Sagardozaleentzat altxorra
Aurtengo sagardotegi garaia irekita dago ofizialki. Julian Iantzi telebistako aurkezlea arduratu zen atzo Astigarragan zeregin horretaz. Goierrin data berezi horri aurre hartu dioten sagardotegiak badira. Gainerakoek ia dena prest dute ateak irekitzeko.
Aulia
Legorretako sagardotegi hori Ikaztegietako Begiristain sagardotegikoek hartu dute. 100.000 litro egin dituzte aurten. Ez dute dena bete. Lehen urtea dutenez, ikusi egin nahi dute kantitate aldetik asmatu duten ala ez. Soberan geratzea baino nahiago dute neurrian egitea.
Euskal Herriko 26 tona sagar erabili dituzte. Aurten uzta urria izan denez, kanpotik ere ekarri dute, Bretainia eta Galiziatik, hain zuzen. Beraiek egin duten sagardoa kolore gehixeagokoa eta gorputz gehiagokoa da «sagar mikatz gehiago erabili baitute nahasketan».
Abenduaren 13an ireki zuten. Sagardotegia hartu duten lehendabiziko urtea izan arren, lehengo jabearekin hitz egin dute, eta hark momentuz jendea «iazko antzera» dabilela dio.
Etxezuri
Beti 11.000 litro inguru egiten dituzte, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. «Guk ez dugu sagardoa botiletan saltzen. Jangelarako behar duguna bakarrik ekoizten dugu. Horregatik, ez dugu kantitate handitan egiten». Beti etxeko sagarrekin egiten dute sagardoa. Aurtengoa sagar-urtea izan ez arren, Etxezurikoek etxeko sagarra erabili dute. «Kontua ez da sagarra datorren ala ez. Zaindu egin behar dira arbolak, fruitua eman dezaten. Gu aurten ere oso gustura geratu gara». Soberan geratu zaizkien aleak berriz, Astigarragara bidali dituzte.
Sagardoa egiterakoan txalaka, goikoetxea, moko eta errezil motako sagarrak erabiltzen dituzte. Beraien artean nahastuta zapore desberdineko sagardoak lortzen dituzte. Dena den, Etxezurikoen ustez jendeari gehien zapore bizikoa gustatzen zaio.
Etxezuri ez da sagardo garaian irekita egoten bakarrik, urte guztian baizik. Krisiaren eraginari dagokionean iaz ere zerbait nabaritu zutela diote bertakoek. Aurten ere beldur apur bat sentitzen dute.
Oiharte
Zeraingo sagardotegi horretan 40.000 litro inguru egin dituzte. «Sagardotegia berria da, eta beraz, ez dugu sagardo kantitate handia egin». Oiharten bertako sagarra erabili dute, baina baita kanpokoa ere. Frantziatik ekarri dute. Zapore desberdineko sagardoa dute aukeran. Bertako sagarrekin egindako sagardoa bizia da, eta bertakoak zein kanpokoak nahastuta egindakoa berriz, motelagoa.
Egindako sagardoaren erdia gutxi gora-behera botiletan sartu eta saldu egingo dute. Bestea, kupeletarako utziko dute.
Oihartekoek iaz ireki zuten sagardotegia eta beraien hitzetan «garaia ona izan zen. Aurten ikusi egin beharko dugu. Iazkoa errepikatuz gero, gustura», diote bertakoek.
Urtarrilaren 5ean ireki zuten sagardotegia, iaz baino goizago. Otsailetik edo martxotik aurrera espero dute mugimendua «urtarrila lasaia izaten baita».
Olagi
Guztira, 22.000 litro inguru egin dituzte, iazko antzera. Etxeko sagarra erabili dute, guztira 5.000 kilo inguru, baina kanpotik ere ekarri behar izan dute, 29 bat tona, hain zuzen. «Frantziako hainbat tokitako sagarrak erabiltzen ditugu, sagar barietate gehiago izateko». Aurtengo sagardoa suabea atera zaie. «Edateko erraza, fruitu zaporekoa, kolore politekoa», diote bertakoek. Botiletan 18.000 litro sartuko dituzte, eta beste lauak berriz kupeletan.
