Hasi da muslarien festa Goierrin
Euskal Herriko Mus Txapelketa abian da dagoeneko Goierrin ere. Asteburu honetan Altzagan, Idiazabalen, Ordizian eta Mutiloan jokatu dituzte kanporaketak. Urtarrilaren 31ra bitartean egingo dituzte beste hainbat herritan ere.
Ostiral gauean Altzagan eta Idiazabalen aritu ziren jokoan. Idiazabalen, Xume edaritegian egin zuten norgehiagoka. Zale ugari dago bertan, eta giro berezia bizi izan zen 22:30ak bitartean: jokoan hasteko desiatzen zeuden gazte eta helduak. 22:30ak puntuan zozketa egin eta jokuari ekin zioten.
Hamazazpi bikotek parte hartu zuten, eta finalera bi beteranok osatutako bikotea eta bi gaztek osatutakoa iritsi ziren. Montse Delgadok eta Juan Mujikak ahaleginak eta bi egin zituzten gazteei txapela kentzeko, baina ezin izan zuten. Josu Aranburuk eta Ander Garmendiak irabazi zuten mus txapelketa. Pozik zeuden bi idiazabaldarrak.
Altzagaren kasuan, urteroko moduan Artea elkartean zuten hitzordua muslariek. Ez zuten bikote askok parte hartu, baina giro polita bizi ahal izan zen. Iazko irabazleek, Kolestin Garmendiak eta Jexux Urteagak irabazi zuten txapelketa, eta beraz, beraiek izango dira herrialdeko kanporaketan parte hartuko dutenak. Irribartsu ageri ziren Altzagako bi beteranoak, bi gazteri finala irabazi eta gero.
Larunbateko saioak
Mutiloan eta Ordizian larunbatean jokatu zituzten kanporaketak.
Mutiloan arratsaldeko lauretan ekin zioten jokuari bederatzi bikotek. Joseba Zabaleta eta Asier Agirrek irabazi zuten lehia, hordagoka eta enbidoka aritu eta gero. Bigarren, Erkuden Agirre eta Iñaki Zabalo geratu ziren, baina herrialdeko kanporaketara lehendabiziko biak joango dira, bakarrik.
Ordizian ere arratsaldeko lauretatik aurrera egin zuten mus kanporaketa, Herrikoan. Jose Ona eta Jokin Perezek irabazi zuten finala eta beraz, beraiek izango dira herrialdeko kanporaketan.














