Milioi bat euro pasako aurrekontua izango du Goiekik, aho batez onartua
Urte berriari aurre egin eta esku artean dituen proiektuak gauzatzeko aurrekontua badu Goierri beheko 18 herri biltzen dituen Goieki garapen agentziak. Joan den ostegunean, hilaren 12an, egin zuen lehen batzarra Goiekiko administrazio kontseilu berriak, eta mahai gainean jarritako aurrekontua onartu zuten kontseilua osatzen duten 11 kideek. 1.081.000 euroko aurrekontua izango du Goiekik 2012an. Lehendakaria, lehendakariordea eta idazkariak izendatzea ere bazegoen gai zerrendan, baina printzipioz, Igor Eguren Ordiziako alkatea izan da kargua hartu duen bakarra, lehendakariarena.
«Goiekiko teknikariek beraiek osatutako aurrekontua izan da, eta jarritako helburuei ondo egokitutako aurrekontua dela ikusten genuen. Gu berriak gara, eta aurrera begira egingo ditugu gure proposamenak, kulturari eta hizkuntzari dagokionez esaterako, baina aurrekontuak onartu egin behar ziren, ondo egituratuta zeuden, eta ondorioz, aho batez onartu ziren», azaldu du Eguren lehendakari berriak.
Pertsonal gastuak hartzen du aurrekontuaren laurdena baino zerbait gehiago, 274.000 euro. Bigarren partida nagusia Goierri beheko enpresei zerbitzuak eskaintzen dizkion Zerbitzualdea arloari dagokio, 253.000 euro. Ekintzaile berriei jarraipena egiten dion eta Ideia Berritzaileen Lehiaketa antolatzen duen Inkubategiak 160.000 euroko aurrekontua du, eta Tokiko Agenda 21 ekimenak 170.000 eurokoa. Horiek dira dirutan lau sail nagusiak. Goiturrek 79.000 euroko aurrekontua izango du, kanpo zerbitzuetara 28.000 bideratuko dira, eta iaztik herren antzera dagoen Gizarte arlora 15.000 euro.
Kontseilua zabaltzeko asmoa
Lehendakari kargua hartu aurretik Egurenek iragarria zuen Goiekiko administrazio kontseiluaren osaketan aldaketak egin nahi dituztela, eta horren isla izan zen joan den asteko batzarra. Lehendakaritza txandatuan dagokio Beasaini, Ordiziari eta Lazkaori, eta agintaldi honetan Ordiziari dagokionez, Egurenek berak hartu zuen kargua, «gustu handiz eta lanerako prest». Bilduko ordezkarien asmoa «kontseilu ahalik eta parte hartzaileena» eratzea da, eta «juridikoki hori nola egin» aztertzen ari dira. «Iruditzen zaigu, ordezkaritza politikoari dagokionez, ordezkaritza garrantzitsu bat ez dagoela Goiekin, eta ezta eragile sozial eta sindikalak ere. Aztertzen ari gara hori nola zabal genezakeen».
Esku artean duten zirriborroa proposamen bihurtu arte, lehendakariordearen izendapena hurrengo batzar baterako uztea erabaki zuen kontseiluak. Egurenek gauza bera egin nahi zuen idazkariaren izendapenarekin, baina idazkariaren izendapena «ezinbestekoa» denez, Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak hartu zuen kargua, behin-behinean. «Gure asmoa eskualdeko oreka bilatzea ere bada, eta herri txiki gehiagori lekua egitea. Ikusiko dugu hori nola egin», nabarmendu du.
Inbertsioena hurrengorako
Datorren astean egingo dute bigarren batzarra, eta orduan aztertuko dute aurrekoan atzeratu zuten gai bat, inbertsioena. «Inbertsio nagusia Inkubategiaren eraikin berriarena da. Inbertsio potoloa da, eta finantzazio bideak aztertzen ari gara, ondo hausnartuta». Eraikin berri hori aurten egitea da Goiekiren helburua.













