Institutura eta Majorira doan bidegorri zatia zabaldu dute
Gaur goizean inauguratu dute Ordizian Oianguren institutura eta Majori kiroldegira ailegatzen den bidegorri zatia. Lanek 126.000 euroko kostua izan dute, eta %56 Eusko Jaurlaritzak finantzatu du. Iban Asenjo Agenda 21 eta mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, Ordiziako bidegorriaren adar hori ez dago erabat bukatuta, bidegorria Jakintza ikastolaraino iristea baitute helburu. Aurten egin nahi dute falta den zati hori. “Azpimarratzeko da bidegorri zati hau egiterakoan egon den elkarlana eta parte hartzea. Bai Eskolako Agenda 21aren bitartez, bai Ordiziako Agenda 21aren bitartez, eta baita bi ikastetxeetako guraso eta irakasleek izan duten inplikazioaren bitartez, diseinatu eta egin dugu bidegorria”, zehaztu du Asenjok. Bidegorria Urdaneta ikastetxera iristeko egitasmoari heltzeko asmoa ere badutela zehaztu du, “bidegorriak diseinatzen hasi ginenean genuen asmoetako bat betez, ikastetxeak lotzea”. Tren geltokitik Bonberiara Plan horren bigarren helburuetako bat Ordiziako eta Beasaingo bidegorriak bat egitea zen, eta aurten bertan tren geltokitik Bonberia parerainoko zatia egin nahi dute. “CAFek pasabide bat egin beharra dauka, eta behin hori eginda, eta Beasainekin lotuta, bizikletaren erabilera handitu egingo dela aurreikusten dugu”. Itsasondora eta Zaldibiara Iban Asenjo batzarkidea ere bada, eta aurreratu du Gipuzkoako Diputazioak Ordizia eta Itsasondo lotzeko bidegorri zatia aurten egin nahi duela. “Hori egiten denean ez ditugu soilik bi herriak lotuko, baizik eta Goierri [...]
Gaur goizean inauguratu dute Ordizian Oianguren institutura eta Majori kiroldegira ailegatzen den bidegorri zatia. Lanek 126.000 euroko kostua izan dute, eta %56 Eusko Jaurlaritzak finantzatu du. Iban Asenjo Agenda 21 eta mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, Ordiziako bidegorriaren adar hori ez dago erabat bukatuta, bidegorria Jakintza ikastolaraino iristea baitute helburu. Aurten egin nahi dute falta den zati hori.
“Azpimarratzeko da bidegorri zati hau egiterakoan egon den elkarlana eta parte hartzea. Bai Eskolako Agenda 21aren bitartez, bai Ordiziako Agenda 21aren bitartez, eta baita bi ikastetxeetako guraso eta irakasleek izan duten inplikazioaren bitartez, diseinatu eta egin dugu bidegorria”, zehaztu du Asenjok. Bidegorria Urdaneta ikastetxera iristeko egitasmoari heltzeko asmoa ere badutela zehaztu du, “bidegorriak diseinatzen hasi ginenean genuen asmoetako bat betez, ikastetxeak lotzea”.
Tren geltokitik Bonberiara
Plan horren bigarren helburuetako bat Ordiziako eta Beasaingo bidegorriak bat egitea zen, eta aurten bertan tren geltokitik Bonberia parerainoko zatia egin nahi dute. “CAFek pasabide bat egin beharra dauka, eta behin hori eginda, eta Beasainekin lotuta, bizikletaren erabilera handitu egingo dela aurreikusten dugu”.
Itsasondora eta Zaldibiara
Iban Asenjo batzarkidea ere bada, eta aurreratu du Gipuzkoako Diputazioak Ordizia eta Itsasondo lotzeko bidegorri zatia aurten egin nahi duela. “Hori egiten denean ez ditugu soilik bi herriak lotuko, baizik eta Goierri eta Tolosaldea batuta geldituko dira”. Ordizia-Zaldibia bidegorriaren bigarren fasea, Zaldibiaraino iristeko, 2013an egitekoak direla ere aurreratu du. “Bidegorri mixto bat izango da, oinezkoak eta txirrinduzaleak ibiliko direna”.