Lapurtutako umeen elkartearen ustez, hamabost kasu egon daitezke
Goierrin Itsasondon hutsik agertu den hilobiaren kasua beste batzuen atariko izan daitekeela dio Marian Zubiak. Lapurtutako haurren gaia gero eta ozenago entzuten da kalean eta komunikabideetan. Jakitera eman den azken kasua Itsasondoko hilerrian egon zitekeen gorpu batena da. Astelehenean haur baten hilobia zabaldu zuten bertan zerbait aurkituko zutelakoan. Bilaketa lana hutsala izan zen, hilobian ez zegoen gorputzaren arrastorik. Honelako saiakerak, ordea, ez dira alferrikakoak; SOS Haurtxo Lapurtuak elkartekoen arabera, Itsasondoko kasuaren ondoren kasu gehiago aterako dira argitara. Itsasondoko kasua, ez da kasualitatea; Marian Zubia, SOS Haurtxo Lapurtuak elkarteko kideak Goierrin hamabost kasu inguru egon daitezkeela aurreikusi du. Beasainen, Ordizian, Legorretan, Ataunen, Lazkaon, Olaberrian, Zegaman eta Zumarragan, haur lapurtuen kasu gehiago egon daitezkeenaren zantzuak ditu elkarteak. Zubiak Goierriko Hitzari adierazi dionez, lapurtutako umeen elkarteak kasuak aztertzeko ikerketa komisioa martxan du. Komisio horrek boluntarioen bidez datu asko bildu dituela nabarmendu du Zubiak; «orain kasuak frogatzea falta da». Kasuak frogatzeko ikertzaile pribatuen lana behar da, ordea, eta horrek duen gastuari aurre egitea da kasu gehiago argitara emateko gakoa. Ikerketa komisio horrek, 1965etik 1985era bitarteko ospitaleetako datuak, orduko medikuak eta hilobiak aztertzen ditu. Ume lapurtuen kasuak aztertzen ari den elkarteak, garai hartan ospitaleetan lan egiten zuten langileek jakin dezaketena elkarteari esan behar diotela uste [...]
Goierrin Itsasondon hutsik agertu den hilobiaren kasua beste batzuen atariko izan daitekeela dio Marian Zubiak.
Lapurtutako haurren gaia gero eta ozenago entzuten da kalean eta komunikabideetan. Jakitera eman den azken kasua Itsasondoko hilerrian egon zitekeen gorpu batena da. Astelehenean haur baten hilobia zabaldu zuten bertan zerbait aurkituko zutelakoan. Bilaketa lana hutsala izan zen, hilobian ez zegoen gorputzaren arrastorik. Honelako saiakerak, ordea, ez dira alferrikakoak; SOS Haurtxo Lapurtuak elkartekoen arabera, Itsasondoko kasuaren ondoren kasu gehiago aterako dira argitara. Itsasondoko kasua, ez da kasualitatea; Marian Zubia, SOS Haurtxo Lapurtuak elkarteko kideak Goierrin hamabost kasu inguru egon daitezkeela aurreikusi du. Beasainen, Ordizian, Legorretan, Ataunen, Lazkaon, Olaberrian, Zegaman eta Zumarragan, haur lapurtuen kasu gehiago egon daitezkeenaren zantzuak ditu elkarteak. Zubiak Goierriko Hitzari adierazi dionez, lapurtutako umeen elkarteak kasuak aztertzeko ikerketa komisioa martxan du.
Komisio horrek boluntarioen bidez datu asko bildu dituela nabarmendu du Zubiak; «orain kasuak frogatzea falta da». Kasuak frogatzeko ikertzaile pribatuen lana behar da, ordea, eta horrek duen gastuari aurre egitea da kasu gehiago argitara emateko gakoa. Ikerketa komisio horrek, 1965etik 1985era bitarteko ospitaleetako datuak, orduko medikuak eta hilobiak aztertzen ditu. Ume lapurtuen kasuak aztertzen ari den elkarteak, garai hartan ospitaleetan lan egiten zuten langileek jakin dezaketena elkarteari esan behar diotela uste du.
Garai hartan haurrekin zer egiten zen jakiteko, edozein txikikeriak garrantzia handia izan dezake ikerketan aurrera egiteko. Lapurtutako haurren kasuak, 1965. urte inguruan hasi eta 20 bat urtez iraun zutela uste dute. Zubiak, garai hartan umeen lapurreten ardura izan zezaketen medikuen izenak bildu eta jakinarazi nahiko lituzke.
Emakume asko dago umeak izan, baina izan zituztela frogatu ezin dutenak. Familia asko erregistroetan dabil datu gehiagoren bila. Paperak eskuratzea da zailena horrelako kasu baten aurrean dauden familientzat. Agiri horiek non dauden jakiteko, familiek batera eta bestera ibili behar izaten dute. Lapurtutako umeak, hainbat ospitaletan jaiotakoak dira, horien artean dago Beasaingo erietxea.
Datozen egunetan Gipuzkoan 12 hilobi ireki eta aztertuko dituztela aurreratu du SOS Haurtxo Lapurtuak elkarteak. Ustez lapurtuak izan ziren umeen kasuak argitaratzen doazen neurrian, kasu gehiago argitaratuko direla uste du elkarteak; Gipuzkoan, 320 kasu posible egon daitezke. Itsasondoko bilaketa hutsala Itsasondoko hilobia zabaltzeko agindua Gipuzkoako Epaitegiak eman zuen, familiak salaketa jarri eta gero. Itsasondoko hilerrian epaileak udal langileen laguntza izan zuen hilobia zabaltzeko. Goierriko Hitzak jakin duenez, haurraren gorputza, ustez, bere senide batenaren ondoan zegoen lurperatuta, eta ez zuen bere izena zeraman hilarririk. Behin hilobia irekitakoan, hilkutsa hutsik zegoela ikusi zuten. Aurrez Donostian izandako kasuetan hil-kutxan gasak edo medikuek erabili zezaketen tresneria aurkitu zuten; Itsasondoko kasuan hil-kutxa erabat hutsik zegoen. Hobia zabaltzerako garaian, epailea, ertzainak, mediku forentsea eta udal langileak izan ziren Itsasondoko hilerrian.
Familiakoek ez zuten parte hartu nahi izan, eta ez dute prentsaren aurrean agertu nahi, ikerketak zein garapen duen ikusi arte behintzat. SOS Haurtxo Lapurtuak elkarteko abokatuak eta familiak hurrengo egunetan erabakiko dute kasu horren inguruan datu gehiago zabaldu edo ez.