
Urretxuko Aldiri kiroldegian taldekako TRX ikastaroa eskaintzen hasiko dira. Zinta bat eta bi eraztunekin muskulazioa lantzeko aukera ematen duen aparailuari hots egiten zaio TRX, eta kiroldegiko arduradunen arabera, «lehen aldia izango da inguru honetan taldekako zerbitzu hau eskainiko dena».
TRX izenekoa, esekidura bidezko entrenamendu saioak egitea ahalbidetzen duen sistema da. AEBtako armadaren entrenamendu sistemetan oinarritzen da, kiroldegiko arduradunek esandakoaren arabera. Indarra, malgutasuna, oreka eta arintasuna hobetzeko sistema gisa definitu dute, eta bi eraztunek eta hauek lotzen dituen zinta batek osatzen dute. Gailu hauekin, «ehunka» ariketa egin daitezke.
Datorren astean ate irekien egun bat egingo dute kiroldegian, herritarrek TRXa doan frogatu dezaten. Asteazkenean, hilak 25, egingo dute hori, hiru saio desberdinetan: 8:00etan, 11:00etan eta 18:00etan. Hiru ordu hauetan, herritarrek kiroldegira joan eta TRXa ezagutzeko eta frogatzeko aukera izango dute. Jon Ander Elgarresta urretxuarrak gidatuko ditu bai egun hau eta baita ikastaroa ere.