Starblues eta Zea Mays taldeek joko dute San Blas jaietako lehen egunean
Ostiralean jai giroan murgilduko dira idiazabaldarrak. San Blas jaiak ofizialki otsailean hasten diren arren, asteburu honetan ere izango dute zertaz gozatua. Egitarauari hasiera emateko Starblues eta Zea Mays taldeen kontzertua antolatu dute ostiralerako. Sarrerak aldez aurretik erosi daitezke Idiazabalgo tabernetan, eta bost euro ordaindu behar dira bakoitzarengatik. Beasaingo Arranon, Ordiziako Sugarren, Zegamako Mordoxkan eta Lazkaoko Gerriko liburudendan ere eskuratu daitezke. Egunean bertan ere edukiko dituzte salgai pilotalekuan. Kasu horretan zazpi euroko prezioa izango du bakoitzak. Sokatira txapelketa Larunbatean arratsaldeko hiruretan herri mailako plater tiraketa txapelketa jokatuko dute Olaberriako tiro zelaian, eta bi ordu geroago Euskal Herriko Sokatira Txapelketa egingo dute pilotalekuan. Talde bakoitzean zortzi lagunek parte hartuko dute, eta gehienez 600 kilo pisatu ahal izango dituzte guztien artean. Txapelketa horren barruan bi jardunaldi puntuagarri jokatuko dituzte, eta Idiazabalgoa bigarrena da. Lehendabizikoa Ezpeletan (Lapurdi) egin zuten. Sailkapeneko lehendabiziko postuan Abadiño A (Abadiño, Bizkaia) geratu zen, hamar puntu lortuta. Amaiurrek (Amaiur, Nafarroa Garaia) bederatzi puntu eskuratu zituen, Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi) zortzi puntu, Ibarrak zazpi puntu, Sokarrik (Arrigorriaga, Bizkaia) sei puntu, Berriozarrek (Berriozar, Nafarroa Garaia) bost puntu, Abadiño Bk (Abadiño, Bizkaia) lau puntu, Txantreak (Iruñea, Nafarroa Garaia) hiru puntu eta Basaburua-Imotzek (Basaburua eta Imotz, Nafarroa Garaia) bi puntu. Conceyos (Asturias, Espainia) ez zuen [...]
Ostiralean jai giroan murgilduko dira idiazabaldarrak. San Blas jaiak ofizialki otsailean hasten diren arren, asteburu honetan ere izango dute zertaz gozatua. Egitarauari hasiera emateko Starblues eta Zea Mays taldeen kontzertua antolatu dute ostiralerako.
Sarrerak aldez aurretik erosi daitezke Idiazabalgo tabernetan, eta bost euro ordaindu behar dira bakoitzarengatik. Beasaingo Arranon, Ordiziako Sugarren, Zegamako Mordoxkan eta Lazkaoko Gerriko liburudendan ere eskuratu daitezke. Egunean bertan ere edukiko dituzte salgai pilotalekuan. Kasu horretan zazpi euroko prezioa izango du bakoitzak.
Sokatira txapelketa
Larunbatean arratsaldeko hiruretan herri mailako plater tiraketa txapelketa jokatuko dute Olaberriako tiro zelaian, eta bi ordu geroago Euskal Herriko Sokatira Txapelketa egingo dute pilotalekuan. Talde bakoitzean zortzi lagunek parte hartuko dute, eta gehienez 600 kilo pisatu ahal izango dituzte guztien artean.
Txapelketa horren barruan bi jardunaldi puntuagarri jokatuko dituzte, eta Idiazabalgoa bigarrena da. Lehendabizikoa Ezpeletan (Lapurdi) egin zuten. Sailkapeneko lehendabiziko postuan Abadiño A (Abadiño, Bizkaia) geratu zen, hamar puntu lortuta. Amaiurrek (Amaiur, Nafarroa Garaia) bederatzi puntu eskuratu zituen, Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi) zortzi puntu, Ibarrak zazpi puntu, Sokarrik (Arrigorriaga, Bizkaia) sei puntu, Berriozarrek (Berriozar, Nafarroa Garaia) bost puntu, Abadiño Bk (Abadiño, Bizkaia) lau puntu, Txantreak (Iruñea, Nafarroa Garaia) hiru puntu eta Basaburua-Imotzek (Basaburua eta Imotz, Nafarroa Garaia) bi puntu. Conceyos (Asturias, Espainia) ez zuen taldea osatzeko aukerarik izan eta beraz, punturik gabe geratu zen.