Iazko garaia «nahiko ona» izan zen bertakoen iritziz. «Aurten gauzak dauden bezala egonda zerbait jaitsiko da ziur asko». Dena den, eguneroko martxan ez dira asko nabaritzen ari.
Sagardotegia aurten urtarrilaren 25ean irekiko dute, besteetan baino pixka bat beranduago, hilaren 18an kupel berria ekarri behar baitute. Horrek eragin du atzerapena.
Otatza
Beste urteetako antzera egin dute sagardoa Otatzan. Bertako sagarrez gain, Galiziakoak eta Frantziakoak ere erabili dituzte. «Asturiasetik ekartzen saiatu ginen, baina ezinezkoa izan da, bertan erabili baitute guztia». Galiziako sagarra biziagoa da, Frantziakoa baino eta «horrek eragina du zaporean. Sagardo batetik bestera aldea dago. Dena den, guztiak itxura eta zapore onekoak dira».
Sagardorik gehien botilaratu egingo dute, «sagardoa saldu botilan egiten baita». Kupeletara berriz %10a bideratuko dute.
Otatzakoen arabera, iazko garaian nabaritu zen krisiaren eragina. «Aurten ez dakigu zer pasatuko den, baina iazko emaitza bera lortuz gero, konformatuko ginateke».
Otatza bihar irekiko dute 20:30ak aldera.
Urbitarte
Aurten 150.000 litro inguru sagardo egin dituzte. Bertako sagarra eta kanpokoa erabili dute, Galiziakoa eta Bretainiakoa. Bertako sagarrarekin soilik egindako sagardoa badute, baina bi zein hiru lekutako sagarrekin egindakoa ere bai. Ondorioz zapore desberdineko sagardoa dute sagardotegian. «Ahalegin guztia egin dugu diferentzia handiegirik ez edukitzeko, eta uste dut lortu dugula. Dena den, nabaritzen da bertakoa zein den». Kupelera 35.000 litro bideratuko dituzte, eta beste gehiena botiletan salduko dute.
Orain arte krisiaren eraginik ez dute nabaritu, baina aurtengo garaiari begira, beldur pixka bat sentitzen dutela aitortzen dute.
Urtarrilaren 14an irekiko dute, sagardotegia, 13:00etan.
“Sagardoa azkarrago dator aurten”
Jabez aldatuta baina aurreko ohiturei segiz, Legorretako Aulia sagardotegia irekita dago. Santa Lutzi egunean, abenduaren 13an, zabaldu zuten txotxeko sagardo garaia, Iñaki Begiristain (Tolosa, 1973) nagusi berriaren gidaritzapean. Ikaztegietako Begiristain sagardotegiko arduraduna ere badena gustura dago lehen hilabeteko martxarekin. Bi etxeak aurrera eramatea hartu du erronka, baikoitzeko sagardoari izaera berezia emanda, hori bai.
Aulia sagardotegia erosi duzue aurten. Aldaketarik egiteko aurreikuspenik ba al duzue?
Inbertsioak egiteko garai txarra da, eta oraingoz lehengoari eutsiko diogu. Ahal den sagardorik onena egiten eta generoarekin ondo lan egiten saiatuko gara, eta aurrena behintzat inbertsioari buelta ematen. Aurreragoko planak baditugu, baina oraindik itxaron egin beharko dugu.
Garai txarra dela aipatu duzu, baina jauzia egitera ausartu zarete.
Bai. Badakigu lehendik ere Auliak ondo lan egin duela beti, iaz ere ondo lan egin zuen. Ikaztegietan ere iaz ondo lan egin genuen, eta, beno, jakinik aurten zaila izango dela iazko jende kopuruetara iristea, ikusi dugu aukera bi sagardotegiekin batera aritzeko.
Krisia, beraz, ez da hain gordin iritsi sagardotegietara?
Beno, hau ere jaitsita dago, ez da 2008koa. Baina nola denboraldiko gauza den, eta urte guztia zabalik ez den egoten, oraindik jendea ibiltzen da. Lehen urtean bost buelta egiten zituenak orain hiru egingo ditu akaso, baina oraindik bere gantxo hori badauka.
