Aritz Lasak eta Zubietak Irujoren eta Barriolaren aurka jokatuko dute gaur
Gaur jokatuko du Aritz Lasa urretxuarrak pilotako binakako txapelketako laugarren partida. Azken egunetan eskuko minarekin ibili eta gero, Lasaren bikotea, Aitor Zubieta, osatu da jada. Martinez de Irujo eta Barriola izango dituzte aurkari.
Azken egunetan eskuko minez egon da Zubieta atzelaria. Bi astez ez dute partidarik jokatu, baina, eta osatzeko astia izan du. Pasa den igandean egin zituzten azken frogak, eta emaitzarekin gustura, aurrelari urretxuarraren ondoan izango da Etxarri-Aranatzeko pilotaria, gaur, Mungian jokatuko duten partidan. Aurrean aurkari zailak izango dituzte, Martinez de Irujo eta Barriola txapela irabazteko faboritoen artean baitaude. Hiru partidatan hiru garaipen eskuratu dituzte. Hala ere, Lasak «partida guztiak jokatu behar direla» dio.
Partida asko aurretik
Lasa eta Zubieta sailkapeneko seigarren postuan daude, hamalautik hiru partida jokatu ostean. Garaipen bat eta bi porrot bildu dituzte orain arte. Mungian jokatuko dute gaur. Hurrengo partida, datorren astelehenean, urtarrilak 23, jokatuko dute, Berasaluze VIII.aren eta Jon Ander Albisu ataundarraren aurka.
Albisu da txapelketa honetako bigarren goierritarra. Atzelari ataundarra sailkapeneko hirugarren postuan dago. Berasaluzerekin batera, bi partida irabazi ditu, eta bat galdu du. Azken partida pasa den ostiralean izan zuten. Ataundarrari ihes egindako pilota batek Arretxe II.a buruan jo zuen, eta partida bertan behera utzi zuten, banako emaitzarekin.