Gorka eta Jon Izagirre, Australian hasi eta Pariseraino, zaletasuna ogibide bihurturik
Txikitatik egin dutena eta gustuko dutena bizibide dute Gorka (24 urte) eta Jon (22 urte) Izagirre ormaiztegiarrek. Txirrindularitzaren gorenean dabiltza Euskaltel-Euskadi taldearekin. Denboraldia Australian hasiko du Gorkak, Mallocan Jonek. Gorkak Frantziako Tourrean hartuko du parte; Italiako Giroan Jonek. Kostata izan bada ere, bi anaiak elkartu eta errepasoa egin diogu euren txirrindularitza ibilbideari. Gorka eta Jon Izagirre anaiak, Euskaltel-Euskadiko taldeko txirrindulariak dira. Txirrindularitzaren gorenean dabiltza bi ormaiztegiarrak. Etxetik kanpo egun asko pasatzen dituzte eta biek egutegi ezberdina daukatenez, hitzordua jartzea zaila egin zaigu. Dena den, gabon inguruan elkarrekin izan dira etxean eta Gorka Australiara joan aurretik, hizketaldi luzea egin dugu. Kosta egin zaigu biokin batera hitzordua jartzea. Bat ez bazen bestea falta izaten izan zen etxean. Karreretan ere gutxi ibiltzen al zarete elkarrekin? Gorka: Gutxitan. Jon: Iaz denboraldi hasieran, Australian eta Mallorcan, eta klasikaren batean elkarrekin aritu ginen. Hortik aurrera, bakoitza bere aldetik. Gorka: Aurten Mallorcan eta Haut Varren ibiliko gara elkarrekin. Hortik aurrera gutxi. Entrenamenduak ere ezberdinak izango dituzue beraz. Gorka: Bai, gehienbat intentsitate aldetik. Nik denboraldia lehenago hasten dut. Jon: Ni otsailean hasiko naiz. Gorkak badaramatza hilabete batzuk entrenatzen eta nik gutxixeago. Txirrindulari gazteen helburua profesionaletara heltzea izaten da. Behin profesionaletara igotzea lortu ondoren, zein izaten da helburua edo [...]
Txikitatik egin dutena eta gustuko dutena bizibide dute Gorka (24 urte) eta Jon (22 urte) Izagirre ormaiztegiarrek. Txirrindularitzaren gorenean dabiltza Euskaltel-Euskadi taldearekin. Denboraldia Australian hasiko du Gorkak, Mallocan Jonek. Gorkak Frantziako Tourrean hartuko du parte; Italiako Giroan Jonek. Kostata izan bada ere, bi anaiak elkartu eta errepasoa egin diogu euren txirrindularitza ibilbideari.
Gorka eta Jon Izagirre anaiak, Euskaltel-Euskadiko taldeko txirrindulariak dira. Txirrindularitzaren gorenean dabiltza bi ormaiztegiarrak. Etxetik kanpo egun asko pasatzen dituzte eta biek egutegi ezberdina daukatenez, hitzordua jartzea zaila egin zaigu. Dena den, gabon inguruan elkarrekin izan dira etxean eta Gorka Australiara joan aurretik, hizketaldi luzea egin dugu.
Kosta egin zaigu biokin batera hitzordua jartzea. Bat ez bazen bestea falta izaten izan zen etxean. Karreretan ere gutxi ibiltzen al zarete elkarrekin?
Gorka: Gutxitan.
Jon: Iaz denboraldi hasieran, Australian eta Mallorcan, eta klasikaren batean elkarrekin aritu ginen. Hortik aurrera, bakoitza bere aldetik.
Gorka: Aurten Mallorcan eta Haut Varren ibiliko gara elkarrekin. Hortik aurrera gutxi.
Entrenamenduak ere ezberdinak izango dituzue beraz.
Gorka: Bai, gehienbat intentsitate aldetik. Nik denboraldia lehenago hasten dut.
Jon: Ni otsailean hasiko naiz. Gorkak badaramatza hilabete batzuk entrenatzen eta nik gutxixeago.
Txirrindulari gazteen helburua profesionaletara heltzea izaten da. Behin profesionaletara igotzea lortu ondoren, zein izaten da helburua edo ametsa?
Gorka: Mantentzea.
Jon: Ailegatzea ez da erraza, baina ailegatutakoan jarraitzea, urtez urte ikastea eta hobetzea izaten da helburua. Gauza gehiago etortzen badira hobeto, baina kategoria horretan ahalik eta urte gehiena mantentzea da asmoa. Azkenean, guri gustatzen zaiguna, txikitatik egin duguna da eta gustatzen zaigun horretan lan egitea ere estimatzen da.