Ireki zenutenetik hilabete joan da. Nolakoa izan da lehen kontaktua?
Oro har nahiko ondo joan dela esan behar da. Bezeria jaitsi edo igo egin den esateko ez daukat aparteko daturik, lehenengo urtea da eta. Lehengo nagusiak esaten du betiko moduan dabilela. Ikusi egin behar. Joan denarekin, nahiko gustura gaude, bai.
Aulian bertan egin duzue sagardoa?
Bai, Legorretan dagoen sagardoa bertan egindakoa da. Dolarea eta behar diren tresna guztiak badaude. Bi sagardotegi independente balira bezala izango dira Aulia eta Begiristain, sagardo bakoitzak ditu bere ezaugarriak.
Nolakoa dator, bada?
Ikusten da sagardoa beste urte batzuetan baino azkarrago datorrela. Sagarra ere aurten lehenago heldu da; udan beroa egin du, iaz negurik ez zuen egin esate baterako, eta orduan dena azkarrago dator. Itxura aldetik, Ikaztegietan egin dugun sagar nahasketa eta Legorretan egin duguna, hau da, gazia, mikatza eta gezaren arteko diferentzia, izan da bi sagardotegietan gauza berdina ez edukitzea, diferentzia pixka bat egotea bilatzearren. Ikaztegietan sagar gazi gehiagorekin egin dugu, eta Legorretan sagar mikatz gehiagorekin. Orduan, Legorretako sagardoek kolore pitin bat gehixeago eta gorputz gehiago edukiko dute, eta Ikaztegietakoak argixeagoak izango dira. Bi estilo markatuko ditugu, jendeak ere aukeratu ahal izateko.
Sagar aldetik nola ibili zarete? Iaz bertako uzta oso urria izan zen.
Bai, aurten oso gutxi izan da bertako sagarra. Orduan, kanpora joan behar izan dugu, eta Bretainiatik eta Galiziatik ekarri dugu. Bertakoarekin kamioikada bat osatu dugu, 26 bat tona. Egia esan oso gutxi da, zeren urte on batean praktikoki behar dugun sagar guztia osa daiteke bertakoarekin.
Aulian zenbat litro atera zaizue?
100.000 litro bueltan. Aurreneko urtea da, eta ez dugu dena bete. Salmentak nola doazen ikusi nahi dugu, sobrante eduki baino nahiago izan dugu neurrian egin.
Zure ibilbidea orain arte Begiristain sagardotegiarekin lotuta izan da.
Ikasketaz ingeniaria naiz, baina beti gustatu izan zait sagardotegia, bizi guztian ibili naiz: ikasi eta denbora nuenean laguntzen, gaztea nintzenean zerbitzatzen, sagardoa egiten… Bizi guztiko harremana dut sagardotegiarekin. Karrera bukatutakoan lanean hasi nintzen Indarren, eta sagardotegian segi; azkenean erabaki beharra zegoen, bietan ezin zelako, eta sagardotegian gelditzea pentsatu nuen. 1998an hasi nintzen esklusiboki honetan.
Begiristain marka Gorenak-en duzue. Aulia ere hor satzeko asmorik?
Auliakoa aurten ez dugu sartu. Bodega berria da niretzat, eta aurrena ikusi nahi dut sagardoak zer bilakaera eramaten duen, sagardoa ea nola konportatzen den bodega horretan. Gorenak, besteak beste, kalitateko marka bat izanik, eskakizun eta araudi batzuk kunplitu beharra dakar; gainera, botilatzen den sagardo guztia Diputazioaren laboratoriotik pasatu beharra dago, kalitatea ziurtatzeko. Aurreneko urtean behintzat Legorretan ez naiz sartu Gorenaken, ikusi arte bodegak nola funtzionatzen duen, sagardoak zer jarrera daukan, edo gai naizen maila hori mantentzeko. Aurrera begira, gauzak ondo joaten badira, badaukat asmoa Aulia ere Gorenaken sartzeko.
Botilatzen noiz hasiko zarete?
Urtarrilaren bukaeran edo otsailaren hasieran. Otsailetik aurrera izango dugu aurtengo sagardoa botiletan. Auliakoa ere marka eta izen berarekin aterako da.