«Neguaz gain, beste fenomeno batzuk batzen dira egoera hau sortzeko»
Jose Ignazio Landaluze (Bilbo, 1959) Zumarragako ospitaleko mediku-zuzendaria izan da orain gutxira arte. Egun, osasun kudeaketa unitatearen burua da. Medikua da bera, eta unitate horretatik pazienteen arreta zerbitzua, gizarte laguntzarekiko zubi lana, kontsultak eta ospitaleko oheen antolaketa egiten du Landaluzek. Barruko zerbitzuen kudeatzailea da, alegia.
Urtarrila hasi zenetik ospitalea «beteta» dagoela dio. Zumarragako ospitaleak 130 ohe ditu. Arrazoiak hainbat fenomenoren batuketan oinarritzen ditu medikuak. Egoera ez dio, bereziki, gripeari egozten.
Zergatik dago ospitalea beteta, sasoiarekin lotuta al dago?
Ospitale guztietan gertatzen den fenomeno bat da. Batez ere, klimarekin lotuko nuke, baina ez bakarrik. Sasoiaren ezaugarriek badute eragin bat biztanlegoaren osasunean. Orain, pazienteen eskaera handiagoa da, ospitalea beteta dago, baina ez nuke gripearekin zuzenean lotuko. Egun hauetan hasi gara gripearen presentzia nabaritzen, eta urtarrila osoan ospitaleko eskaria handiagoa izan da, gabonetatik, hain zuzen ere.
Zeintzuk dira ospitalea beteta egotearen arrazoi zehatzak?
Gero eta nagusiagoak dira gure pazienteak, patologia anitzak dituzte gehienetan. Neguan beren egoerak okerrera egiten du. Haurrengan ere, urtaroak eragiten du. Arnasketa arazoak sortzen dituzten birusak direla, bronkio infekzioak direla, pediatria arloak duen eskaria handitu egiten da sasoi honetan.
Ospitaleak nola egiten dio aurre egoera honi?
Irtenbidea gure baliabideekin aurkitzen saiatzen gara, ospitalean bertan. Baina, oherik ez badago, beste ospitaleetara bidali behar ditugu gaixoak, Donostiara, Arrasatera edo Mendarora. Saiatzen gara, hala ere, horrelakoak ahalik eta gutxien gerta daitezen.
Orduan, negua al da faktore nagusia?
Bai, baina ez da faktore bakarra. Astean zehar badaude egun batzuk besteak baino zailagoak direnak. Esate baterako, asteburuak; zuzenean etortzen dira pazienteak ospitaleko larrialdietara. Gure ustez, lehenengo mailako arreta zerbitzuetatik igaro behar dira gaixoak, ospitalera etorri baino lehen. Asteburuetan zuzenean ospitalera joateko joera handiagoa da.
Zuen lanean, aurreikusi ezin daitekeen hainbat egoera ere egongo da, ala?
Aurreko guztiari batzen zaizkio, adibidez, aurreko asteazkena bezalako egunak. Zazpi pertsona nagusi ospitaleratu behar izan genituen. Guztiak erorketa baten ondoren etorri ziren, egun berean. Aldez aurretik egin dezakegun gauza bakarra da, ospitaleko oheak ahalik eta azkarren mugitzea. Hala eta guztiz ere, batzuetan ez da nahikoa.
Helburua zein da, pazienteak ahal bezain pronto euren etxeetara joatea?
Bai, hori da gure filosofia. Behin arazoa konponduta, pazienteak hobeto osatzen dira beren etxeetan. Baina aldaka puskatu duen nagusi bat ezin dugu bere etxera bidali, bera zaindu dezakeen inor ez badu etxean. Hori izan ohi da egonaldien luzapenaren arrazoi bat.
Egoera horrek gizarte gaia bihurtzen al du osasun gai bat?
Beste erakunde batzuk behar ditugu, esate baterako, senar-emazte nagusi baten kasuan. Ospitaletik atera eta beste erakunde batzuetara eraman behar dira pertsona hauek, han osatu daitezen. Horretarako gizarte zerbitzuak behar ditugu.
Ebakuntzak egiteko zain dauden pazienteak ere badaude.
Bai, sei hilabeteko epearen barruan programatutako ebakuntzak egiten ditugu. Guztiok nahi dugu berehala ebakuntza egitea, baina guk ospitaleratzen ditugun pazienteen eta operazioak egitera datozen gaixoen arteko orekari eutsi behar diogu. Ospitaleratutakoen kopurua bat-batean igotzen denean ere, ezin ditugu ebakuntza-gelak geratuta eduki.
Eta pazienteei zertan eragiten die egoera honek guztiak?
Kolapso hitza aipatzen dutenak badira. Gure ustez, kolapsorik ez da ematen, baina larrialdietako eskaera handitzen bada, erantzuteko denbora zabaldu egiten da derrigor. Atean jende asko dugu zain, eta zerbitzua moteldu egiten da, horrek sortzen dituen deserosotasunekin. Guk, gure aldetik, hainbeste pazienteri aldi berean erantzuteko gaitasunik ez dugu. Horregatik, lehenengo mailako arreta zerbitzuak erabiltzearen aldekoak gara, aurreneko pauso bezala.
Hori larrialdi zerbitzuei dagokienez, baina ospitaleko eguneroko martxan, pazienteei nola eragiten die oheak beteta egoteak?
Honek guztiak gaixoei eragiten die, noski. Txandakatzeak edota unitateetan halabeharrez egiten ditugun mugimenduak deserosotasunak sortzen dizkie pazienteei. Gaixoak eta senideak beste ospitale batzuetara ez bidaltzen saiatzen gara. Beste erremediorik ez dugunean baino ez ditugu bideratzen. Dauzkagun oheak ditugu, gehiago ez. Ospitaleko lan taldeak eginahalak egiten ditu ahalik eta arreta onena emate aldera.
Paziente kronikoen hazkundeari erantzuteko Goierriko osasun zerbitzu guztiak bateratu dituzue Zumarragako ospitaleko zuzendaritzan. Zer deritzozu?
Europa osoan ari dira gai hau aztertzen, eta irtenbidea bilatzen. Nire ustez, osasun zerbitzuek XXI. mendean izango duten erronkarik handiena da paziente kronikoen beharrei erantzutea. Gero eta gehiago luzatzen ari da bizialdia, eta patologiak batu egiten dira zahartzaroan. Erantzuna ematea zailagoa da, koordinazio gehiago eskatuko digu osasun zerbitzuen barruan, baita gizarte zerbitzuekin ere.