Txirrindularitzarentzat ez dira garairik onenak.
Gorka: Urte dezente daramatzagu txirrindularitza ondo ez dagoela esanez. Baina azkeneko urteetan, Protourra eta liga hauek sartu direnetik lasterketak, hemengoak ere bai, desagertzen joan dira eta ondorioz, taldeak ere bai. Azkenean Formula 1en itxura hartzen ari da txirrindularitza. Talde indartsu-indartsuak ari dira sortzen eta besteak, txikiagoak, ez daukate hor mantentzeko aukerarik.
Jon: Batzuek dena daukate eta besteek ezer ere ez. Karrera batzuk daukate izen guztia, Protourrekoak, eta hemengo karrera txikietara, Ordiziara adibidez, ez datoz talde handiak.
Gorka: Dena desagertzen ari da eta oso muturreko egoera jartzen ari da.
Eta karrera berriak ari dira sortzen Txinan, Qatarren… dirua dagoen lekuetan.
Gorka: Kanadan ere bai. Errusian ere beste karrera bat sortuko omen da.
Jon: Omanen, Australian…
Gorka: Globalizatzen bezala ari da, baina betiko karrera txikiak desagertzen ari dira. Hemengoendako eta guretzako ere ez da batere erraza hemengo lasterketetara etortzea. Adibidez, iaz Tourra korritu nuen eta Tourra bukatu eta hurrengo egunean zen Ordiziakoa. Antolatzaileek duela bi urte nik irabazi nuenez, etortzea nahi zuten, niri ere gustatuko litzaidake etortzea, baina ezinezkoa zen.
Jon: Karrera handi horiek jan dute terrenoa. Talde txikiak etortzen dira horrelako lasterketea txikietara, diru askorik ere ez dago asko… Jendea ere ez da hainbeste bolkatzen, ez da jende asko azaltzen. Enpresek ere ez dute asko inbertitzen taldeak sortzeko. Ez da hain erraza mundu honetan sartzea. Badakigu gorabehera asko egon direla, beti dago positiboaren etiketa, eta enpresa askok ez dute sartu nahi. Zaila dago.
Txirrindularitzako gorena Tourra dela esaten da.
Jon: Hala da, oihartzun handia dauka. Munduko telebista guztiak joaten dira, eta nahiz eta txirrindularitza ez jarraitu, Tourra mundu guztiak ezagutzen du. Tourra korritzea, talde batentzat eta txirrindulari batentzat oso garrantzitsua da.
Gorka: Beste alde batetik, Protourraren eta globalizazio horretan, Liga horretan dauden lasterketa horiek, indar handia hartzen ari dira, Tourraren mailan jartzeraino. Puntuazio sistema bat dago eta Tourrak puntuatzen du, baina Australiakoak ere bai. Euskal Herriko Itzuliak ere bai, Kanadakoak, Txinakoak… Horiek denak maila berdinean daude eta inportantzia berdina daukate. Tourra Tourra da baina garrantzitsua dira besteak ere.
Jon: Babesleentzat oso garrantzitsuak dira azkenean. Puntuak lortzeko Txinako karreran ere ondo ibiltzea beharrezkoa da. Urte guztian ondo ibili behar da.
Gorka: Puntu nahiko lortzen ez bada mailaz jaisten zara eta mailaz jaiste hori, gaur egun behintzat, aberia handia litzateke. Protourrekoen eta Kontinentalen artean alde handia dago eta mailaz jaistea atzerapauso handia litzateke.
Jon: Futboleko liga bezala da. Bigarren mailako futbol talde bat bezala ibiliko ginen Kontinentalean.
Presiorik sentitzen al duzue?
Gorka: Denboraldi hasieran ez baina bukaera iristen denean bai. Txinan, Kanadan… azkeneko karrera horietan, justu zabiltzanean, hurrengo urtean zalantzan egon zaitezkeela ikusten duzu eta puntuak nola edo hala behar izaten dira.
Jon: Gu sekula ez gara talde irabazlea izan. Beste talde batzuek izarrak dituzte, guk Samuel daukagu, baina irabazleak ez gara izan sekula. Fitxaje aldetik ez daukagu abaniko zabal hori beste taldeek bezala, eta mugatuago gaude. Protourrean gaude oraindik, eta ahal dugun bitartean eutsiko diogu.
