Kutxako gobernu organoan besteak beste Ormaiztegirekin taldea osatzeari baiezkoa eman dio Urretxuko udalbatzak
Urretxuko Udalak Kutxaren gobernu organoan Ormaiztegirekin, Azkoitiarekin, Oriorekin, Oreretarekin eta Zarautzekin taldea osatzeari baiezkoa eman zion pasa den ostiralean. Hala onartu zuen udalbatzak, aldeko sei bozkarekin (Bildu), kontrako laurekin (EAJ) eta hiru abstentziorekin (PSE-EE eta H1!). Honez gain, Kutxabank erakundeko Administrazio Kontseiluaren eraketan eta osaketan “interes guztiak ordezkatuta ez daudela” dioen mozioa ere onartu zuten, bozka emaitza berarekin.
Mozioak Kutxabankeko administrazioa bi alderdik “modu baztertzailean” kontrolatzen dutela zioen eta gipuzkoarren interesak ez daudela behar bezala ordezkatuta. Mozio honek eztabaida luze bat sortu zuen. Hasiera batean, gainera, PSE-EEk eta Bilduk adostutako testua behar zuen, baina PSE-EEko zinegotziek adostasun hori apurtutzat eman zuten ostiraleko bilkuran. Hala, PSE-EEko zinegotziak abstenitu egin ziren azken bozketan.
EAJko Itziar Agirrek eztabaidari heldu zion, gaia ez dela politizatu behar esanez. Eurek, Administrazio Organoan hogeitik hemezortzi postu izan zitzaketela ere esan zuen, baina beste taldeak integratzeko “borondatea” erakutsi dutela, euren karguak hamarrera jaitsiz. Gipuzkoak izango duen pisua ez dela jaitsi, eta oraindik ere beste taldeen intergazio hori bilatzeko prest daudela esan zuten. Oihane Zabaleta alkateak erantzun zionez, “gipuzkoar gisa begiratuta, guztiok galtzen dugu”, eta aldi berean, Bildu baztertzea erabaki dutela ere salatu zuen. Agirrek, baztertuta dagoena, bere borondatez baztertu dela erantzun zion. PSE-EEko Javier Martin zinegotziak eztabaida Sasieta Mankomunitateko ordezkaritzarekin nahastu zuen gero. Hamaikabat alderdiko Luis Angel Tellezek, azkenik, gaiak udalbatza “gainditzen duela” esan zuen.
Kutxaren gobernu organoan, taldea zein herrirekin osatuko duten zehaztu bazuten ere, Oihane Zabaleta alkateak euren ordezkaria nor izango den argitu gabe dutela argitu zuen.
Udalbatzarrak gehiagorako ere eman zuen. Javier Martin zinegotziak Urretxun bosgarren edukiontzia noiz jarriko duten galdetu zuen, Zumarragan aurki jarriko dutenari erreferentzia eginez. Unai Badiola zinegotziak, hori eurek esan beharko zutela erantzun zion, PSE-EEk, H1!ek eta EAJk Urretxuk Sasietan duen ordezkaritza adostu zutela, eta Bildu kanpoan utzi zutela gogoratuz. Eztabaida luzatu egin zen.