Hondakinak kudeatzeko modu ezberdinen inguruko hitzaldia izango da gaur
Oñati Zero Zabor taldeak hitzaldia emango du gaur Urretxuko Aizpurunea kultur etxean. ”Nola bildu eta kudeatzen ditugu hondakinak?” izango da hitzaldiaren leloa, eta galdera horri eta zaborraren kudeaketa ezberdinek sortutako beste batzuei erantzuten saiatuko dira bertan. Hitzaldia Zumarraga-Urretxuko Zero Zabor taldeak antolatu du.
Hitzaldi hau antolatzearen arrazoietako bat, azken urteetan Gipuzkoan zaborraren kudeaketak sortu duen eztabaida da. Izan ere, azken urteetan, ”zaborra arazo handia bilakatu” dela diote Zumarraga-Urretxu Zero Zabor taldeko kideek. Hori dela eta, zaborra kudeatzeko orduan zein irtenbide dauden aztertzea beharrezkoa dela diote. Horregatik, hasteko ”Oñati Zero Zabor taldeko kideek gaur egun hondakinak nola bildu eta kudeatzen ditugun azalduko digute”, hitzaldia argazkiz lagunduko dute gaia hobeto azaltzeko. Izan ere, zaborra ”denon arazoa” dela eta ”gaiari gogor heltzeko garaia heldu dela” uste dute hitzaldiaren antolatzaileek.
Ekitaldia guztiz irekia da, horregatik alderdi politiko, eragile sozial nahiz kultural eta, orohar, herritar guztiei egiten zaie bertan parte hartzeko deia. Hitzaldia, gaur egingo da, 19:00etatik aurrera Urretxuko Aizpurunea kultur etxean. Ondoren, Zumarraga-Urretxu Zero Zabor taldearen aurkezpen publikoa egingo da, ”talde anitza eta irekia osatu asmoz”. Bide batez, interesa duen inork taldearekin harremanetan jarri nahi izanez gero ondoko helbide hau erraztu digute: zuzerozabor@gmail.com.