Zerainen “iraunkortasuna bermatzeko” hamabost batzorde sortu ditu bertako udalak
Zerainen «iraunkortasuna bermatzeko» helburuarekin bertako udalak hamabost batzorde eratu ditu. Komisio horietatik hiru aurrekoen jarraipenak dira, eta beste guztiak berriak. Zeraingo Udala ofizialki alkateak eta hiru zinegotzik osatzen dute, baina e...
Zerainen «iraunkortasuna bermatzeko» helburuarekin bertako udalak hamabost batzorde eratu ditu. Komisio horietatik hiru aurrekoen jarraipenak dira, eta beste guztiak berriak.
Zeraingo Udala ofizialki alkateak eta hiru zinegotzik osatzen dute, baina egunerokotasunean guztira zazpi lagunek lan egiten dute. Aitziber Makazaga Zeraingo Udaleko ordezkariak jakitera eman duenez, «Zerainen bereizgarria betidanik auzolana izan da». Etorkizunari edota Zerainen iraunkortasunari begira, beste urrats bat eman nahi izan dute, ordea, eta horregatik erabaki dute batzorde horiek sortzea. Orain arte hiru batzorde zeuden: Gizarte Zerbitzuak, Kultura eta Zerain Dezagun Fundazioa. Xaguartea aldizkaria, urtekaria eta beste zenbait lan auzolanean egiten zituzten. Abenduaz geroztik komisio horiez gain, beste hamabi daude.
Gustura egindako bidearekin
Zeraingo Udalak 2011ko irailaren 10ean egin zien herritarrei batzorde horiek sortzeko proposamena. Zeraindarrek begi onez ikusi zuten ideia, eta udalak epeak ireki zituen herritarrek izena eman zezaten. Abenduaren 18an herri batzarra egin zuten. Batzorde bakoitzean nor apuntatu zen eman zuten jakitera bertan, eta lehen bilerak ere zehaztu zituzten. Ordutik lanean ari dira herritarrak.
Makazagak aipatu duenez, batzorde horietako kide izateaz eta ideiak emateaz gain, auzo lanean parte hartzea da helburua. «Herritar guztiek erabakitzeko unean zein auzo lanean parte hartzea da gure ustez modurik egokiena, Zerainen etorkizuna bermatzeko». Momentuz hasitako bidearekin gustura daudela aitortu du Zeraingo Udaleko kideak.













