Haurrak baratzaren zaindari
Gaur egun, presaka bizi dira mendebaldeko herrialdeetako biztanleak, eta askotan ez dute astirik hartzen otordu osasuntsua prestatzeko. Asko dira egunerokotasunean frijituak eta azkar prestatutako jakiak ahora eramaten dituztenak. Baserriarekiko kontaktua ere askok galdu dute, eta beraz, garaian garaiko produktuak zeintzuk diren ez dakite. Gizarte modernoek eragiten duten zurrunbilo horren aurka geroz eta gehiago dira, ordea, elikadura eta bizimodu osasuntsuari garrantzia ematen diotenak. Gaitz asko ez sortzeko eta ondo bizitzeko funtsezkoak dira. Gai horiekin lotutako hitzaldiek eta ekimenek geroz eta arrakasta handiagoa dute. Horren adierazle dira esaterako, Goierriko hainbat herritan, etxeetan zein eskoletan jarri dituzten baratze ekologikoak. Duela gutxi zeraindarrak izan dira urrats hori eman dutenak. Antxaputxun jarri dute baratzea hainbat helburu betetzeko asmoarekin: haurrek produktu ekologikoekin harremana izatea, garaian garaiko produktuak zein diren ikastea eta ahalik eta naturalen jateak duen garrantziaz jabetzea. Bi arlo Ideia eskolan bertan sortu zen, baina Guraso Elkartearen laguntza dute. Ibon Badiola Zeraingo eskolako irakasleak jakitera eman duenez, ekimen horren barruan bi arlo bereizi dituzte: batetik, hazitegia eta bestetik, baratzea bera. Hazitegia eskolan bertan edukiko dute, eta haziak baratzean landatuz joango dira. Horrela, haurrek prozesu osoa ikusi ahal izango dute: hazia sortzen denetik barazkia jasotzen duten artekoa, hain zuzen. «Garaian garaiko produktuak landatzeko egun konkretu batzuk [...]
Gaur egun, presaka bizi dira mendebaldeko herrialdeetako biztanleak, eta askotan ez dute astirik hartzen otordu osasuntsua prestatzeko. Asko dira egunerokotasunean frijituak eta azkar prestatutako jakiak ahora eramaten dituztenak. Baserriarekiko kontaktua ere askok galdu dute, eta beraz, garaian garaiko produktuak zeintzuk diren ez dakite. Gizarte modernoek eragiten duten zurrunbilo horren aurka geroz eta gehiago dira, ordea, elikadura eta bizimodu osasuntsuari garrantzia ematen diotenak. Gaitz asko ez sortzeko eta ondo bizitzeko funtsezkoak dira. Gai horiekin lotutako hitzaldiek eta ekimenek geroz eta arrakasta handiagoa dute. Horren adierazle dira esaterako, Goierriko hainbat herritan, etxeetan zein eskoletan jarri dituzten baratze ekologikoak. Duela gutxi zeraindarrak izan dira urrats hori eman dutenak.
Antxaputxun jarri dute baratzea hainbat helburu betetzeko asmoarekin: haurrek produktu ekologikoekin harremana izatea, garaian garaiko produktuak zein diren ikastea eta ahalik eta naturalen jateak duen garrantziaz jabetzea.
Bi arlo
Ideia eskolan bertan sortu zen, baina Guraso Elkartearen laguntza dute. Ibon Badiola Zeraingo eskolako irakasleak jakitera eman duenez, ekimen horren barruan bi arlo bereizi dituzte: batetik, hazitegia eta bestetik, baratzea bera. Hazitegia eskolan bertan edukiko dute, eta haziak baratzean landatuz joango dira. Horrela, haurrek prozesu osoa ikusi ahal izango dute: hazia sortzen denetik barazkia jasotzen duten artekoa, hain zuzen. «Garaian garaiko produktuak landatzeko egun konkretu batzuk aprobetxatu behar dira. Batzutan asteburua tokatuko da, eta beste batzutan jai egunak izango dira. Horregatik lan hori gurasoen esku geratuko da» dio Badiolak.
Eskolakoek haziekin lotutako zereginak egingo dituzte beraz, eta Guraso Elkartekoek, baratzararen zaintzarekin lotutakoak. Horregatik, bi arduradun izendatu dituzte: arduradun bat gurasoa izango da eta bestea, irakaslea. Ibon Badiola bera izango da eskolako baratze arduraduna.