Babesleak aipatu dituzue. Goierriko enpresa batek, Ampok, egin zuen apustua. Gorka, zu, Contempolis Ampo taldearekin pasa zinen profesionaletara.
Gorka: Niretzat garrantzitsua izan zen oso. Ampo sortu ez balitz eta aukera hori emango ez balidate, ni seguruena, ez nintzatekeen nagoen tokian egongo. Ni afizionatu nintzela Fundazioak ez zuen niregatik apusturik egin eta azkenean beste bide batzuk bilatu behar izan nituen. Amporena sortu zen, hor sartu nintzen eta hor erakutsi nuen balio nuela. Nire aldetik, eskertzekoa da.
Contempolis Ampotik Euskaltelera pasatu zinen. Hotsak badabiltza Euskaltelek ez duela babesten jarraituko.
Gorka: Aurten bukatzen zaio babesle konpromisoa, baina egia esan nahiko lasai gaude. Uda hasterako nik uste gauzak nahiko argituta egongo direla, edo jarraitzen duten ala ez behintzat esango dutela. Horren arabera, geure bideak hartu beharko ditugu.
Jon: Nik behintzat, ez dut horretan pentsatzen. Guk gure lana daukagu, guk gure lan hori ahalik eta ondoen egingo dugu, errepidean, noraino ailegatzeko gai garen erakutsiko dugu. Zuzendaritzak ere bere lana ahalik eta ondoen egin dezala eta taldea ateratzen bada, ondo.
Gorka: Bakoitzak bere lana ondo egitea da gakoa.
Ziklo krosaren garaia da orain. Pena ematen al dizue ez parte hartzea?
Gorka: Handia! Profesionaletan nagoenetik beti galdetu eta eskatu izan dut, karreraren batean parte hartzeko baimena, gutxienez herrikoan edo Itsasondokoan… baina ez digute uzten.
Jon: Guri gustatzen zaigu ziklo krosa, bai neguko prestakuntza bezala, bai ziklo krosa bultzatzeko. Baina oraingoz ez daukagu baimenik.
Garai batean txirrindulari onek ere parte hartzen zuten ziklo kros probetan.
Jon: Orain ere batzuk korritzen dute, baina Euskaltelen filosofian ez da sartzen.
Gorka: Nire kasuan ulertzen dut, urtarrilaren 5ean Australiara noalako eta taldeak lesionatzeko beldurra izan dezakeelako. Baina Jonen kasuan, lasai hasi behar izanez gero, ez dut uste arazorik egon beharko lukeenik.
Jon: Erorketen aitzakia jartzen dute askotan baina zelaian erortzea hobea izango da, karreteran erortzea edo kotxe batek jotzea baino.
Zuk, Jon, lehenengo aldiz hartuko duzu parte hiru asteko lasterketa batean.
Jon: Nieve doa lider bezala eta ea ahal dugun bitartean laguntzen diogun. Telebistan oso erraz ikusten da sofan eserita, kaminoan jarritakoan ez dakit nola joango garen, baina gogoarekin nago.
Giroko portutzarrak ezagutuko dituzu beraz.
Jon: Oraindik ez dut askorik ikusi. Ez ditut ezagutzen baina gogorrak izango dira.
Gorka: Beste modu bateko portuak dira, hemen ez dago horrelakorik.
Zuk, Gorka, hiru asteko lasterketetan baduzu esperientziarik. Iazko Frantziako Tourrean parte hartu zenuen.
Gorka: Azkeneko momentuan joan nintzen Tourrera. Hasieran Girora joatekoa nintzen, baina Giroa baino ia hilabete lehenago Girora ez nintzela joango esan zidaten. Ez zidaten ezer ere esaten, Tourrerako ere ez… halako batean Asturiasko Itzulian beharbada Tourrean parte hartzeko bezala egongo nintzatekeela esan zidaten, baina ezer segururik ez. Suitza korritu eta gero, azkeneko momentuan esan zidaten Tourrera joango nintzela. Baina gustura. Beldurrarekin edo errespetuarekin joan nintzen, niretzako lehenengo itzuli handia zen eta. Hiru astean hor aritzea, gorputzak nola erantzungo dizun… beti beldur hori izaten da. Baina ondo.
Etaparen batzuetan aurrean ere ibili zinen.
Gorka: Bai, gustura. Dena eman genuen behintzat.
Zer moduzkoa iruditu zitzaizun hiru asteko karrera?
