresek «datu base zientifikoetara eta bibliografia teknikora sarbidea» izan nahi dute, eta zerbitzu hori emateko prest dago IIBZ zentroa; «azkenean, bakoitzari nahi duena ematea da kontua». Horretarako, hiruhileko honetan Goierriko hainbat enpresetara joko dute, beraien zerbitzua ezagutarazi eta zaintza teknologikoaren inguruan dituzten beharrak zein diren jasotzeko. «Horrela guk ere ideia bat egingo dugu zer dimentsio izango lukeen zerbitzu horrek, eta behar horiei nola erantzun diezaiekegun».
Enpresa arloari dagokionean, Goierrin sektorerik garrantzitsuena metal arloa da, eta zentroaren «potentzialik handiena galdaragintzan eta soldaduran dago»; hala, arlo horretan «erreferente» izaten saiatu nahi dute.
Hasi berri den urterako zehaztu duten beste helburu nagusietako bat, «liburutegia baliabide bibliografikoz osatzen joatea da. Batez ere material elektronikoa, liburuak, aldizkari digitalak… eta horiek denak webgunearen bidez eskuragarri jartzea». Azken batean, lortu nahi dutena katalogoa indartzea da, «jendeak, sartzen denean, bibliografia zabal bat izan dezan; batez ere bibliografia teknikoa eta zientifikoa».