Guraso batzuk badute baratza etxean, baina kasu askotan behintzat baratze hori tamaina txikikoa da. Dena den, gutxiengo ezagutzak badituzte. Beste guraso batzuren kasuan, Zerainen bizi arren, ez dute eskarmenturik zeregin horietan. Irakasleei dagokionean, horietatik batzuk lehendabiziko lan urtea dute Zeraingo eskolan eta beraz, proiektuak ezustean harrapatu ditu. Dena den, Badiolak aitortu duenez ilusionatuta daude, eta «ez dakigunok gauzak egin ahala ikasiko eta irakatsiko ditugu».
Heldu baten inplikazioa
Iraskaleez eta gurasoez gain, herriko helduak inplikatzeko asmoa dute. «Herrian heldu bat baino gehiago dago gai horietan aditua dena, eta horietako bat etortzea nahiko genuke azalpenak ematera, hau da, zer, noiz eta nola landatu behar azaltzera. Baina hori bai, ardura gehienbat gurasoena izango da, eta guk ere egingo ditugu lehen aipatutako lanak». Gurasoak jarriko dira harremanetan zeraindar heldu horiekin.
Zalantzaren bat edukiz gero, ordea, zeraindarrak ez daude bakarrik, Goimenekin harremanetan baitaude. «Goimenek diru-laguntza eman zigun tresneria eskuratzeko eta aholkuak ere ematen dizkigu. Edozein momentutan bertakoekin hitz egin dezakegu», dio Badiolak. Beste herri batzuetan ere badaude horrelako ekimenak abian. «Gertatzen dena da, eskola batzuk gu baino aurreratuago daudela zeregin horietan. Beraiekin elkartzen garenean aholkuak eskatzen dizkiegu». Beste eskolek beraiek prestatutako materiala ere uzten diete, esaterako fitxak, eta egunerokotasunean txertatzen dute material hori.
Lurra buelta emanda
Momentuz, baratzearen eremua markatu eta lurrari buelta eman diote. Eskola orduetatik kanpo egin zuten lan hori, larunbat batean. Haurrak zein gurasoak lanabesak eskuetan zituztela aritu ziren buru belarri. Gustura, ilusioz beteta egin zuten lana.
Eskola moduan, ordea, oraindik ez dute aukerarik izan bertara joateko. Negua da, eta horrek etenaldi txiki bat eragin du. «Nik uste dut ikasturte bukaeran, behin egindako lanaren fruitua ikusten dugunean, argazki politagoak egin ahal izango direla. Dena den, aurreko prozesua ere ederra izango da. Beharrezkoa, azken helburura iristeko».
Baratzeari hurrena itxura bat egingo diote animaliak bertan sar ez daitezen. Badiolak aipatu duenez berez baratzea da, hau da, «barazkiak landatzeko asmoa dugu, baina loreak eta landareak ere jarri daitezke. Ez dugu ezer baztertzen».
Eskolan lanketa zein maiztasunekin egingo duten ez dakite. Zaila da jakitea, hasierako prozesuan daude eta. «Nik uste dut beharraren arabera egin beharko dugula. Hau da, urtaroak eta baratzeak markatuko digutela maiztasun hori». Baratzeko produktuekin zer egingo duten ez dute erabat zehaztu, baina nahiko garbi dute zer egin. «Baratzea txikia da, eta ez du produktu asko emango, baina ziur asko haurrek etxera eramango dituzte. Guk haurrentzat beraiek landatutako hazietatik irtetzen diren barazkiak etxera eramateak garrantzia handia duela uste dugu. Ilusio berezia egingo die seguru asko, beraien izerdiarekin egindako zerbait etxera eraman eta jateak. Eta gainera, konturatzeak kalitate eta zapore bikainak dituela», dio Badiolak.
Lehen urratsa eginda
Gauzak egin ahala joango dira erabakiak hartzen. Egunotan, guraso arduradunak eta Ibon Badiola eskolako baratze arduradunak bilera egingo dute, eta bien artean erabakiko dute hemendik aurrera zein urrats eman. «Gauza asko daude borobildu gabe oraindik, baina ez dio inporta. Denboralditxo bat igaro da jada baratzea jartzeko ideia sortu zenetik, eta aurten garrantzia proiektua martxan ipintzeari eman diogu. Lehen urratsak emanda daude. Bestea joango gara zehazten».
Ilusiorik eta lanerako gogorik ez zaie falta, behintzat Zeraingo haurrei eta gurasoei zein eskolako irakasleei.