ELAren ustez negoziazio kolektiboa eta mobilizazioa dira langileen egoera hobetzeko giltzarriak
Goierriko ELA sindikatuaren ustez, langileak ari dira, “errurik izan gabe, krisiaren ondorio latzak ordaintzen”. Hori dela eta, “negoziazio kolektiboa eta mobilizazioa” dira, ELAren arabera, “langile klasearen egoera hobetzeko bide bakarra”. Hala, euskal gehiengo sindikalak deituta, otsailaren 4an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.
Xabier Olaizola Goierriko ELAren metal arloko arduradunak azaldu duenez, “urte eta erdiko epean, bi lan erreforma, pentsioen erreforma bat eta negoziazio kolektiboaren erreforma bat” egin dituzte arduradun politikoek. Gainera, “patronalaren eta sindikatu espainolen artean lau akordio murriztaile” sinatu direla gogorarazi du, eta “aurrekontu publikoetan murrizketa ikaragarriak” izan direla.
Egoeraren larritasuna adierazten duen datu bat, langabeziarena da. Goierrin 3.661 langabeturekin bukatu zen 2011. urtea. Datu hori, 2008arekin alderatuta, bikoitza da ia; orduan, 1.869 lagun baitziren lanik gabe zeudenak. Zerbitzuen sektorea izan da kaltetuena; haren atzetik daude industria eta eraikuntza. Adina eta sexua kontuan hartuta berriz, 25 eta 44 urte arteko emakumearena da egungo langabetuaren perfila.
ELAko kideen ustez, langabeziaren datuek garbi uzten dute “gobernuek eta sasi-akordioek burutzen ari diren erreformak eta murrizketak, langabezia gutxitzea baino, enpleguaren eta gizarte babesaren kalterako besterik ez direla izan”. Xabier Olaizolak larritzat jo du “gobernatzen gaituztenen aldetik inolako erantzukizunik ez sentitzea”.
Mikel Zabaleta Goierriko ELAren arduradunaren hitzetan, orain arte martxan jarri diren politikak aldatu egin behar dira; “ezinbestekoa da herritarren eta langile klasearen aldeko politika bat egitea, krisia eragin dutenen eta sistema bidegabeaz probetxua ateratzen jarraitzen dutenen erantzukizuna bilatzen duena”.
Hori guztia dela eta, “Goierriko eta Euskal Herri osoko langileak informatu, antolatu eta mobilizatu” egin behar direla uste du, “gure eskubideen alde, beste inork ez baitu guregatik lan hori egingo”. Hala, larunbat honetan Bilbon egingo duten nazio mailako manifestazioan parte hartzeko deia egin du.