Gorka: Oso luzea. Lasai hartu beharrekoa. Momentu txarrak asko egoten dira, baina jarraitu egin behar, burua makurtu eta aurrera, helmugara iritsi eta horrela pasatu. Hurrengo egunean beharbada ondo zaude. Baina jakin egin behar da momentu horiek ere pasatzen.
Jon: Psikologikoki esaten dute dela gogorra. Bukatu. Hurrengo egunean berdin. Lekualdaketak…
Gorka: Lekualdaketak gogorrak dira. Lasterketak bukatu eta bi ordu autobusean. Giroa okerragoa da, lekualdaketa luzeagoak daude, bai lasterketa hasi aurretik, bai ondoren.
Tourrean, Pirinioetako etapetan zer sentitzen da?
Gorka: Ikaragarria da! Pirinioetako lehenengo etapako lehenengo portua igotzen hasi aurretik, aurreko herrietan, ikurrinak ikusten hasten zinen. Etxera gerturatzen ari ginela sentitzen nuen. Ikurrinak ikusi, oihuak…. Jakinda ondo zoazela, hazi egiten zara. Gustura.
Gorka
Dagoeneko Australian dago Gorka eta han hasiko du denboraldia: “Gero Mallorca, Haut Var Frantzian, Paris-Niza eta kriterium internazionala, Euskal Herriko Itzulia. Deskantsua. Maiatza bukaera aldera Alemania aldean hasiko nintzateke, Suiza edo Dauphine, gero txapelketak, eta gero Tourra. Hortik aurrera ez dakit”.
Gehien gustatu zaizun lasterketa: Karrera bezala, Flandeseko klasika. Baina gustatuko litzaidake Euskal Herriko Itzulia Euskaltelekin korritzea eta ondo ibiltzea.
Lasterketarik gogorrena? Tourra. Nik uste dut hiru asteko lasterketak kriminalak direla. Ez Tourra bakarrik, hiru asteko karrera guztiak. Hiru aste egote hori gogorra da.
Porturik gogorrena: Plateau de Beille eta Agnello.
Entrenatzeko leku bat: Goierri eta Sakana onenak direla esango nuke. Hau baino toki hoberik ez dut uste dagoenik, dena kontuan hartuta. Trafikoa, kaminoak, mendiak… Hemen dana daukagu.
Txirrindulari bat: Miguel Indurain.
Bidaietara beti eramaten duzun zerbait: Ordenadore eramangarria. Hoteletan wifia egoten da. Lehenengo gauza klabea galdetzea izaten da.
Urte Berriari zer eskatzen diozu? Osasuna.
Jon
Mallorca, Haut Var Frantzian, Almeria, Murtzia, Tirrenoa Italian. Iaz nahiko gustura gelditu nintzen lasterketa horrekin eta aurten gogo gehiagorekin noa. Flandes eta Rubaix klasikak, Castilla-Leon eta Giroa. Atsedena hartu ekaina partean, eta bigarren blokea aurtengoa antzekoa izango dut: Ordiziako klasika, Romandia…
Gehien gustatu zaizun lasterketa: Belgikako klasikak, Roubaix eta Flandes. Egia esanda, ez nituen oso ondo egin baina xarma berezi hori daukate. Afizioa, ibilbidea erabat ezberdina da… Oso gogorra da baina aldi berean polita.
Lasterketarik gogorrena? Nik hiru asteko karrerarik korritu ez dudanez, klasika horiek.. Down Underrekoak, Amstell… izugarrizko abiadan ibiltzen zara, aldapa motz baino labuarrak asko daude… oso gogorrak egin zitzaizkidan horiek.
Porturik gogorrena: Ez naiz gogoratzen. Italiakoren bat seguruena.
Entrenatzeko leku bat: Goierri inguru hau polita da. Tolosa aldeko bideak, Nafarroa aldera joan gaitezke… Beti ingurune honetan ibiltzen gara eta egia esanda nahiko lasaiak dira trafiko aldetik.
Txirrindulari bat: Ulrich. Txikitatik gustatu izan zait.
Bidaietara beti eramaten duzun zerbait: Ordenadore eramangarria. Pelikulak, musika, interneta… dena daukazu. Skypea ere badauka, familiarekin eta lagunekin hitz egiteko…
Urte Berriari zer eskatzen diozu? Kirol mailan, maila honetan jarraitzea, taldeak beste bi urte gehiagoan jarraituko balu polita litzateke. Hobetzen jarraitzea etengabe. Karreraren bat eroritzen bada hobeto. Pertsonalki, ondo gaude orain, beraz, orain bezala egotea.