Bi probetan ateratako puntuak kontutan hartuta denborarik onena egiten duten sei taldeak izango dira finalean. Proba hori Berriozarren jokatuko dute, otsailaren 11an.
Bertso saioa
Igandean, besteak beste, bertso saioa egingo dute pilotalekuan. Ekitaldi hori Nazioen Mundua herri ekimenak antolatu du, eta bertaratzen direnek Alaia Martin, Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Jon Maia, Aitor Sarriegi eta Andoni Egaña bertsotan entzuteko aukera izango dute.
Jende askoren lanaren frutua
Datorren igandean San Blas jaien barruan, Idiazabalgo Herri Krosa egingo dute. Aurtengoa antolatzen duten 32. aldia da. Ekitaldi hori aurrera eraman ahal izateko lan asko eta desberdinak egin behar izaten dituzte. Antolatzaileen taldea esaterako, azaroan hasten da lanean. Hainbat zeregin izaten dute: eskutitzak prestatu dendei, enpresei eta taldeei produktuak zein diru-laguntzak eskatzeko, kartela prestatu eta Euskal Herriko hainbat lekutan jarri, zozketarako produktuak jaso eta erosi…
Behin lan horiek eginda egunean bertan ere zeregin ugari egoten da, besteak beste, trafikoa bideratu eta kotxeei aparkatzen lagundu, salda prestatu eta zerbitzatu, zozkatutako materialak korrikalariei eman, datuak ordenagailuan sartu eta bideo kamarekin dena grabatu.
Guztira 55bat lagun aritzen dira lanean egun horretan. «Krosa, beraz, herritar askoren izerdiaren fruitua da. Gutxieneko kalitatea eman ahal izateko jende guzti horren beharra dugu, eta esker oneko hitzak ditugu haientzat guztientzat», dio Xabier Intsausti antolatzaileak.
Lasterketa bukatzearekin ez dira antolatzaileen zereginak bukatzen. Sailkapenak errebisatu, korrikalarientzat diplomak prestatu, gauzak txukun jaso eta balorazioa egin arte lanean jarraitzen dute. Behin zeregin horiekin bukatu eta gero lanean aritu diren guztiek afaria egiten dute sagardotegian, antolatzaileek gonbidatuta «egindakoa behar bezala borobiltzeko».
Telleriari omenaldia
Beatriz Telleria antolatzaileen taldeko kidea zen 1997tik, eta iaz hil zen gaisotasun baten ondorioz. Intsaustiren hitzetan «hari esker lanerako tresna gisa ordenagailua erabiltzen hasi ginen, eta programa berezia sortu zuen Idiazabalgo kroserako». Horrez gain, krosaren logoa, azeri korrikalaria ere berak egin zuen. Telleriak egindako lana eskertu nahian, omenaldi xumea egingo diote proba nagusiaren aurretik. Bere alargunari eta semeari koadro bat eman ondoren minutu bateko isilunea egingo dute.
Hona ostiraletik igandera bitarteko egitaraua:
OSTIRALA
-23:00. Starblues eta Zea Mays taldeen kontzertua Igarondo pilotalekuan.
LARUNBATA
-15:00. Herri mailako plater tiraketa txapelketa, Olaberrian.
-17:00. Euskal Herriko sokatira txapelketa pilotalekuan.
-18:30-21:00. Sagardo eta gazta dastaketa pilotalekuan.
-20:00. Txistulari alardea Zelaako kiroldegian.
IGANDEA
-10:45. Idiazabalgo XXXII. Herri Krosa. 10:45ean hasita benjaminek, alebinek eta infantilek korrika egingo dute, 12:00etatik aurrera, kadeteek eta helduek.
-17:00. Umeen danborrada.
-18:30. Bertso jaialdia pilotalekuan, Nazioen Mundua herri ekimenak antolatuta.